Gure Hitza | 2025eko Martxoaren 27a
Gure beldurrak erre
Peio Jorajuria
Ihauterien garaia bururatuxea da, aurtengo. Ene aldetik, Lapurdiko hiri bateko ihauteriak hurbildik segitu ahal izan ditut. Hobeki erran, hiri hortako ikastetxe desberdinetako lehen mailako haurren ihauteriak. Irakaskuntzako hiru sareetako (publiko, pribatu eta ikastola) hirurehun bat ikasle, jantzi koloretsutan, hiriko karriketan barna desfilatzen, polita zen. Batzuk zirtzilez bezti, besteak dantzariz edo ere joaldunez, ardi larruzko jantzia soinean, buru gainean tunturroa eta bizkarrean egiazko joareak. Zein harro ziren!
Hiria zeharkatu zuen desfileak, eta merkatu eguna baitzen, salmahaien artetik bazen alegeratasun, saltzaileen eta erosleen aurpegiak lorietan haur saldo hori haien artetik iragaitean. Eta hiriko pilota plazara heldu zen desfilea. Haurrak halako errondan bezala ezarri ziren, Zanpantzar gaizoa beren erdian zutela. Lehenik, haurrek taldeka eman zuten beren ikusgarria, dantza edo kantua. Eta bukaeran hasi ziren Zanpantzarren epaitzen. Gu, helduak, bisean-biseko jartokietan geunden jarririk. Zanpantzar ikusten genuen bere tripa handiarekin, eta ematen zuen Donald Trumpen burua zuela, edo menturaz Putinena edo Netanyahurena. Baina, egia erran, bista doi bat lausotua nukeen, eta ezin jasanezko buruhandi horiei buruz daukadan obsesioagatik duket haien baten burua zela uste izan. Zein gogotik oihukatuko nuen: Sua! Sua! Baina paso!
Zanpantzarrek nornahiren itxura ukanik ere, ez genuen dudarik han berean erreko zutela. Sua! Sua! Baina hara haurrak beren ikastetxeetara buruz itzultzen hasten direla, Zanpantzar berekin garraiaturik, batere erre gabe. Hauxe gure harridura! Egia da haizeak hein bat jotzen zuela, baina gure gustuko ez hain azkar. Eta hara jakiten dugula haizeak ez zuela deusik ikustekorik Zanpantzar bizirik uztearen arrazoian. Ez, buraso batzuek zuten galdegina Zanpantzar ez erretzea, haur ttipienentzat traumatikoa izan zitekeelako beldurrez. Geroztik gogoetatuak gaude, ihauterien funtsa ez ote denez arrunt galtzen ari gisa hortako erabakiekin. Zeren Zanpantzar, gure inguruan edo urrunago gerta daitezkeen gauza txarren sinboloa da, eta hartako da sinbolo hori erretzen, hoberako bidean. Zer demontre ba! Haur ttipienak ere ez ote daitezke aitzinetik presta, ez diten traumatizatuak geldi? Uste dut, gehiegi gerizatzen baditugu, ez ditugula behar den bezala laguntzen etorkizunari buru egiten. Ene gustuko, arazoa ez dira haurrak baina burasoak berak. Gure beldurrak behar genituzke lehenik haizatu edo erre, Zanpantzar egiten ohi den moduan, primadera eguzkitsu baten bidean.




