Herriz Herri - Itsasu (L) | 2019ko Urtarrilaren 24a
Itsasu
Agiantzen aurkezpena
Urtero bezala garai huntan, herriko auzapezak eta kontseiluak beren agiantzak aurkeztu dituzte joan den larunbatean Sanoki gelan, eta saristatu iragan urtean herria ohoratu duten herritarrak. Gisa hortan, pilotari gazteak izan dira lehenik sarituak: Iban Saldumbide eta Iban Errecart, Frantziako xapeldunak plaza libroan 2018an. Ondotik Battitta Ducassou, urrezko medaila irabazirik munduko xapelgoan trinketean buruz-buruka. Eta azkenik herriko medaila eskainia izan zaiote Fagaldeko Angèle eta Xani, hainbat urtez herritarren alde "zerbitzu" asko eginik. Ez baitute segur "ebatsia"! Zorionak guzieri eta urte berri on herritar guzieri!
Adinduen bazkaria
Urtero herriko CCAS batzordeak bazkari bat eskaintzen du 65 urtez goragoko herritarreri. Bazkari hau eginen da aurten otsailaren 7an, ostegunez, Sanoki gelan. Izenak eman behar dira edo zuzenean Herriko Etxera edo Idekia elkarteari, otsailaren 2a aitzin.











