Herriz Herri - Senpere (L) | 2025eko Martxoaren 27a

Kantaldia elizan larunbatean - Selauru hustea Amotzen - Haikuak Dantzan ostiralean - Euskaldunak munduan gaindi - "Soft" boleibola - Herri Txikiren bisita

Herri Txikiko artistak elkartuak
Herri%20Txikiko%20artistak%20elkartuak

Kantaldia elizan larunbatean

Martxoaren 29an (19:00), herriko pilota elkarteak, Artxeroak abesbatzaren laguntzarekin antolatzen du kantaldia Syndrome Pacs1 edo Schuurs-Hoeijmakers elkartearen alde. Gomita deneri zabaldua da, eliza barnean entzuteko gisan, "Artxeroak" talde ongi ezaguna eta hauekin kantari gazte taldea "Senpertar Hartzak'antuz". Belaunaldiz belaunaldi, kantari berriak heldu dira argira, zinez pozgarria. Prezioa: helduentzat 10€, 12-18 urte 5€, dohainik 12 urtez petik.

Selauru hustea Amotzen

Igandean, martxoaren 30ean (9:00-18:00), "Les Petits artistes d'Amotz" elkarteak antolatzen du selauru eta haur-karrosa hustea, kartiereko eskolaren alde, pilota plazan. Erreserba deituz 06-42-29-76-60 edo emailez lespetitsartisiesdamotz@hotmail.com. Jateko eta edateko lekuan bertan.

Haikuak Dantzan ostiralean

Poesia eta dantza, Japoniako kulturari loturikoa aurkeztua izanen da Pantxika Telleria Elirale konpainiak koreografia antolaturik, baita euskaraz. Arretxea eta Kattalin Elizaldeko, 6. eta 5. klasetako ikasleak deskubrituko ditugu taula gainean, beren hitz eta dantzekin natura ospatuko dute. Martxoaren 28an (19:00), Larreko kulturgunean, dohainik.

Euskaldunak munduan gaindi

Erakusketa hunek aipagai du, irudi, dokumentu eta argazkien bitartez, euskaldunen migrazioa munduko xoko guzietara, kolonial garaitik gaur egun arteraino. Larreko kulturgunean, urririk martxoko 28, 29 eta 31n, baita apirileko 1ean eta 2an, sartzea urririk, arratsaldetan argazkilarien presentziarekin, badugu zer ikas. Erakusketa parekatua da bertze batekilan deitua"Ouverture au monde", Patricia Perello eta Christophe Laulhé argazkilariek nabaritzen dute kolore zuri eta beltza beren obretan.

"Soft" boleibola

Departamenduko boleibol batzordeak, nahi luke jendea ekarrarazi joko hunen praktikatzera modu goxo batean, sarea apalago eta gune ttipiago batean, 4 kideko taldeetan. Belaunaldi guziak aritzen ahal dira, Senpereko kirol zelaian 6 ostiralez segidan, lehen saioa martxoaren 28an (17:30-19:00). Xehetasunak str.cdvb64@gmail.com edo www.cdvb64.com webgunean.

Herriko kontseilua

Eztabaida biziena sortu da, dudarik gabe, gizarteko aniztasun (mixité sociale) kontratuaren adostearekin.Herriak gibelamendu handia hartua du egoitza sozialen eraikitzean %8, SRU legeak agintzen duelarik %25 (824 egoitza), gaur egun 249 bizitegi sozial baizik ez dira. Horren ondorioa, 2024ko 220.000 euroren isuna. Jaureguyren iduriko, ezinezkoa da den bezalako kontratua adostea, gainera herriko finantzak lanjerean ezarriko lituzke urte luzetarako, programen bururatzeko diruztatzea beregain baizik izanen delakoan, Hats Berrik kontra bozkatu du. Idiartek aldiz, nahiz izpiritu onekoa izan, kontratu hunen baldintzak ez dira onargarriak, hauek zuri bozkatu dute. Ororen buru deliberatze huntan, bozketa sekretupean: 15 alde, 6 kontra eta 8 zuri, ohartzekoa da dirudienez, gehiengotik 5ek zuri bozkatu dutela eta bertze batek kontra. 2024ko aurrekontu orokorrarendako, 9 kontra, bertzalde 2025eko aurrekontu bideratzeek ere tira-birak sortu dituzte.

Herri Txikiren bisita

Sekulako giroa sortu du publiko euskaldun eta jendetsuak, Herri Txiki Infernu handiren aurkezpenean, Larreko salan. Erreportaietan aritu diren senpertar aktoreek gaitzeko trebetasuna erakutsi dute, bereziki umorea ongi erabiliz. Artista hauetan, Paxkal "Kapotte", Txeutx zurgina, Maryse eta Patxi laborariak, Marguerite Larrea betiko gaztea, Ellande pilotaria, Christian asto hezitzailea eta Maider kantaria. Miren Nogales eta Mikel Pagadi animatzaile apartak, Sebastian Lizasok bertsuetan oroitarazi du Herri Urratsetik kanpo, orainokoan ere gelditzen direla euskaldunak Senperen. Ororen buru, denak lorietan, irria ezpainetan, arrats bikaina iraganik, laster Euskal Telebistan.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3779. zbk

Gure Hitza | 2025/03/27

Gure beldurrak erre

Peio Jorajuria

Ihauterien garaia bururatuxea da, aurtengo. Ene aldetik, Lapurdiko hiri bateko ihauteriak hurbildik segitu ahal izan ditut. Hobeki erran, hiri hortako ikastetxe desberdinetako lehen mailako haurren ihauteriak. Irakaskuntzako hiru sareetako (publiko, pribatu eta ikastola) hirurehun bat ikasle, jantzi koloretsutan, hiriko karriketan barna desfilatzen, polita zen. Batzuk zirtzilez bezti, besteak dantzariz edo ere joaldunez, ardi larruzko jantzia soinean, buru gainean tunturroa eta bizkarrean egiazko joareak. Zein harro ziren!

Hiria zeharkatu zuen desfileak, eta merkatu eguna baitzen, salmahaien artetik bazen alegeratasun, saltzaileen eta erosleen aurpegiak lorietan haur saldo hori haien artetik iragaitean. Eta hiriko pilota plazara heldu zen desfilea. Haurrak halako errondan bezala ezarri ziren, Zanpantzar gaizoa beren erdian zutela. Lehenik, haurrek taldeka eman zuten beren ikusgarria, dantza edo kantua. Eta bukaeran hasi ziren...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016