Gogoa hazi | 2019ko Urtarrilaren 24a
ZER EGIN DUZUE JESUSEZ?
Peio Ospital
Eliz-gizonek haur heldugabeeri egin sexu abusuak direla eta, erran dut ikaragarriena eta eskandalagarriena egiten zaidala eliz-agintariek, eta bereziki apezpikuek, hau guzia mende erdi batez baino gehiago "estali" izana. Eskuratu dut Christine Pedotti* andereak egun hauetan argitaratu duen liburua: "Qu'avez-vous fait de Jésus?" (Ed. Albin Michel). Guziz interesgarria iduritzen zait griñatzen nauen (eta zuen arteko zonbait ere agian...) galderari erantzunez garatzen duen argumentazioa. Sar hitzan erraiten du bere haserrea "sistemari" doala eta ez pertsoneri zuzenean.
Liburua, gutun baten gisan, zuzentzen du "Eliza katolikoaren arduradun Jauneri" eta, ahoan bilorik gabe, galdera zuzen eta zehatz hauek aurpegiratzen dizkiote: "Nolaz hortaratuak gaude? Zer egin duzue Jesusez, zer egin fededunek Kristo eta Jaun deitzen duten gizakiaren lekuko izaitea helburu bakartzat duen instituzioaz?... Nolaz posible da ohart ez zaitezten?... Ezikusiarena egin duzue haurreri egina zitzaioten kalteari, beharriak tapatu dituzue familien behin berrizko galdeak berdin biktimen sufrimendu izigarria ez entzuteko, isilik egon zirezte eta ez dituzue hobendunak salatu... Nolaz utzi duzue mina hedatzerat?... Zerk trabatzen zaituzte egia egitetik, gardentasuna bilatzetik? Nolaz ez duzue sendi biktimen aldeko zinezko urrikalmendurik?..."
Lerro labur batez emaiten du idazleak galde haueri erantzuna: "Gaiaren larritasunaz jabetzeko duzuen gaitasunezaren zergatia da giza sexualitateaz duzuen ulergaitasuna À¢'€'" agian ulergaitasuneza erran beharko nuke." Eta esplikatzen du, beti "arduradun Jauneri" zuzenduz: "Zuen oinarriko aitzin-emana da sexualitatearen xede nagusiena dela, jainkozko ordenaren arabera, haur sortzea. Jarduera sexuala mugatzen duzue bikote heterosexualari, bidezki ezkondua, sexu jarduera "haur sortzeari idekiriko moldean" praktikatzen duenari. Onartua den kontrazepzio bakarra da abstinentzia (edo barura) emankortasun aldietan." Bikotetasunaren ikuspegi katoliko hori "kastitatea" deitzen duzue. Gainerakoa, gainerako guzia, lizunkeriaren arlokoa da. Lizunkeria... zazpi bekatu kapitaletarik bat. Ondorioa da sexuaren debeku sistema orokortu hortan "haragizko bekatuen" zakuan sartzen direla nahas-mahas masturbazioa, joko erotiko anizkunak, ezkontzaz kanpoko jarduera sexualak, jarduera homosexualak, adulterioa, edota haur heldugabeei eginiko ukituak.
"Helduen arteko onespena" ez da nihun ere agertzen Eliza katolikoaren Katiximan, gaurko gure jendarteetan sexu jardueren erabakiirizpide nagusiena delarik. Gaur lehenesten dena pertsonen arteko harremana da eta ez kanpotikako arauak: pertsona konzeptuari nagusi. "Testuinguru hortan, Jaunak, predikatzen duzuen "kastitatea" nozio guziz abstraktoa da, eta are abstraktoagoa oraino kastitateari laidoa... Zuen ustez, bortxaketa lehenik "justiziari eta karitateari egin kaltea da (adierazpen lehena), "gizabanakoaren eskubidea urratzen du" (adierazpen bigarrena). Eta hirugarrenik bakarrik aitortzen da [bortxaketak] "biktima bere bizi osorako marka dezakeela." Mentura bezala gainera... Mundu "arruntan" ordea, bortxaketa krimena da, kontzeptu bat ez baina pertsona bat kaltetzen duelako, egiazko pertsona, haragizkoa, odol eta arimazkoa. Bere izaitea bera du kaltetzen, bere haragia!... Harrigarria da halere, "Haragitzearen" erlijionearen zaindariak izanik, kontzeptuak defendi ditzazuen pertsonak baino lehen... Jesusek, bere garaian, eskandalo egin zuen bizitza legea baino lehen jartzen zuelako. Zer egin duzue hartaz? Jaunak, ordua baino gehiago da Katixima doi bat utz dezazuen eta Ebanjelioa ber-irakurtzen has zaitezten!"
Bekatuaren eta krimenaren arteko nahasketa hortan ikusten du C. Pedottik min askoren iturria. Bekatuaren termino abstraktuetan pentsatzeagatik, dio: "zuen grina lehena da hobendunaren erospena, egin duen makurraren aitorpena eta erreparazionea aitzin. Krimen egile eta kaltegileeri proposatzen duzuen lehen gauza À¢'€'" eta bakarra À¢'€'" da otoitza eta penitentzia... sendagailu bat balitz bezala! Bekatuaren sendagailu, agian; baina ez krimenaren kontrako sendagailu. Krimenaren aitzinean, egin beharreko lehen gauza ez da hobendunari otoitz egin dezan edo damu dadin galdegitea, baina bai hau giza-justiziari aurkeztea, eta biktimetaz axolatzea... Zuen itsukeria, ideologia bihurtu den moral sexualean oinarritua izanik, ez da gutiago kriminala... Ez da barkamenik egiarik gabe... Barkamena ezin da, ez eta behar ere, justizia baino lehen jarri." Ondoko kapituluetan, idazleak salatzen du "Père", "Abbé", "Monseigneur", "mon fils", "ma fille", eta, nola ez "Mère" hitzeri mendetan zehar xertatu izan den mami sinboliko bihurria. Salatzen ere Eliza barneko demokrazia falta, eliz-gizonek "Jainkoarenganik hartze" duketen boterearen jabetasun esklusiboa, isiltasunaren kultura, abusuen agertzeak sort zezakeen eskandaloen beldurra... Ororen buru, gaitzak edo minak izen bat badu, Frantses Elizagintari Nagusiak berak salatzen duena: klerikalismoa. Erronka mahain gainean dugu: nola katolizismoa arraeraiki klerikalismoa errotik suntsituz? Aterabide bakarra da apezeria desklerikalizatzea, boterearen jarduera bihurriari amaiera emanez. Artetik, umore xorta batekin, errepikatzen du idazleak bere apez adiskide baten errana: "Klerikalismoa eritasun kutsagarria da, eskuen inposizioaren bidez transmitigarria"... Bide hortan, lehen eginbeharra da apezen bizitza gizanorma arruntari egokitzea.
Azkenean, etorkizuna Jainko Herriaren gain dago, eskuetan dituen "ttanttoak" baliatuz: unibertsaltasuna, ONG (Secours Catholique À¢'€'" Caritas, CCFD eta beste...) erakundeen karitatezko engaiamendua, ahulenen eta behartsuenen alderako lehentasuna, ospakizunak antolatzeko trebetasuna... Etsipena gainditzeko motiboak badaude segur! Eta sinesten dugu heriotza beti piztearen abiapundua dela.
*Christine Pedotti idazlea da (30 bat liburu), kazetaria, argitaratzailea, "Témoignage chrétien" aldizkariaren buru izana.










