Herriz Herri - Uztaritze (L) | 2019ko Urtarrilaren 23a

Uztaritze

Koloreak abesbatza
Koloreak%20abesbatza

Eskuz-Eskuren biltzar nagusia

Joan den ortzegunean iragan da Lapurdi gelan. Egiazki bizi den elkarte bat bere 185 kiderekin, denak erretretan. Biltzar nagusira 140 bat dira bildu. Edmond Etcheverry lehendakariak agurra eginik, Marie-Hélène Lalanne idazkariak eman du iragan urteko ekintzen berri, Izan dira St Etienne d'Orthe herrian zurezko eskalapoin egile baten bisitatzen, interesgarria kausitu baitute. Ateraldiak urtean zehar segitu dituzte Gernika bisitatuz eta San Juan de Gaztelugatxe nun dagon ikusiz; irailean Portugaleko bidaiaren aldi zuten Lisboa, Porto eta Fatiman ibiliz; urrian Gamia ostatura urtxo dastatzera (nolaz ez sasoin hortan) eta abenduan Arruntzan Eguberriko bazkaria, ziotenaz giro hoberenean. Diru kontuak osoki orekatuak agertu ditu diruzainak. Txosten guziak aho batez onarturik, aurtengo egitasmoen aldi eta bada zer onik: otsailaren 15ean bisita Donostia eta Urnietara; apirilean bi egun Bardeetara; ekainaren 22an bazkaria Pourteau jatetxean Jatsun; agorrilaren 3an mus lehiaketa Etxehasian (badakigu anitzek maite dutela karta joko hori); irail erditan Asturias-etara 5 egunez; urriaren 19an ihizi apairu bat Larresoron eta abenduaren 7an ohiko Eguberriko bazkaria. Denise Cedarry herriko axuantak bere hitzaldian sustengatu ditu aitzina segitzera. Errege bixkotx jate batekin eta hurrupaldi batekin bukatu da biltzarra.

Ur Begik ere biltzar nagusi

Elkarte hunek ere egin du berea joan den ortziralean hasieran oroitaraziz Country dantza taldea berexi zitzaiela joan den maiatzean bere gain jartzeko. Alain Laborde lehendakariak denak agurtu ondoan sail bakotxeko ordezkariak eman du berearen berri: Bernadette Errotabeherek ibiltariez (bidetan edo mendietan), Anttoni Zubirik Plazerrekin kantu taldeaz, Aguxtin Errotabeherek iragan martxoan iragan ziren mintzaldietaz, Solange Verrichon-ek kreazio tailer batzutaz eta Jean Claude Altzumart-ek mutxiko ikastaldietaz. Bainan beste ekintza frango ere izan dira bestalde: Hartzaro festibalean parte hartzea, ateraldi kulturalak Donostia San Telmon eta Larresoron, eta antzerki antolaketa (Larrazkeneko loreak taldearekin). Sail berri bat ere abiatu dute 2018an: sukaldaritza, pintxo lehiaketetan parte hartuz Heraitzen lehenik eta Uztaritzeko bestetan, huntan eskuratzen zutela lehen saria. Ez da erraite beharrik elkartekideak ez daudela alfer. Diru kontu orekatu batzuen txostena eman ondoan agertu dituzte aurtengo egitasmoak hala nola bost mintzaldi izanen diren otsail eta martxoan (geroago jakinaraziko ditugunak hemendik ere), kantaldi batzuk, Hartzaro festibalean Txilindron lehiaketan parte hartzea aurten eta beste ohiko ateraldi, ibilaldi eta abar... Denentzat izanen da denak osatzen badira. Adixkidantzako zintzur bustitze eta janariekin bukatu da biltzarra.

Adinekoen aratsaldekoa

Aitzineko urtetan bezala Herriko Etxeak eskaini du jende heldueri aratsaldeko bat errege bixkotxak dastatuz. Denise Cedarry axuantak ongi etorria egin du erranez zer egitasmo duen herriko laguntza sozialen zentroak heldueri buruz adibidez: tailer desberdinak (sofrologia, lasaialdia, nor bera bere etxean ongi izaitea) Soliha erakundeko arduradun batekin; apirilean dantzaldi bat gazteen espazioa partaide; ateraldi-ikastaro bat Biperraren Etxera eta ekainean bidetako prebentzioaz tailer bat. Bilgunera bilduak ziren 140 presunek anitz estimatu dute eskaintza hori ''Koloreak'' emazte abesbatzak bizi eder bat eman zuela aratsaldeari beren boz xoragarriez. Eskerrak hartze dituzte denek.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3483. zbk

Zozo aberatsa beti aberatsa da Zozo pobrea beti zozoa

(Anatole France)

Gure Hitza | 2019/01/24

Lehendakariari dolamena

Peio Jorajuria

Izendapen frango erabiltzen ditugu hiru hilabete hauetan frantses lurraldean bazterrak harrotzen ari dituen sozial mugimendua izendatzeko: jaka horiak, palto horiak, atorra horiak, txaleko horiak, horiz jantziak, jantzigaineko horiak, soingaineko horiak, barneko horiak, barnekomotz horiak... Laborari aldizkarian, Jean-Louis Davanten lumapean, zubereraz beraz, "kasabet holliak" ere irakurtu dut. Zenbat hitz errealitate bakar baten izendatzeko!

Joan den urri erditan abiaturik, mugimendu sozial horrek beti dirau. Eguberri garaian hatsantzen ari zela ematen zuen bainan hor dugu beti bizkor. Dolamen kaierak ari dira loratzen. Aitortu behar da, haatik, eskakizunak halako nahas mahas burtzoragarrian aldarrikatuak direla, zaku berean ezarririk onddo kasko beltz murtxagarriak, biper biziak, marrubi kutsatuak, aza buru borobilak, patata ustelak eta arroltze kolokak. Atxikitzekoak bezainbat botatzekoak. Zer biharamun ukanen ote dute dolamen horiek? Satisfamendu baino frustrazio...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016