Han eta Hemen | 2026ko Maiatzaren 07a
EKEren biltzar nagusia
Euskal Kultur Erakundearen (EKE) eginkizun nagusia Ipar Euskal Herriko elkarteak laguntzea da. Elkarte horiek diruz sostengatzen ditu ikusgarriak antolatzeko, gogoeta-prozesuak bultzatzeko edota agenda osatzeko, adibidez. EKEren baitan, besteak beste, kantugintza, antzerkia, bertsolaritza, dantza eta literatura arloko elkarteak biltzen dira.
Horrez gain, Estatua, Akitania Berria, Departamendua eta Euskal Elkargoa EKEren partaide instituzionalak dira.
Aurten, apirilaren 25ean iragan da EKEren urteko biltzar nagusia, Donapaleuko Saint-Louis gelan. Ordezkatuak ziren 180 elkartekide baino gehiagok – 98 hor berean bilduak zirela –, 2025eko ekintzen bilduma eta kontuak onartu dituzte.
Diru-galtzeari buruzko puntu bat ere egin da. Izan ere, EKEren historian lehen aldiz, 2025ean 18.810 euroko defizitarekin bururatu da urtea. Neurri handi batean, Frantziako Kultura Ministerioaren dirulaguntzan aurreikusi gabeko 30.000 euroko apaltzearekin lotua da, eta aldi berean hainbat gastuk ere gora egin dutelako.
Johañe Etchebest zuzendariak aurtengo egitasmoaren norabide nagusiak aurkeztu ditu, eta jakinarazi du EKEk 2026an ere dirulaguntza publikoen apaltzea pairatuko duela (Estatuaren eta Departamenduaren aldetik).
Baliabide urriagoen ondorioz, EKEk zenbait egitasmo bazterrean uztea erabaki du, eta eguneroko funtzionamenduan ere moldaketak egin ditu. Orain arte kanpoko zerbitzuei uzten zitzaizkien hainbat lan, grabaketak edota itzulpenak bezala, beren gain hartuko dituzte, langileen zereginen artean banatuz. Neurri horiekin murrizketen eragina apaltzen entseatzen diren arren, erakundeak aitortu du ezinbestekoa bihurtu zaiola beste finantzaketa-iturri batzuk bilatzea.
Johañe Etchebestek 2025eko ekintzen bilduma egin du, eta paradaz baliatu da Uztaritzeko kultur poloaren egituratzearen berri emateko; polo horrek EKE, Herri Soinu, Iparraldeko Dantzarien Biltzarra eta Bertsolarien Lagunak biltzen ditu. Aldi berean, dinamika horren baitan kokatzen den Lota jauregiaren zaharberritzea ere aipatu da: Euskal Elkargoak, jabe gisa, beregain hartuko du proiektua ondoko hilabeteetan.












