Hegoaldean | 2019ko Urtarrilaren 31a
Hegoladean
Mikel Antza aske
Mikel Albisu "Antza" ETAko buruzagi historiko ohia aske gelditu da Madrilgo aireportuan, Frantziak kanporatu eta Espainiaratzeko hegazkin batean sartu eta gero. Barajasera heldu bezain laster, poliziak libro utzi du, Espainian ez baitu auzibiderik irekia. Mikel Antzak 1985ean egin zuen ihes, Martuteneko espetxean Joseba Sarrionandiari eta Iñaki Pikabeari ihes egiten lagundu eta gero. 2010eko abenduan, 20 urteko espetxe-zigorra ezarri zioten, ETAk Frantzian zuen buruzagi politikoa izateagatik.
Oier Gomez presoaren heriotzea
Aldiz berri iluna, Oier Gomez preso ohi gasteiztarra hil da Baionako ospitalean, 2017an Frantziako justiziak libro utzi zuenetik hilabete gutira. Etxeratek jakitera eman duenez, Oier Gomez 35 urterekin minbiziagatik zendu da.
Irungo mugan, migratzaileen alde
Ehunka pertsonak manifestatu dute migratzaileen eskubideen alde, Hego eta Ipar Euskal Herriaren arteko muga zeharkatuz, Irungo Harrera Sareak deiturik. Harrera duina eta osoa eskatzen dute migratzaileentzat, horietako asko Europarako bidean dira. "Euskal Herria, Harrera herria. Liberté de circulation, égalité des droits. Dignidad, derechos y alternativas". Mugitzeko askatasuna, eskubideen berdintasuna, duintasuna, eskubideak eta aukerak lelopean, migratzaileen mugitzeko eta ibiltzeko askatasuna aldarrikatu dute. Frantziako estatuak Espainiara bidaltzen ditu berriz muga zeharkatzen entseatzen diren asko.
Gripeak 44 biktima
5 lagun hil dira azken astean Euskal Autonomia Erkidegoan gripeak jota. Orotara 44 pertsona hil dira gripearen denboraldia hasi denetik Hegoaldean, eritasun horren ondorioz. Urtarrilaren 14tik 20ko astean, gripe kasuek azkarki gora egin dute. Denboraldia hasi zene tik, 704 pertsona ospitaleratu behar izan dituzte; horietatik 239, egoera larrian. Erien batez besteko adina 67 urtekoa da.
Altasuko auzia
Altsasuko auziaren epaia berrikusteko saioa egin dute Auzitegi Nazionaleko Apelazio gortean. Altsasuko gazteen defentsak eskatuta, sei lekuko berrik deklaratu dute. Epaiketan ere eman behar zuten beren testigantza, baina orduan ez zieten utzi. Lekuko horien arabera, Julen Goikoetxeak eta Jon Ander Cobek ez zuten Koxka tabernan izan zen liskarrean parte hartu. Cob gau hartan, Koxka tabernan izan ez zirela azpimarratu dute. Salaketa jarri zuten bi guardia zibileko baten bikotearen lagunak ere deklaratu du, eta horrek ere gisa bereko adierazpenak egin ditu. Julen Goikoetxea eta Jon Ander Coben abokatuen iritziz, saioan agerian gelditu da ez dagoela iñolako frogarik gazteen kalapita hartan parte hartu zutela segurtatzeko. Epaia biktimek, guardia zibilek emandako lekukotasunean soilik oinarritzen dela salatu dute.
Felipe VI.ari 'Bizkaiko Jauna' titulua kendu ala ez bozkatuko dute Batzar Nagusietan
Bizkaian, monarkiari, Felipe VI erregeari "Bizkaiko Jauna" titulua kentzea eztabaidatu eta bozkatuko dute Batzar Nagusietan, EH Bilduren ekimenez. EH Bilduk idatzi horretan dioenez, Espainiako erregeak, beste hainbat tituluren artean, "Bizkaiko Jauna" titulua du. Gauzak horrela, Felipe VI Espainiako erregea bilakatu zenean, "Bizkaiko Jauna" izendatua izan zen. Koalizioak azpimarratu duenez, "egungo Bizkaiko gehiengo sozialak inoiz ez du aukerarik izan monarkia nahi duen ala ez aukeratzeko". "Esan dezakegu bizkaitarrok ez dugula monarkia berrestu. Are gehiago, 1978ko Espainiako Konstituzioa, zeinaren ondorioz Juan Carlos Borboikoa Estatu Buru gisa geratu zen, Euskal Herriak ez zuen onartu", dio testuak. EH Bilduren iritziz, Felipe VI Espainiako erregeak ez du titulua merezi, "anakronismo historikoa" dela alde batera utzi eta.
Eskumen Transferentziak negoziatzeko egutegia jaso du Jaurlaritzak
Gernikako Estatutuan lortu transferentzien negoziazio egutegia ezagutu du Eusko Jaurlaritzak. Egutegi horretan, heldu diren 12 hilabeteetan landu beharreko gaien edukia eta negoziaziorako datak zehaztu ditu Espainiako Gobernuak. Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak iragarri duenez, otsail hasieran eskuratuko dute aurreneko "proposamena", lehendabiziko zazpi transferentziak eskualdatzeko. Erkorekaren erranetan, "egutegiak ez du Gizarte Segurantzaren Ekonomia Erregimenaren Kudeaketa barne hartzen". Puntu horretan, bi gobernuen arteko desadostasuna erabatekoa da. Erkorekak azpimarratu du Euskadiri dagozkion 33 transferentziak eskualdatzeko "nahiko denbora" dagoela, Pedro Sanchez 2020ko ekaina arte egonen omen delako presidente karguan. Erran du: "Argi dago bidean zailtasunak eta oztopoak aurki ditzakegula, beraz ezin dugu eskumen guziak eskualdatuko direnik ziurtatu".
Presondegietako eskumenen transferentzia 2020an?
Presondegietako sistemaren negoziazioa ez dago lehentasunezko gaien artean; hori ez dute uztailera arte jorratuko eta balizko akordioa ez litzateke 2020ko urtarrilera arte helduko. Alta presondegietako eskumenen transferentziak presoen hurbilketa ekarriko duela uste du EH Bilduk. EH Bilduren arabera, Hegoaldeko espetxeetan bete ahal izango dituzte presoek beren zigorrak.
Lau preso hurbilduak
Euskal Herritik hurbilago dauden espetxetara eraman dituzte lau euskal preso. Zehazki, Iñaki Beaumont, Josu Ginea, Jon Lopez eta Aurken Sola presoak Soriara, Mansillara (Leon), Zuerara (Zaragoza) eta Burgosera hurbildu dituzte.
Baztango arno xuria
Irulegi-Baigorri aldean arno xuria egiten dela eta, zendako ez baztango lur mazeletan? Ana Iriarte eta Iñaki Bengoetxea bi gaztek pentsatu dute mahastiak landatzea: 2013an hasi ziren mahatsa landatzen. 2015 eta 2018an beste bi mahasti 3 hektarekoak landatu dituzte: gros manseng eta petit manseng motak (izkiriota handia, izkiriota txikia), Irulegiko sormarkan bezala, Hondarrabi zuri, txakoliaren mota eta riesling. 2016an lehen molkoak bildu zituzten eta 2018an lehen arno xuria ekoiztu.
Abbe Pierre, Emaüs-eko sortzailearen iheslaldia Beratik
Gerla denboran, nazier ihes e g i t e k o, Pierre apeza Emaüs-eko sortzaileak hemendik gaindi ihes egin zuen. Ongi zaindua zegoen L a r r u n m e n d i t i k, mugalarien laguntzarekin egin zuen ihesaldia, Berako Iraizoz okindegian gordetzeko. Guardia zibilak han arrastatu eta maiatzaren 26an Irunera eraman zuten eta handik Madrilera, gero Gibraltarretik Aljeriarat heltzeko bidea egin zuen
"Herenegun" programa
Ez da errexa "Euskal gatazkaren" kontakizuna egitea. Zenbaiten kontakizuna ez zaie besteri konbeni. Alta iragana ez da ahantzi behar, nahiz eta beharrezkoa den orrialdea itzultzea; baina itzuli aitzin, orrialdearen irakurtzearen beharra dago. Bainan nork idatzi? Jaurlaritza "Herenegun" programaren bidez, lan horren egiten saiatzen da, eskoletan gazteek irakurri eta ikas dezaten. Lehen saioa gogor kritikatu zuten ETAren biktimen elkarteek. Azkenean, "Herenegun" programa datorren ikasturtearen hasieran ezarriko du Eusko Jaurlaritzak, eta ez apirilean hastapen batean erran bezala. Euskadiren historia laburbiltzen duen ikasgaia ikastetxeen adostasun zabalenarekin ezarri nahi du Jaurlaritzak. Proiektuari egin dizkioten "ekarpenak barneratzeko" asmoa du Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiak. Ikasgaien edukian zein ikasgeletan azaltzeko moduan hezkuntza sektoreko eragileekin akordio batera heldu da exekutiboa.
Urquijo: euskal nortasuna Espainiakoari lotzearen alde
Herria irakurtzen dutenek gogoan dute Urquijoren izena. Luze, zabal eta maiz kondatu dugu hemendik, Madrilgo gobernuaren eskumakila zen Urquijo jaunak egunez egun euskaldunen eta euskararen kontra egin lanak auzitan ezarriz. Berriz agertu da gizona eta elkarte bat sortu du, "Esteban de Garibay" izenekoa, euskal nortasuna. Madrilgoari lotzeko eta abertzaleen kontakizuna zuzentzeko. Hala nola euskal ekonomiak zer zor dion Madrilgoari azpimarratuz. Bere laguntzailetan Fernando Savater, Iñaki Arteta zinegilea, Maria San Gil PPko zuzendari ohia.












