Herriz Herri - Baigorri (NB) | 2025eko Martxoaren 27a

Bihotzeko ostatuak - Ehorzketak - Mus - Gazteen osagarriaz - Pilota

Bihotzeko ostatuak
Bihotzeko%20ostatuak

Ehorzketak

Bixkarreneko Jean Pierre Biscar zenaren ehorzketako meza joan den ibiakoitzean iragan da Baigorriko elizan. Jazko uztailean zendu zen 90 urtetan Texas-eko Denton herrian eta familiak zailtasun administratibo luzeak jasan behar ukan ditu hautsak Euskal Herrirat ekarrarazteko.Familiaren Baigorriko hilerrian eman dituzte.

Gazte zelarik, seminarioa utzirik, fisika kimika ikasketak egin zituen Tolosan eta ondotik Amerikara joan zen 30 urtetan. Han, unibertsitateko erakasle eta ikertzaile ofizioetan segitu zuen. Duela 40 bat urte egin zion azken bisita bere sorterriari. Doluminak familiari.

Bihotzeko ostatuak

Joan den astean, baigorriarrek heien eskuzabaltasuna erakutsi dute aldi bat gehiago. Aurten ere,Oronos Spar saltegiak Bihotzeko Ostatuen aldeko janari edo elikagai bilketa antolatu du beharretan diren jendeen laguntzeko eta biziki emankorra izan da. 148 kilo eskuratu dituzte. Emaile guziak eskertuak izan dira.

Mus

Frantses federakuntzak antolatzen duen mus txapelketan, Manexenean lehiatu diren 24 pareetarik 5 sailkatu dira kantonamenduko finalerdien jokatzeko. Hauek ditugu Eñaut Larre eta Antton Haristoy, Philippe Dupuy eta Eñaut Haritschelar, Pettan Ospital eta Peio Coscarat, Fredo eta Eneko Golofit aita-semeak, Xabi Alcasena eta Damien Etchart. Suerte on deneri!

Euskal Herriko txapelketan, Baxe Nafarroako finala joan den ibiakoitzean iragan da Larzabaleko Ezpeletenean. 4 talde baginituen Baigorritik eta hauetarik 2 kalifikatu dira zazpi probintzien arteko final handian parte hartzeko: Ellande Etcheverry eta Mattin Olçomendy, Jean Paul eta Nora Oçafrain aita-alabak. Goresmenak! Finala eguna apirilaren 5ean izanen da, Araba Zigoitiako Gopegin.

Gazteen osagarriaz

"Drogak eta adikzioak, nere burua zaintzen dut": apirilaren 4an (ortziralez), foru egunaldia iraganen da Donibane Garazi eta Baigorrin gazteen osagarriaz, "Bizi" elkartearen eskutik, besteak beste CPAM, MSA, Departamendua, Garazi Arrosa, Jara mediku bulegoa bezalako egituren laguntzarekin. Donibane Garaziko merkatu estalian (8:30-18:30), tailerrak eta jokoak proposatuko zaizkie tabako eta drogek egiten dituzten kalteez, osagarri mentalaz, sexu osagarriaz, aktibitate fisikoaz, elikadura eta aho-hortzetako sanotasunaz, gazteen eskubideetaz eta beste.

Baigorri, Garazi eta Oztibarreko ikastetxe guziak gomitatuak dira parte hartzera, 800 bat gazte orotara.

Arratsean (20:30), Baigorriko Plaza Xokon hitzaldi eztabaida izanen da drogaren menpekotasunaz eta kontsumoari lotuak diren arrisku eta ondorioetaz. Hezle eta psikologo berezituak mintzatuko dira. Azpimarra dezagun egunaldia jende eta adin guzieri idekia dela.

Pilota

Esku-huska buruz buru, Euskal Herriko txapelketako finalerdiak Donibane Garaziko Garatenean jokatu dituzte artekoek joan den ibiakoitzean, eta bi pilotari baginituen Zaharrer Segi elkartetik. Bat irabazle, bestea galtzaile:

- Xalbat Ibarrola (Zaharrer Segi) 40/ Ellande Chapelet (Lau Herri) 34.

- Cyril Arambel (Zaharrer Segi) 29/ Ibai Etcheverry-Bortairy (Oztibarre) 40.

Finala apirilaren 6an izanen da, Garatenean.

Email Facebook Twitter LinkedIn

3779. zbk

Gure Hitza | 2025/03/27

Gure beldurrak erre

Peio Jorajuria

Ihauterien garaia bururatuxea da, aurtengo. Ene aldetik, Lapurdiko hiri bateko ihauteriak hurbildik segitu ahal izan ditut. Hobeki erran, hiri hortako ikastetxe desberdinetako lehen mailako haurren ihauteriak. Irakaskuntzako hiru sareetako (publiko, pribatu eta ikastola) hirurehun bat ikasle, jantzi koloretsutan, hiriko karriketan barna desfilatzen, polita zen. Batzuk zirtzilez bezti, besteak dantzariz edo ere joaldunez, ardi larruzko jantzia soinean, buru gainean tunturroa eta bizkarrean egiazko joareak. Zein harro ziren!

Hiria zeharkatu zuen desfileak, eta merkatu eguna baitzen, salmahaien artetik bazen alegeratasun, saltzaileen eta erosleen aurpegiak lorietan haur saldo hori haien artetik iragaitean. Eta hiriko pilota plazara heldu zen desfilea. Haurrak halako errondan bezala ezarri ziren, Zanpantzar gaizoa beren erdian zutela. Lehenik, haurrek taldeka eman zuten beren ikusgarria, dantza edo kantua. Eta bukaeran hasi ziren...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016