Egun eta bihar | 2019ko Urtarrilaren 24a
Egun eta Bihar
J-B D
Aitzina!
Denak ari dira zoin-gehiagoka! Azkenean zer jalgiko den saltsa hortarik, hori nik segurik ez dakit! Horiz Jauntzi delako horiek beti berdin tematsu. Joanden larunbatean ere izan da manifestaldi frango. Aitzineko zortzian bezenbat jende oro har, gutiago Parisen bainan lekuka, sekulan baino gehiago haatik, hala nola Tolosan. Ez hainbeste zalaparta bainan han eta hemen bortizkeria asko halere, Bordelen eta hor gaindi, auto erretze, saltegi funditze eta holako... Bere aldetik, Macron presidenta harro harroa ibilki da harat eta hunat. Bat-batean oharturik auzapezak ere hor direla. 36.000 nunbait han, herri bakoitxak baitu berea! Macron jaun presidenta izan da beraz Normandian, izan da ere Lot departamenduko Souillac hirian. Hola segituz Donibane Garazirat ere jinen da arteka batez. Dena lausengu arizan da hautetsieri, gain-gainetik laudatuz bestalde arras berea daukan kontsulta handi hori. Emaitzen arabera bide berri batzu idekitzen ahalko direla denen onetan... Azerikeria parrasta bat sartu du bixtan da bere solasetan, dena hortakoa baita... Eztabaidabide diren ahopaldi batzu ere ba nunbaitik ere... Dena den, orenak eta orenak egon da auzapezekin solasean. Entzun du orgatara bat arrangura. Artetan aditu ere bereak eta eiherako asto zaharrarenak. Bera kasik beti omore onean... Iduriz segurik...
"Jeiki, jeiki, etxekoak"
Nork ez du ezagutzen aspaldiko kantu hori, duela zonbait mende gure arrantzaleek jadanik errepikatzen zutena, "Jeiki, jeiki etxekoak, argia da zabala"? Kantu xahar hori bat-batean jin zait gogorat, entzutearekin gobernuak biziki kartsuki luzatzen daukun deia, denek parte har dezagun bi hilabete iragaitekoa duen galdeketa edo kontsulta handi hortan. Ernatu behar dugula, ez dela lo edo erdi lo egoiteko keinka, geroari buruz munta handikoak izanen direla kontsulta hortan bilduko diren ikusmolde guziak... Gainerat, errextasun guziak baditugula gure arrangura guzien agertzeko. Internet sarean berdin, edo Herriko Etxetan, edo guhaurek gisa hartako bilkura bat muntatuz... Nun ez dugun nahiago mezu bat igorri xuxenean Eliseo jauregirat, hori ere egiten ahal omen baita... Kantu bera gogoan, ez dakit haatik argia hain zabala ote den... Galdeketa horrek, espantukari batzu arrunt harro izanikan ere, ez ote du ba halako ilun aire bat? Edozoin gai aipatzen ahal da naski bainan badira halere halako muga batzu bezala. Mugarik ez eta mugak ba halere. ENA ikastegi ospetsuan ibilia ez denak lanak baditu holako gauza baten konprenitzeko... Gainerat, Macron presidentak berak baditu gai batzu berexiak, premiatsuenak dauzkan gai batzu. Ez du haatik kopetarik aski erraiteko nolako ihardespenak luzkeen gustukoenak... Hots, bi hitzez erraiteko, nehork ez daki kontsulta hori nola joanen den eta gero nola baliatuko diren gisa hortan bildu ikusmoldeak... Azen ontzeko, badira hor gaindi, Jean- Luc Mélenchon eta beste, arrunt kontra daudenak, ez dela hori jendearen enganatzeko joko txar bat baizik! Bainan hola mintzatzen ahal dea ikusi gabe nolako uzta bilduko den eta uzta hori nola baliatuko den azkenean?
Zigortua
Claude Guéant minixtro ohia, Sarkozy presidentaren lagun handia, auziperatua izan zen baizik- eta zuzenkontra altxatu zituela, ixilka bezala eta beti sos idorrez, prima berezi batzu eta ez hain ttipiak, hilabetean bost mila euro edo holako zerbait. Denbora hartan Sarkozy-rekin ari zen lanean preseski, Sarkozy bera barne-minixtro zelarik. Ixtorio horrek badu hamabost urte segurik. Bainan soka luzea izan du. Afera Pariseko gorte-nagusiraino pusatua izanik, joan den astean alde bat trenkatua izan da. Gorte-nagusiak baztertu du minixtro ohiaren errekurtsoa. Berak berriz ere erran badu ere gisa hortako primak, ez baitezpada legezkoak izanikan ere, onetsiak izaiten zirela berak hunki dituen keinka hartan. Dena den, zigorra hor du beraz, bi urte presondegi, urte batentzat barka, bestearentzat barkarik ez. Horrek ez du erran nahi preso joanen dela. Hein hortako zigorrentzat baldintzapeko askatasuna frango aise ardiets ditake, bestenaz ere adin batetarik goiti, eta gure minixtro ohiak 74 urte beteak ditu joan den astean...











