Herriz Herri - Hazparne (L) | 2024ko Apirilaren 25a
Elikadura iraunkorraren alde - Plaza berrituaren estreinaldia - Auto kurtsa - Jostunen kukusoak - Erakusketa
Ekin dezagun elikadura iraunkorraren alde!
Elikatzeko moldea aldatzeko desafio bat. Zer eta nola? Tokiko, sasoineko elikagai sanoak jateko ohidurak hartu buxeta aldatu gabe. Sei astez desafioz desafio:
- Aste guziz ekipa batek eman aholkueri esker,
- Urratsez-urrats ohidurak aldatuz,
- Info gutunak eta aterabideak etxera hartuz,
- Tailer batzuetan parte hartuz, trukaketa eta deskubritzeak eginez,
- Taldean aitzinatuz.
Kanpainak apirilaren 29tik ekainaren 22ra iraunen du. Parte hartzeko izena hilabete hunen 29a aitzin eman behar da eta helbide elektronikoa ukan. Hortarako “CPIE Pays Basque” egituraren barne den Laurence Goyenecherekin harremanetan sar daiteke: defifamilles.paysbasque@cpiepaysbasque.fr edo 05-59-37-47-20, edo “CPIE littoral basque” egituran den Paul Elissalderekin: pelissalde@hendaye.com edo 07-66-03-46-47.
Plaza berrituaren estreina
Plaza berritua larunbat huntan estreinatuko da. Proiektu inportante guziek bezala hunek eztabaida anitz sortu ditu, aitzin eta egiten ari zelarik. Iduri luke orain jende gehiengo handiak ontzat emaiten duela, aire, modernismo eta airostasun zerbait ekartzen diolako herri barneari.
Hautetsi parrasta batekin eginen da beraz estreina ofiziala apirilaren 20an (10:30).
Auto kurtsa
Egun hortan berean izanen da harrabots bestalde. Alabainan “Tour Auto” Frantzian barna pasatuko den auto kurtsa Hazparnen izanen da larunbatean, Harana plazan artean (13:00 → 19:00). Autoak hortik abiatuko dira Izturitze aldean iraganen den zoin gehiagoka kronometratuan parte hartzeko.
Jostunen kukusoak: Harana gelan igandean
Dendari oro interesatuko duen gertakaria da. Erakusketa batean erakutsiak izanen dira norberak egin josketak eta egiteko ere erabil daitekeen materiala (9:00-17:00). “Magi couture 64” elkartea da gertakari hunen antolatzaile. Hitzordua goizeko zortzietan da erakusleentzat. Izanen da jateko eta edateko moldea egun guzian (11:00→17:00).
Erakusketa Choribit gelan
Apirilaren 29a, astelehenetik hasita ondoko igandea arte iraunen du “Ukrainaren bihotzean” deitu erakusketak: (10:00→12:00 eta 14:00→18:00). Vlada Shagun deitzen da bere obrak erakutsiko dituen anderea. Andere gazte hau ukrainarra da eta gerla hasiz geroztik Polinesia Berrian bizi da. Ofizioz arkitektoa zen bainan akuarelarekin tindatzea hautatu du azken denbora hauetan. Bere obra poesia eta itxaropenez betea da eta emozio emaile.