Herriz Herri - Baigorri (NB) | 2024ko Apirilaren 25a
Heriotze - “Ai gure juaneteak” - Nafarroaren Eguna
Heriotze
Bastida Olhako Jean Michel Errecart 73 urtetan pausatu da. Laboraria zen ofizioz. Doluminak Françoise alarguntsari, Serge, Maitena eta Sabine seme-alaberi eta familia guziari.
“Ai gure juaneteak” (Baigorriko kulturaldia)
Hau da ibiakoitz huntan, Bil Etxean ikusiko dugun antzerki musikatuaren izenburua. Apirilaren 27an (20:30), sartzea 15 euro. Patxo Telleria da egilea eta aktore nagusia, Adrian Garcia eta Maider Lopez soinulariek lagundurik. Emanaldia Mikel Laboaren kantu ezagun batzuetan oinarritzen da (Negu hurbila, Oi Pello Pello, Haika Mutil, Baga Biga Higa, Ihes betea...) eta abesti hauen hitzak berregituratzen eta berrinterpretatzen ditu.
Nafarroaren Eguna (Baigorriko kulturaldia)
Igande huntan iraganen da.
Goiza gaineko plazan:
Merkatua (9:00). Askaria ikastolan Kuxkuxtu txarangarekin. Desfilea behereko plazatik (11:00).
Ekitaldia elizako plazan (11:30). Bas'hitza, irrintzina (12:00). Larrain dantza eta jauziak (13:00). Ikastolak prestatu bazkaria Plaza Xokon (14:00).
Arratsaldea behereko plazan:
Dantza ikusgarria (16:30), Kiki Bordatxo (17:30), Cumbian Bero (20:00), Belako (20:30) eta Dj Uzkuluz (00:00).
Arratsalde osoan, badira ere animazioak haurren eta familien xokoan. Xehetasunak etxean eskuratu duzuen liburuxkan.
Joko Olinpikoak
Urte olinpikoa izanki, Baigorrik ere ukanen ditu bere jokoak, herriko besten karietara, agorril hastapenean. Aitzineko aldietan bezala, 3 talde lehiatuko dira: dantza, kantu, joko eta antzerkia probetan.
Paulei - Haitzalde, Bastida, Urdoze, Auzo ttipi, Eiheralde, Lezparze, Irube. Izenak eman Elaiari 07-69-09-64-08.
Boogi - Bortzirieta, Otikorone, Okoze, Germieta, Iparragerre. Izenak eman Maitenari 06-13-50-69-42.
Karrika - Mitxelene, Behereko karrika, Gaineko karrika, Belexi, Izpegiko erreka. Izenak eman Yabserari 06-47-04-52-34.
Zoin gehiagokaren lema: “Jo ta ke lehiatu, irabazi arte”.