Herriz Herri - Bidarrai (NB) | 2025eko Martxoaren 27a
Heriotze - Mus - Kantaldi gustagarria
Heriotze
Joan den astean ehortzia izan da gure herrian Eiherabordako Janbattitt Caminondo. 95 urte zituen. Aritzakungo Kattalinekin ezkondua zen, hau duela zazpi urte zendua. Bizi osoa kasik eraman du bere etxaldean. 94 urtetan baizik ez da erretiratu Izpurako Luro zahar etxera eta han da pausatu. Gure agurrik leialenak hurbilekoeri.
Mus
Euskal Herriko Mus Txapelketaren konduko probintzietako finalak iragan dira joan den larunbatean Larzabaleko Espelet jatetxean. Bidarraitik bi pare baginituen han: David eta Paxkal Ibarrola, eta Battitt Bidondo eta Peio Urrizaga. Hemezortzi bikote sailkatu dira finalerako, horietan Ibarrola anaiak, aldiz hortan geldi Battitt eta Peiorentzat. Finala Araban jokatuko da apirilaren 5ean Zigoitiko Gopegi herrian. Suerte on gure pareari.
Bestalde, Frantziako Mus Federazioaren xapelgoa ere aitzina doa. Bidarraitik sei pare sailkatu dira kantonamenduko haitadentzat: finalerdia jokatuko da Irulegin martxoaren 30ean eta finala Bankan apirilaren 4an. Hortik aterako direnak ariko dira final handian Hiriburun Pazko astelehenez, apirilaren 21ean. Suerte on horieri ere.
Kantaldi gustagarria
Joan den ostiralean kantaldi gustagarria eskainia izan zaigu elizan. Lehenik bazen ahamen baten posibilitatea Barberaenea aitzinean, Konkolotx elkarteko familiek prestaturik. Memento goxoa. Kantaldirako, eliza barneko behera nunbaitan bete da. Txarli eta Joselu bizkaitarrek eman dauzkigute lehen kantuak. Ondotik Amaren Alabak boskote xiberotarraren aldi, a kapela, betiko trebetasunarekin. Eta Lea eta Anuxka bikoteak, xiberotarrak hauek ere, du segida hartu. Ez ginituen ezagutzen, badute talendu. Bururatzeko, kantari guziek eman dute elgarrekin azken kantua, esku-zarta pean. Gaualdi goxoa!











