Herriz Herri - Aiherra (NB) | 2026ko Maiatzaren 07a
Thomas Ospital artista-musikaria Kanbon
Ez da nornahi Thomas Ospital, Aiherra Auxoteako semea. Gazte gazterik pianoan eta bereziki organoan atrebitua, ikasketak Baionan, Donostian eta Parisen eginik, aski fite irabazi zituen internazional mailako sariak eta txapelketak.
36 urteko artista Pariseko Saint-Eustache elizako organo-joile titularra da 2015etik. 2016tik 2019ra “Maison de la Radio” etxean 3 urteko egonaldia egin zuen lehen organo joilea izan zen. 2021eko irailetik, Parisko CNSMko goi mailako irakaslea da. Artetik 2012an, Estatu Batuetan 6 hilabetez organista izan zen New Orleanseko Saint-Louis katedralean. Geroztik nazioarteko hainbat lehiaketetan parte hartzen du, sari ezberdinak lortuz.
Kontzertu handiak munduan zehar asko tokitan emaiten ditu, hala nola hilabete huntan Portugalen, Parisen, Azay le Rideau eta Saint-Amand-Montrond herrietan, Alemanian (Oldenburg), bai eta Kanbon maiatzaren 9an, elizan, Sebastien Bach musikari famatuaren omenez.
Gisa huntako kontzertuen ikustea arraro baita hemen gaindi, parada ederra emana zauku artista gaztearen ikustera joaiteko, eta Bach artistaren obra deskubritzeko. Haatik hobe aitzinetik tokiak erreserbatzea (Hello Asso). Kontzertua tenorean hasiko da (20:30).











