Herriz Herri - Hazparne (L) | 2019ko Urtarrilaren 24a
Hazparne
Suhiltzaileak
Urtarril osoan eginen dira agiantzak: elkarte askok beren biltzar nagusiaren egiteko erabiltzen dute frango kalmea den urteko lehen hilabete hau. Urtarrilaren 6an bildu dira herriko suhiltzaileak eta eman dituzte jazko berriak: 483 aldiz atera dira, aitzineko urtean baino guttiago: jendeen laguntzea, bideko istripuak, suak eta beste... Orohar, 54 ateraldi guttiago izan dira. Batzuk sari eta ohoreak ukan dituzte. Suhiltzaile batzuen nagusiak eskertu dira ere, hauek, lan denboran formatzeko eta ateratzeko ahala emaiten baitiete. Denen eskerrak merezi dituzte hain beharrezkoak ditugun pertsona horiek.
Elizako organoa, eri handi
Arrabots bereziak eta soinu traketsa ateratzen du elizako organoak... Hortaz diagnostiko baten egitera deitu den espertak dio tresna hilzorian dagola. Egoerari buru egiteko eta gogoetatzeko, elkarte bat sortuko da. Norbaitek parte hartu nahi badu, erretora deit dezala edo mail bat igor: 05-59-29-60-07 edo domerrecart@gmail.com
Kabaret gaua
Urtarrilaren 26an, larunbatean, Berria trinketean, Anna Smile & Cie taldeak, Rêve deitu ikusgarria emanen du (20:30). Dantzan eta kantuz ariko dira zortzi artista, molde goxo eta irringarrian.
Mus zein gehiagoka
Haitzmendi bateria-fanfarak mus zein gehiagoka bat apailatzen du urtarrilaren 27an, igandez, berotua izanen den Mendeala gelan. Finalerat helduko direnek 500€ eta 250€ ukanen dituzte. Beste parte hartzaileendako ere sari andana ederra bada. Izen emaitea 14:00etan hasiko da. Jateko eta edateko moldea aurkituko da tokian berean.
Korrika
Badakigu orai apirilean iraganen dela 2019ko Korrika: 4tik 14ra. Euskal Herri osoan ibiliko da lasterka, Gares (Puente la Reina) herritik abiatu eta Gasteizen bukatzeko. Hazparnetik ere pasatuko da apirilaren 7an, arratsaldeko 3ak irian. Elkarte, familia edo lagun talde batek eros dezake bere kilometroa, gisa hortan Gau Eskolak lagunduz. Horren egiteko aski da iparraldea@korrika.eus gunera joaitea.











