Hegoaldean | 2025eko Urtarrilaren 16a
“Mitoaroa” ikuskizun liluragarria
A.E.
Ikuskizun eszeniko liluragarria sortu du Pello Reparazek bi gauez Iruñean eman kontzertuan. Zetak taldeko kantariak "Mitoaroa" ez zela kontzertu soila izanen iragarri zuen, eta hala izan da. 30.000 lagunek gozatu dute urtarrilaren 3 eta 4an Iruñeko Nafarroa Arenan ohidura eta modernitatea uztartu dituen musika eskaintza berritzaileak, 15.000 pertsona lehen hitzorduan eta bigarrenean beste 15.000. Bururatzean, ezustekoa eman eta, azken kontzertu bat iragarri du irailaren 6rako, Donostian.
ETB2n eta ETB nahieran ere zuzenean bigarren kontzertua gozatu ahal zen, ikuskizunak emaitza onak lortu zituen, telebistan emanaldiak 275.000 ikusle ukan baitzituen.
Zetak-en diskoa aurkezteaz gain, azken bost urteotako abestirik ezagunenak Pello Reparazek errepasatu zituen, bere musika laguntzaileek osatu taldeak ikus-entzunezko ikuskizun borobila ondu zuen oholtza gaina: ezusteko desagertze eta agertzeak, elementu eszeniko deigarriak, mitoen bueltako kontakizuna, artista gonbidatuak... eta une gogoangarri bezain hunkigarria. “Itzulera”, 2022ko Herri Urratserako Erramun Martikorenarekin elkarlanean sortu abestia, biek elkarrekin kantatu zuten eta ondotik, baigorriar kantariak Xalbadorren Heriotza abestean Nafarroa Arena guzia zutik jarri zuen.