Herriz Herri - Baigorri (NB) | 2026ko Maiatzaren 07a
Pilota - Karrika antolaketa - Plaza libro - Bide mozte Baztanen - Bi baigorriarren liburuak
Pilota
Frantziako txapelketaren finala, helduen mailan, bi baigorriarren artean jokatu da Senperen. Belarreko semea irabazle: Andoni Larre 40/Xabi Alcasena 35. Goresmenak bieri!
Karrika antolaketa
Bidea erabiltzaile guzien artean ongi partekatzeko, oinbide bat eta zolako marka berriak eman dira Gaineko Karrikan. Helburua da auto eta motoen abiadura emekitzea eta toki bat uztea ziklista eta oinezkoeri.
Plaza libro
Herriko Etxearen abisua: aro ederrak heldu zauzkigu eta horrekin batean, plazako partidak ere. Gure pilotari gazteak berriz heldu dira trebatzera edo partiden jokatzera. Lekua libro utzi behar dakotegu, gure autoak Herriko Etxe edo eliza gibeleko parkinetan aparkatuz.
Bide mozte Baztanen
Izpegiko “Rallye” auto lasterketa maiatzaren 9an iragaitekoa da, arratsaldez (ibiakoitz huntan). Horrengatik, bidea hetsirik egonen da Izpegiko lepoa eta Erratzu artean (13:00-19:00).
Bi baigorriarren liburuak
Maiatz argitaletxeak bi herritarren liburuak plazaratu ditu berriki. Marikita Tambourin-en “Ubeldurak” eta Pantzo Hirigarairen “Hamar laminak”.
- “Ubeldurak”
Marikitaren olerki bilduma, poema hunkigarriz eta ardura goibelez osatua.Zahartzea, ezintasuna, bizi nahia bainan itxaropen eza, iraganaren nostalgia senar zena ardura gogoan. Funtsean, joan den abenduan zendu zen Peixoto zenari eskaintzen dio liburua. Hauxe dio “Hiltzen naizenean” izeneko olerkiak: “Hiltzen naizenean erauts nazatela eta hautsak barrea Eiharaldean, Ilartxipi gainean, haitz baten pean, xendra bazterrean, Oilandoiri begira”.
- “Hamar laminak”
Gaia: 2043ko urte hondarrean gertatzen da. Ipar Euskal Herriak dituen azken hamar euskaldunakIratiko txalet batean kokaturik daude, elur ekaitzarengatik. Euskaltasunaren hondar ordezkariak dira: azken bertsularia, azken euskaltzaina, azken pilotaria, azken idazlea eta abar... Eta huna nun bata bestearen ondotik erailak diren, hobenduna heien arteko bat izanki. Zoin da hobenduna? Zoin dira hunen motibapenak? Jakinmina eta umore beltza dira liburu hunen bi osagai nagusiak.
Bi obrak liburutegi eta komertzio frangotan salgai dira. Gure herriari dagokionez, Baigorriko Spar Oronos saltegian aurkituko dituzue.











