Ba ote dakixu? | 2025eko Martxoaren 27a

Veil legea (2/3)

Gilen Bacho

Errepublikako presidentearen hitzek eztabaidak berotu zituzten abortatzeari buruz. Borroka hedatu zen karriketan eta prentsan. Ehunka medikuk abortatzeak praktikatu zituztela idatzi zuten eta legearen alde engaiatu ziren (partikulazki MLAC elkartean). Alderantziz, beste mediku zenbait abortatzearen kontra engaiatu ziren (Lejeune doktoreak "Laissez-les vivre" elkarte kontserbadorea sortu zuen).

Gehiengoaren zatiketak

Testuinguru horretan zen nahitarako abortatzeari buruzko lege proiektua kontseilu ministroan presentatua izan, 1974ko azaroaren 13an. Ondoko egunetan, Simone Veil osasun ministroak (eta ez justizia ministroa, joan den astean tronpaturik ezarri dugun bezala), lege proiektua defendatu zuen sozial, familia eta kultura arazoen komisioaren aitzinean. Partida jada zaila izan zen Simone Veilentzat, komisioak hautatu zuen txostengilea legearen kontrakoa baitzen (Alexandre Bolo, UDR eskuineko alderdiko diputatua). Halere, azaroaren 21ean, ministroak lehen bataila irabazi zuen, komisioko diputatu gehienek legea sostengatu baitzuten (22 boz alde, 11 kontra). Alexandre Bolok bere kargua utzi zuen eta Henry Berger (UDR-koa ere) txostengile berria bilakatu zen. Biltzar nazionala zinez zatitua zen eta partikulazki zentro eta eskuineko alderdiak, gobernua sostengatzen zutenak. Ateak hetsirik, eztabaida gogorrak izan ziren gehiengoko alderdien barnean. Taldeko bilkuraren ondotik, Claude Labbé UDR taldeko presidenteak erran zuen bere taldearen ohorea zela "monolitismo jarrera" baten ez ukaitea holako gai bati buruz. Bere taldeko diputatu anitz ez zirela ez "liberal" eta ez ere "integrista" aldeetan, eta horretako ez zutela hauturik egin, erran zuen ere. Jean Brocard, Errepublikano independente taldearen presidenteak, "giscardiar" gehiengoa proiektuaren kontra zela erran zuen baina, ber mementoan, zenbaitek legea onartu zezaketela gobernuak "emendakin moderatuak" onartzen bazituen.


"Ez ditzakegu gehiago begiak hetsi"

1974ko azaroaren 26an, Simone Veil diputatuen aitzinera presentatu zelarik, hemizikloan, ezker alderdien sostengua baina ere gehiengoko diputatu anitzen oposizioa bazuela bazekien. Bere mintzaldia zinez igurikatua zen (eztabaidak, hiru egunez, telebista publikoan zuzenean zabalduak izan ziren). "Biltzar horren aitzinean, kasik gizonez bakarrik osatua" zena (490 diputatuetatik 9 emazte bakarrik baziren!), "emazte segurtamen bat partekatu" zuen, "emazte batek ez (zuela) gogo onez abortatzen". Gizon horien guzien aurrean, "emazteak entzutea" eskatu zuen. Legearen aurkarien hipokrisia gogorki salatu zuen ere: "Gaur egun lege errepresiboaren aldaketa baten aurka borrokatzen direnen artean, zenbat dira emazte horiei beren larrietan laguntzeaz arduratzen direnak?". Feministen (haien artean, Françoise Giroud, gobernuan zena ere) argumentu nagusia, lege proiektua defendatzeko, emazteen libertatea zen baina Simone Veilek osasun arrazoiak zituen lehen tokian ezarri, bere mintzaldiaren bururapenean ikusten zen bezala: "Ez ditzakegu gehiago begiak hetsiurtero herrialde honetako emazteak mutilatzen dituzten 300.000 abortatzeen aitzinean", emazteak hainbeste "umiliatzen edo traumatizatzen dituztenak". Horretarako, legea kanbiatu behar zen.


Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3779. zbk

Gure Hitza | 2025/03/27

Gure beldurrak erre

Peio Jorajuria

Ihauterien garaia bururatuxea da, aurtengo. Ene aldetik, Lapurdiko hiri bateko ihauteriak hurbildik segitu ahal izan ditut. Hobeki erran, hiri hortako ikastetxe desberdinetako lehen mailako haurren ihauteriak. Irakaskuntzako hiru sareetako (publiko, pribatu eta ikastola) hirurehun bat ikasle, jantzi koloretsutan, hiriko karriketan barna desfilatzen, polita zen. Batzuk zirtzilez bezti, besteak dantzariz edo ere joaldunez, ardi larruzko jantzia soinean, buru gainean tunturroa eta bizkarrean egiazko joareak. Zein harro ziren!

Hiria zeharkatu zuen desfileak, eta merkatu eguna baitzen, salmahaien artetik bazen alegeratasun, saltzaileen eta erosleen aurpegiak lorietan haur saldo hori haien artetik iragaitean. Eta hiriko pilota plazara heldu zen desfilea. Haurrak halako errondan bezala ezarri ziren, Zanpantzar gaizoa beren erdian zutela. Lehenik, haurrek taldeka eman zuten beren ikusgarria, dantza edo kantua. Eta bukaeran hasi ziren...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016