Orotarik | 2025eko Martxoaren 27a
Kukumarro
Xarles Videgain
Zedarria eta mugarria
Duela zonbait hilabete, Baigorrin B. Irigarai eta Manu Iñarra entzun nituen zedarriak eta mugarriak aipatzen. Ezagunenak frantses eta espainol estatuen arteko mugan daude baina beste anitz badira herrien artean, oihan bazterretan, alor ipuruetan hots ontasunen artean emanak direnak: harri bat ez balin bada ematen bada beste molderik zedarriaren lana egiteko: pezoia, hesia edo arbola bera...
Muga da bi jende, bi jendaki, bi jabe, bi populu, bi mintzaira, bi zibilizazione, bi estatu berez ezartzen dituen lerroa edo zerrenda eremua. Frankotan gatazka-iturri da edo gerla egiteko arrazoin eta estakuru. Urrun joan gabe, badakigu À¢'€'" historiak edo leiendak erranik À¢'€'" 1343an Baionako Pès de Pouyane auzapez jaunak Lapurdiko jaun eli bat estekarazi zuela Proudineseko zubian, Errobin. Lapurtarrek zioten Lapurdiko muga hedatzen zela marea Errobin goiti joaten zen lekuraino, erran nahi baita delako Proudineseko zubiraino, Miots Milafranga inguruan. Oker zirela laster ohartu ziren eta marea gorago joaten zelakoz larrutik pagatu zuten hil baitziren itorik. Horra muga zer den.
Mugarria da, izenak salatzen duen bezala, harri bat, muga markatzen duena. Eta muga da zerbaiten burua edo bazterra, ez bakarrik eremu batean. Diogu: haren ausartziak ez zuen mugarik. Denbora markatzeko ere muga hitza baliatzen da. Ez da oraino muga, ez da tenorea oraino. Mugaz agertu da, erran nahi baita, agertu da behar ez zen mementoan. Eta aldiz mugonean edo muga onez diogu: haugi bihar muga onez. Muga beraz denbora da, eta gutitan bada ere gertatzen da muga epe bat izatea, konparazione erranen da kabal bati, behi bati bere ermuga, bere erdimuga, erditzeko denbora jin zaiola.
Bizkitartean egungo egunean muga eremuari doakio gehienetan. Eta harri bat lurrean ezartzen da muga non den erakusteko.
Aipa dezagun zedarria zer den. Jende izena da, nik Euskal Herriko atlas linguistikoa zuzentzen nuen denboran, Bidarrain lagundu gintuen Yvonne Cedarry andereak Bidarraiko euskararen lekukoetarik izan baitzen. Bainan xede diogularik ez dugu beti leku bat ikusten, xedea da egingai den zerbait, helburu den zerbait. Ene xedea da gogoan dudana, erranen da: mutiko honek xede onak baditu bainan ez dute luzaz irauten. Beraz zer egin behar den hura nolabait muga gisa hartzen ahal da. Adibidez atletismoan edo Auzkiko jokoetan xedea da hunkitu eta gainditu nahi duzun marra edo muga: eman dezagun jauzi bat egin aitzin erranen duzula Mike Powel izan gabe: ene xedea 7 metrotan da, baietz nik iragan! Trabesa haizu baita.
Ikusten da hor emeki emeki nahasi direla zer egin nahi dugun (xedea edo muga) eta noraino heldu nahi dugun (muga edo xedea). Helburu hori markatzen ahal da xedeharri batez, hots zedarri batez.
Erran gabe doa mugarria eta zedarria gehiago aipatzen dituztela lurra dutenek pobreek baino. Zedarri nonbait izateak bermatzen du norbaiten ontasuna noraino doan jakitea. Oihenartek dio: "Aurhide biren alhor-artean ungi dago zedarria; hots, haurride, askazien artean ere, ez da gaizki zedarria ezartzea, zernahi gerta". Zedarria ez dadin lekuz alda, hots nehork ere zedarria ez dezan lekuz kanbia bere abantailetan, zedarri edo mugarriaren azpian ezartzen ziren lekukoak edo jakileak, adreilu puskak, teila puskak edo ikatz puskak, nekez mugiarazten zirenak.
Zedarria lekuz kanbiatzea garrazki gaztigatua zen bainan horra Eskiulan entzun nuen istorioa. Adiskide nuen hango errejent zahar bat, Pierre Orbiscay deitzen zena. Behin erran zidan, iratze leku, iraztor batean, ustez eta nehor ere ez zen ohartuko, auzo batek zedarri bat mugiarazi zuela. Geometroek eta adituek atzeman zuten bere jukutria. Beti ere Eskiulako lagunak erran zidan: "Argizeitea bete delarik, ilargia bete delarik, so egizu eta ikusiko duzu han gizon bat bizkarrean zedarria nekez ekartzen duena, nik uste ene aizoa dukezu. Baina ez nikezü nahi han egon ladin betiko". Pierre Orbiscay ez baitzen gaiztoa. Egia da ilargi betean ageri dela gizon baten itxura, zama handi bat bizkarrean duela.
Horra beraz, lurrean argizeitan bezala, gutartean dauden zedarriak eta mugarriak.













