Herriz Herri - Senpere (L) | 2019ko Urtarrilaren 24a
Senpere
Dantza eta arte bisualak igandean:
Antzeztokian, I-GLU izeneko kupula aurkitzen da. Mota guzietako sortze eta hozialdiendako egokia den bizitoki goxoa eta lasaia da. Aterpe bat ote da? Animale-basa ziloa? Kanpamendu bat? Edo, menturaz, aldatuz doan paisaia bat? Baratze trankil horretan, marika bat ametsetan ari da, musika soinuekin dantzan ari da. Bidaia aberasgarri eta xoragarri batetarat gomitatzen gaitu, ninika gazteen hazkuntza eta garapenaren bideetan barna. Holako iduriez gozatzera joaiten ahal gintazke urtarrilaren 27an (10:30), igandearekin Larreko kuturgunean. Ikusgarriaren iraupena oren bata eskas, 3 urtetatik goiti, prezioak 10€, 6€, 4€ (adinaren arabera), erreserbak deituz 06 35 16 25 91 edo www.kultura-bidean.eu web gunean. Euskal Elkargoa da ikuskizunaren antolatzailea eta sarrerak aurkitzen ahalko dira ere Larrekon bertan.
Futbolarien xukruta Inharrian:
Orain ohikoa bilakatu den xukruta partekatzea iraganen da otsailaren 2an larunbatean, eskuratzea 17:00etatik 20:00ak artean. Parte bakoitza 9 eurotan finkatua da, familian edo lagunen artean jateko parada eskainia da, haatik erreserbak beharrezkoak dira urtarrilarren 31 aitzin, deituz 07-71-07-71-59, 06-09-11-36-78, edo 06-43-78- 96-40. Senpereko Kirol Batasuneko Futbol sekzioak plantan ezartzen du ekimen hori, aktibitate hori 150 kidek osatzen dute, zango-baloi eskolatik helduen talderaino.
Udako enpleguak:
Urtero bezala Herriko Etxeak lan eskaintzak zabaltzen ditu gazteeri uda huntarako. Hortarako lehenbailehen, martxoaren 1a aitzin, izen emaitea beharrezkoa da Herriko Etxean bertan edo hunen web gunean.
Errugbia doluan:
Gaur ez dugu kirol emaitzarik aipagai, bakarrik keinu ttipi bat Beñat Ladebat pausatu denari Urruñan 71 urterekin. Gogoratu behar dugu, senpertar mutil hunek Urruñar bilakatu aitzin ezkondu zelarik, lehenbiziko errugbi taldean parte hartu zuela. Bainan ororen gainetik musa izan da bere biziaren motorrea, joko hunen pasioneak ibilbide asko eginarazi dazko. Izan Mus Federakuntzan edo Union Basque mailan arduradun suhar hunek bazakien ere bolondres gisa mus lehiaketak antolatzen elkarteen laguntzeko. Gure atxikimendu zintzoena doala heriotze hunek hunkitzen duen familia guziari.










