Azalekoa | 2026ko Maiatzaren 07a

EREINez, euskal musika loratuz

A.E.

Urruñako Xaia ostatuan antolatua izan zen prentsaurrekoa
Urrunako%20Xaia%20ostatuan%20antolatua%20izan%20zen%20prentsaurrekoa

Ipar Euskal Herriko artistak, ostalariak, gaztetxeak, besta komiteak eta festibal antolatzaileak bildurik sortu da EREINez elkartea, besteak beste SACEM erakundearekiko ezjakintasunak bultzaturik. Tokiko musika hobeki identifikatzea, ulertzea eta baloratzea du xedetzat. Egun koordinatzaile lanetan ari den Mattin Rafurekin elkartu gira, elkarte huni buruz xehetasun gehiagoren ukaiteko.

SACEMaren funtzioa

SACEM Frantziako Musikagileen eta Editoreen Elkargoak, musika-egileen, konpositoreen eta editoreen eskubideak babestea du funtziotzat. Frantziako kultura ministerioaren izendapena du, musika sustatzearen helburuarekin.

Izan ere, artista batek obra bat idazten edota konposatzen badu, eta obra hori entzuna edo zabaldua bada, bere eskubide guzien kudeaketa SACEMi uzten ahal dio. Hego Euskal Herrian aldiz, egoera desberdina da, EKKI (Euskal Kulturgileen Kidegoa) elkartea sortu baitute. Hori dela eta, Euskal Herriko artistek beren kantuak babestu nahi badituzte, aukera dute EKKI eta SACEMaren artean.

Paraleloki, musika zabaltzen duten ostalari, gaztetxe, besta komite edota festibal antolatzaileek faktura bat ordaindu behar diote SACEMi, babestuak diren kantuak hedatu ahal izateko. EREINez elkarteko koordinatzaileak azaltzen zuen SACEMak ez zuela Euskal Herria ezagutzen, ez eta artistak ere. Maiz gertatzen da kontzertu bat antolatu eta, SACEMaren faktura bat jasotzea, nahiz eman diren kantuak babestuak ez izan.

Ohar eta kexa horiek Ipar Euskal Herritik haratago entzuten dira, Frantzia estatu osoan.

Informatu, babestu eta lagundu

Frantziako Musikagileen eta Editoreen Elkargoarekiko ezjakintasunetik bultzatua izan zen EREINez elkartearen sorrera. Beñat Elizondo Xaia ostatuko jabeak SACEMarekin arazoak ukan zituen, 2025ean publiko egin zirenak. Hain zuzen ere, bere ostatuan euskal musika baizik ez zuela ematen eta SACEMek artistak nola ordaintzen zituen ez zekiela, faktura ez ordaintzea erabaki zuen. Afera urrun joan zen, eta 9.000 euro inguruko isuna jarri zioten. Pagatu ez zuenez, 6.000 euro kendu dizkiote bere Xaia ostatuko kondutik. Gertatu zenarekin ostalariak elkartasun anitz ukan zuela eta, zerbait muntatu behar zela gogoetatu zen.

Egun, elkartea ez da oraindik ofizialki sortua, arazo teknikoengatik prefekturak galdea ez onarturik. Artikulua idazterakoan, bigarren saiakera ere ezeztatua izan zaie. EREINez-eko kideak elkartzekoak ziren, ezeztapen hori arrazoi beragatik gertatu ote den ala beste zerbaitengatik izan den argitzeko.

Zubi lana egiteko xedez

Dinamika huntan sarturik, hamar bat kide dira erregularki elkartzen ari, 30 bat artisten babesarekin.

Helburuetariko bat musika ekosistema hobeki ulertzea da, artista, ostalari, festibal antolatzaile, besta komite eta gaztetxeei SACEMarekin zer harreman duten jakitea eta nolako laguntza ukan nahiko luketen, azken huni hobeki erantzuteko.

EREINez elkarteak zubi lana egin nahi du artista eta erakundeen artean. Hala ere, azpimarratu da helburua ez dela SACEMi lekua kentzea, baizik eta interlokutoreak izatea.

Oro har, xedea da tokiko musika erabileren datuak hobeki biltzen laguntzea; aldi berean, artisten lana hobeki aitortua izatea sustatzea, antolatzaile eta ostalariei informazioa baita laguntza eskaintzea, sektoreko egiturekin elkarrizketa egonkorra eraikitzea eta lurraldeari ahots bateratua ematea.

Usutan jakiten ez bada ere, SACEMak diru laguntzak proposatzen ditu festibalentzat.

Harremanetan sar daiteke guresoinuaereinez@gmail.com mailaren bidez.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3833. zbk

Gure Hitza | 2026/05/07

Euskarari bai, murrizketei ere bai…

Ainhoa Etxenike

Berria fite hedatu da: apirilaren 27an, Urruñako herriko kontseiluko lehen osoko bilkuran, 26.500 euroko diru murrizketa bozkatua izan da elkarteen diru laguntzetan. Besteak beste Seaska da kaltetuena izanen, Urruñak emanen dien laguntza 22.000 eurotik 2.500 eurora pasako baita, hau da %89 gutiago. Oro har, euskararen aldeko diruztatzean %71ko apaltzea izanen da. Seaska kaltetzeaz gain, AEK, Euskal Konfederazioa, Uda Leku eta Hazia elkartea bezalako egiturak ere kaltetuak izanen dira.

Erabaki zentzugabekoagoa gainera, bilkura hastapenean Azterketak Euskaraz-ek Herriko Etxeak euskarazko azterketen aldeko jarrera har dezan aurkeztu mozioa onartua izan baita. Xuri erran, beltz egin…

Berri kezkagarri hunen parean, Urruñako ikastolak agiri bat zabaldu du, bere desadostasuna jakinarazteko. Horretarako, Sebastien Etchebarne auzapez berriak bere taldearekin hauteskunde programan eta kanpainako agirietan...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016