Herriz Herri - Uztaritze (L) | 2025eko Martxoaren 27a

Prentsaurrekoa - Kontseiluko biltzarra - Parropiatik berri - Mintzaldi - Kontzertu - Kantaldi - Beste kantaldi

Mediateka berriaren aitzin itxura bat
Mediateka%20berriaren%20aitzin%20itxura%20bat

Prentsaurrekoa

Martxoaren 18an Lapurdin, prentsaurreko batean aurkeztua izan da eraikiko den mediateka berriaren proiektu zehatza. Herriko Etxeak mediateka berri baten proiektua 2020. urtean abiatu zuen, ikusiz oraiko mediatekan geroz eta jende gehiago dabilela, hertsiegi kausitzen dela eta ez beti baldintza hoberenean erabilia. Auzapezak nahi du berria izan dadin erreferentzia toki bat proiektu askonahi bat proposatuz. Mediateka berri hori eraikiko da Lota jauregiaren parke bazterrean, egokiena iduritzen baita erabiltzaile potentzialengandik: lehen mailako ikastetxeak, kolegio eta lizeoa, haurtzaindegia, Euskal Kultur Erakundea eta Ikas zentroa. Nahi du ere eraikuntza agerian izan dadin denentzat hurbiltzeko errextasunarekin eta ere osoki sar dadin ingurumen kontestuan. Hastapenean hiru arkitekto lehiaketa izan ziren; kontseilu biltzar batek bat atxiki du: Basalt proiektua. Eraikuntza berriak 915mÀ‚'² eginen ditu. Christian Ibarboure axuantak zehazkiago erakutsi ditu arkitektoen marrazkiekin nola izanen diren harrera gela, liburutegia bera (handiagoa), numeriko espazioa eta aldeko gela bat 100 bat presuna biltzen ahalko dituena bideo joko, mintzaldi, antzerki, kantaldi edo ikusgarri batzuentzat. Erran gabe doa eraikuntza horrek gastu ederra ukanen duela (3.978.589 euro), bainan herriak erdietsi ditu DRAC erakundearen, Akitania lurraldearen, departamenduaren eta Euskal Elkargoaren laguntzak (%73,3). Orain, Herriko Etxea ari da enpresen proposamena aztertzen eta hautatzen. Eraikuntzek hasi behar lukete ekainean eta ukanen dute bi urteren lana publikoari ideki aitzin. Ondoko denboretan aipatuko da berriz gai hori.

Kontseiluko biltzarra

Joan den ortzegunean iragan da Lapurdi gelan. Oso laburra, gaiak oro aho batez onartuak izan dira:

- Jakes Drieux hautetsiaren izendatzea, Jerome Arburuaren kargu uztearengatik.

- Obrak bururatzen direnean kontrolatzeko eta segitzeko zerbitzu bateratuaren perimetroa handitzea eta horri doazkion hitzarmen eta prezioen onartzea.

- Lapurdiko Bizkondeen karrikan eta Landagoieneko aparkalekuan, argi publikoen lanen azterketa Energia 64 erakundeari galdegitea.

- Jean Clauss jaunari lur zati baten erostea euro sinbolikoan Hiribehereko karrikan lan batzuen bukatzeko.

- CCAS herriko ekintza sozialen zentroari diru laguntza parte bat ekartzea.

- Haurren eta gazteen zerbitzuan teknikari lan postu batzuen sortzea.

Hurrengo biltzarra apirilaren 10ean.

Parropiatik berri

Aurten, Pazko kari, adinean heldu hiru presuna bataiatuak izanen dira Pazko gaueko beilan. Izenak ezagun dira orain: Yohan, Marie eta Aurélie. Bataio hortara apailatzeko iragan behar dituzte gogoeta eta otoitz geldialdi batzu. Horiek hiru igandez izanen dira 10:30etako mezan Jondoni Bixintxo elizan. Lehena pasatua (23an zen); beste biak izanen dira martxoaren 30ean eta apirilaren 6an. Jendea gomitatua da meza horietan parte hartzera.

Mintzaldi

Ur Begiren aurtengo azken mintzaldia izanen da ortzirale huntan Lapurdi gelan. Gaia: Miarritze eta miarriztarrak munduko bigarren gerla denboran. Miarritzek 1944ko martxoaren 27an jasan zuen etsaiarenganik bonbardaketa. Jacques Soteras historialariak orduko argazki eta lekukotasunak bildurik kondatuko dauku garai latz hori. Mintzaldia hasiko da 18:30etan. Sartzea libro.

Kontzertu

Iparraldeko abesbatzen federazioak antolatzen du kontzertu bat larunbat huntan Jondoni Bixintxo elizan (20:00) ''Baiona Pays Basque'' abesbatza profesionalarekin, 50 bat minutu iraun behar lukeena. Ondotik entzuleek ukan dezakete trukaketa bat kantariekin, beren errepertorio eta musikaz. Sartzea libroa izanen da. Ongi etorri deneri!

Kantaldi

Julie Rouault uztariztar andere gazteak kantaldia eskainiko du heldu den igandean 30ean, Arruntzako elizan (16:00). Bere lehen diskoa aurkeztuko du; berak moldatu eta musikatu kantuetan erakusten du dohain bat bera eta ere gizartea hunkitzen duten gaietan. Sartzea libroa izanen da. Ongi etorri deneri!

Beste kantaldi

Uztaritzen finkatua den Bubamed elkarteak aspaldian laguntza ekartzen du mundu nahasi huntan eta baldintza txarretan beren herria utzirik Euskal Herrira etorri etorkineri. Laguntza hori egiten da diruz, materialez, teknikaz edo edozoin giza baliabidez. Helburu horrentzat antolatzen du kantaldi bat Jondoni Bixintxo elizan apirilaren 4an ortziralez (20:30). Aurtengo gomita: Oldarra gizon abesbatza famatua. Sartzea libroa izanen da eta prezioari dagokionez bakotxak emanen du estimatzen duena. Ongi etorri deneri!

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3779. zbk

Gure Hitza | 2025/03/27

Gure beldurrak erre

Peio Jorajuria

Ihauterien garaia bururatuxea da, aurtengo. Ene aldetik, Lapurdiko hiri bateko ihauteriak hurbildik segitu ahal izan ditut. Hobeki erran, hiri hortako ikastetxe desberdinetako lehen mailako haurren ihauteriak. Irakaskuntzako hiru sareetako (publiko, pribatu eta ikastola) hirurehun bat ikasle, jantzi koloretsutan, hiriko karriketan barna desfilatzen, polita zen. Batzuk zirtzilez bezti, besteak dantzariz edo ere joaldunez, ardi larruzko jantzia soinean, buru gainean tunturroa eta bizkarrean egiazko joareak. Zein harro ziren!

Hiria zeharkatu zuen desfileak, eta merkatu eguna baitzen, salmahaien artetik bazen alegeratasun, saltzaileen eta erosleen aurpegiak lorietan haur saldo hori haien artetik iragaitean. Eta hiriko pilota plazara heldu zen desfilea. Haurrak halako errondan bezala ezarri ziren, Zanpantzar gaizoa beren erdian zutela. Lehenik, haurrek taldeka eman zuten beren ikusgarria, dantza edo kantua. Eta bukaeran hasi ziren...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016