Herriz Herri - Ezpeleta (L) | 2019ko Urtarrilaren 24a
Elkartasuna Kantuz
Urtarrilaren 3 eta 4a arteko gauean sute batek osoki kiskaili du Ezpeletako Zapatendeia etxea, Marie-Antoinette Etchebarne Esteban anderearen bizitegia. Desastre horri buru egiteko, Ezpeletako lau kantari taldek erabaki dute lehen aldikotz elgarrekin kontzertu baten emaitea diru bilketa bat eginez. Bi emazte talde: Gozatuz eta Auzotik eta bi gizon talde: Ezpeletan Kantatuz eta Ezpela gizon korua. Eta plazer handiz jakin da 4 talde haueri juntatuko zela Sokoako Altxa Zokoa koru mistoa, 40 kantariz osatutako.
Beraz, otsailaren 3an, (17:00) igandea, 100 kantariz goiti elkartuko dira Ezpeletako elizan. Ezin huts egina! Herritarren iniziatiba hunez gain, Ezpeletako herriak laguntza dei bat zabaldu du sute hortan dena galdu duen familia horren laguntzeko. Nahi duenak elkartasunez laguntza bat ekarri, Kutxa bat idekia da Ezpeletako Herriko Etxean, martxoaren 31 arte. Txekez laguntza ekarri nahi dutenek, Ezpeletako CCASaren izenean egin dezatela. Diru bilketa guzia joanen da familia horrentzat, burua altxatzen laguntzeko.










