Herriz Herri - Aiherra (NB) | 2019ko Urtarrilaren 24a
Aiherra
Heriotze: Pierra Iribarren Berretako nagusi xaharra
90 urte egin behar zituen aurten Pepe edo Pierra Berret deitzen genuen Berretako nagusi xaharrak. Bazuen zonbait urte ez zela hain ongi. Haurrez inguraturik, maitaturik eta ontsa artaturik etxen bizi izan da azken mementoraino, salbu azken egunetan Kanboko eritegi batean sartu arte. Gizon langilea zen Pierra. Maiena bere emaztearekin, Irisarritik Aiherrara etorri ziren 3 haurrekin, eta Berreta etxaldea erosi zuten, Irisarri Ospitalean etxezain gisa zonbait urtez egon ondoan. Berantago Lukia ere erosi zuten. Kabalek, bortuak ala mendiek ez zuten segereturik Pierrarentzat. Gizon langilea baldin bazen, ez zen haatik lanaren esklabo, hain maite zuen konpainian egoitea, memento goxoak pasatzea, eta kantuz aritzea. Bestan zelarik, eta kantuz hasten zelarik, loriatzen zen kantuen burutik buru emaiten izigarriko memoria baitzuen. Erretreta harturik maite zuen seme eta arrahaurren etxaldean laguntza ekartzea eta bazterren ikuska, merkatuetan eta ferietan ibiltzea, Nafarroako herrietan eta mendietan berdin, han ere ezagunak eta lagunak baitzituen Pepek. Izpiritu zabalekoa zen, eta anitz irakurtzen zuen, kasetak, astekariak baina liburuak ere. Euskaraz eta frantsesaz bestalde, espainola ere goxoan emaiten zuen. Baina memento nekeak ere jasan zituen, alaba eta arrahaur bat galdurik. Joan den ortziral arratsaldean, eliza mukurru bete zen, Pierra Berreti azken agur baten egitera jinak baitziren familiako, herritar, eta hainbat adiskide hurbileko eta urruneko. Uzten dituen Maiena bere emazteari, 2 arreberi, bai eta Isabelle, Marie-Claude, Maite, J-Marie, Michel eta Frantxua 6 seme alaberi, suhi eta arrahaur guzieri, ahaidegoari, gure dolumin bizienak.
Erien beilaren aldeko Lurdeko eskea igandean
Erien beilaren antolatzaileek jakinarazten dute heldu den igandean, urtarrilaren 27an, Aiherrako elizako ateetan eskea eginen dela Lurdeko Beilara joaten diren erien laguntzeko, meza nagusia izanki (10:30). Parte hartzen duten laguntzaile guziek, beren gain dituzte gastu guziak (pidaia, jana eta loa). Eskea erien laguntzeko da bakarrik. Milesker zure laguntzarentzat.
Urtarrilaren 26an egun handi bat: urte berriko agiantzak, ANTZUOLA jostalekua, zozketa eta kantu bazkaria
Heldu den larunbatean, urtarrilaren 26an, programa eder eta betebete bat proposatua zauku, urte berriaren ongi hasteko. Herriko Etxeak hitzordua emaiten dauku (10:30) jostaleku berriaren inguruan, ANTZUOLA jostalekua izena hartuko duen hau estreinatuko baita Antzuolako auzapez eta hautetsien presentziarekin, ondotik Denen Etxean auzapezak Herriko Etxearen harat hunatak joan den urtean zoin izan eta aurten zoin izanen diren erranen dauku, 2018 urtea manera berezi batez markatu duten herritar batzuk ohoratuko dituzte, eta egunari doakion hurrup eta klik hartu aitzin, txartel irabazdunen zozketa kabalkadaren antolatzaileek eginen dute. Ondotik GOZATEGIA jatetxean kantu bazkaria proposatua zauku, 20€tan arnoa eta kafea barne: zopa xingar eta ahateki poxiekin, oilaskoa langustina zitroin jusarekin, lursagar gratinatuak, eta azken buruan udarea izozki eta txokolatezko krema beroarekin. Tokiaren erreserbatzeko, deitu otoi jatetxera: 05.59.70.38.99. Ongi etorri deneri!










