Gogoa hazi | 2025eko Martxoaren 27a

X AE A-XII

Johanes Bordazahar

"XAEA-XII"engoitik denek badakikezue Elon Musk-en bost urteko semearen "izena"dela. Aski ikusia dugu pantaila eta kazeta guzietan, Washingtongo White Houseko bulegoan, aita Elon, buruz, begiz eta besoz gora, bere handi-mandian, semea sorbalden gainean, Donald Magalandeko presidentearen aldamenean.

X AE A-12 eman zioten izena. Kode sekretu baten modukoa. Munduak ez zuen ulertzen. Pentsatzen zuten Musk eta orduko Claire Boucher emaztea, haurraren ama, arraileriaz ari zirela. Ikur bitxi horien erranahiaz galdatu zietenean, amak, letrek gordetzen zutena agerian eman zuen. "X" da aldagai ezezaguna, (l'inconnu "x", matematiketan erabiltzen ohi genuena). " AI" adimen artifiziala (ingelesez ongi ahozkatzeko "AE" idatzi nahi izan dutena). A-12, gerlako hegazkin prototipo baten kodea da."A-12" izena amerikar ofizialek debekatu zioten, Estatu Batuetan izen ttiki batek zenbakirik gabekoa izan behar baitu. Beraz X AE A-XII eman diote izena. (XII da 12, erromatar letraz idatzia). Haurraren amak eman zuen azken letra hauen arrazoina:"Gure hegazkin gogokoenaren zenbakia da". Ez du arma edo defentsa adierazi nahi. Soilik abiadura. "Borrokalari goresgarria"(great in battle), du bere izen-goitia, baina indarkeriarik gabekoa!

Guri, denboran, izeba-osaben izenak ematen zizkiguten, horrela aldi berean saindu baten eta ama-bitxi edo aita besoetako baten gerizapean ematen gintuzten. Izen ber-berek lerro-lerro belaunaldiz-belaunaldi adarrak egiten zituzten familiako arbolan. Gaur egun modak manatzen du sortu berri baten izenak soinu atsegina behar duela, ahalaz laburra, bereizgarria, erreferentzia baikorra duena, erranahi bat duena eta deiturari doakiona. Izena ematea ez da nolanahiko afera. Izenak herrialde bat, genero bat, iragan bat, etorkizun bat, amets bat, munduan izateko manera bat seinalatzen du, aldi berean da irekia eta mugatua. Horretarako Biblian Jainko muga-ezinak eta transzendenteak, ez du izenik. Hebrearren arabera ez da jenderik haren IZENA errateko gai denik. Horrenbestez, X AE A-XII izen-kodeak zer adieraziko dizu: burdineria, burrunba, abiadura, sua, leherketa, konkista... Beraz, bidaia on hiri, Musk semetxo, planetan zehar eta urrunago! Adibidez, bestelakorik piztuko dizu gogoan, gure euskal "Ihintz" neska izen batek:goizeko hozkirri atsegina, eguzki eder baten mentura, herrialde oso baten hatsa.

Hitza beti sortzaile baita, ñiñia ahoz deitzerakoan, zerbait intimoa hunkituko diozu, arreta piztuko, ingurumenari irekiko. Bihotzaren gakoa izena izanen zaio. Zure haurra bere izenez deitzean atsegina sentitzen baduzu, haurrak beretuko du zure atsegina. Behar badahau da lehenik bereiziko duen soinua. Ezkilak jotzerakoan, soinu jakin bat emanen duen bezala, haurraren izenak bibrazio berezia aterako du. Ez ote dira gure eliza dorreko ezkila guziak jende "izen" batez bataiatuak?... Ezkilen gisan, gure ohizko izenek, izan saindu ala herrikoi, eremu izpiritual sakratuagora deitzen gaituzte. Bataiatzerakoan, etxekoek"iohanân" hebrear izen frantsestuaren grazia egin zidaten À¢'€'""Jainko urrikalkorra" euskaraz À¢'€'" Beraz, beste behin, Jainko guziz bihozbera urrikal dakidala hemen gaizki erran guziengatik.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3779. zbk

Gure Hitza | 2025/03/27

Gure beldurrak erre

Peio Jorajuria

Ihauterien garaia bururatuxea da, aurtengo. Ene aldetik, Lapurdiko hiri bateko ihauteriak hurbildik segitu ahal izan ditut. Hobeki erran, hiri hortako ikastetxe desberdinetako lehen mailako haurren ihauteriak. Irakaskuntzako hiru sareetako (publiko, pribatu eta ikastola) hirurehun bat ikasle, jantzi koloretsutan, hiriko karriketan barna desfilatzen, polita zen. Batzuk zirtzilez bezti, besteak dantzariz edo ere joaldunez, ardi larruzko jantzia soinean, buru gainean tunturroa eta bizkarrean egiazko joareak. Zein harro ziren!

Hiria zeharkatu zuen desfileak, eta merkatu eguna baitzen, salmahaien artetik bazen alegeratasun, saltzaileen eta erosleen aurpegiak lorietan haur saldo hori haien artetik iragaitean. Eta hiriko pilota plazara heldu zen desfilea. Haurrak halako errondan bezala ezarri ziren, Zanpantzar gaizoa beren erdian zutela. Lehenik, haurrek taldeka eman zuten beren ikusgarria, dantza edo kantua. Eta bukaeran hasi ziren...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016