Herriz Herri - Uztaritze (L) | 2026ko Maiatzaren 07a

Kontseiluko biltzarra - Biltzar nagusi: Kapito Harri - Pilota

Sariztatuak lehendakariekin (batzu falta ziren)
Sariztatuak%20lehendakariekin%20(batzu%20falta%20ziren)

Kontseiluko biltzarra

Joan den ortzegun arratsean iragan da kontseiluko biltzarra 23 hautetsi zirela tokian, bertze seiek boterea emanik zutela. Huna aho batez onartu gaiak:

Sute eta sokorrientzat erreferente baten izendatzea (C. Socodiabehere).

Zuzeneko zergen herriko batzordearen berritzea (16 titular, 16 ordezko).

Lehen haurtzaroko zerbitzu publikoaren kontu, frantses estaduaren diru laguntzaren ordaintzeko, Euskal Elkargoarekiko hitzarmena onartzea.

AR 580 lursailean elektrika kanalizazio baten jartzeko hitzarmena Enedisekin.

2025-2026 ikasturteko eskola forfeta.

Besten eta zeremonien gastuak.

Aurtengo diru laguntza CCAS ekintza sozialen zentroari.

2026 urteko aitzinkontu gehigarria ehorzketa sailan.

Tokiko zergen tasen finkatzea.

2026ko aitzinkondutik diru aitzinatze bat ehorzketen sailari.

Hirigoina sindikatuari zuzenkontra hartu diruaren itzultzea.

Pinaquy sozietatearenganik, alokamendu enfiteotiko baten gastuen biltzea.

Herriaren eta erakunde publikoen artean lurralde gizarte batzordearen sortzea.

Lurralde gizarte batzordeko langile ordezkarien kopurua finkatzea (3 titular).

Barne promozio eta gradu aitzinamenduekin 7 lanposturen sortzea.

Departamenduko mugikortasunaren kudeaketa zentroan sartzeko baimena.

Hautetsien formakuntzaren gastuak.

Tokiko hautetsien deontologo erreferente baten izendatzea (Paueko unibertsitateko Annie Fitte Duval anderea).

2026ko baxoaren azterketak euskaraz pasatzearen aldeko mozioa.

Ondoko bi gaiek 6ra abstentzio hartu dituzte oposizioaren ganik:

- Lurralde gizarte batzordeko Elkargoko ordezkarien izendatzea.

- Hautetsi bat izendatzea Ipar Euskal Herriko SPL sozietatearentzat (H. Moulia).

Azkenik 2026ko lehen aitzinkonduek, hala beharrez edo ohiduraz, 6 boz kontra ukan dituzte beti oposizioarenganik.

Hurrengo biltzarra maiatzaren 28an.

Biltzar nagusi: Kapito Harri

Joan den ortzegun arratsean egin du Kapito Harri elkarteak bere urteko biltzar nagusia trinketean, 40 bat kiderekin. Alain Toffolo lehendakariaren agurraren ondotik minutu bat isiltasun errespetatua izan da azken 6 hilabetetan galdu ditugun 3 kideak gogoan: Eneko Pelletrat, Maurice Dubroca eta Pantxoa Saint-Esteben. Joana Goyenetche kirol axuantak egin du bere ongietorria beste bi hautetsirekin herriaren izenean, gero kontseilu biltzarrera laster joan direla. Txosten moralean jakin da Kapito Harri lizentziatu kopuruz (225 kide, horietan 82 emazte) Ipar Euskal Herriko hirugarrena dela Zaharrer Segi eta Goizeko Izarraren ondotik. Sophie Perochena diruzainak eman du zehazki diru kontuen berri, osoki orekatuak eta 1.796 euroren etekin batekin bukatu dela jazko urtea. Aurten elkartearen mendemuga kari, diru laguntza bereziak galdeginak izan dira ekintzen segurtatzeko. Ondotik sail bakotxeko ordezkariek eman dute urteko gorabeheren berri: Mirentxu Dabbadiek emazteen saila, palan, frontenisean eta frontballean zonbait txapeldun titulurekin; Bruno Ezkurraren aldi esku-huska aipatzeko, 80 lizentziatu eta 15 trebatzailerekin ari dena; Pierre Lalannek joko garbiaren eta Alain Toffolok errebotearen berri eman du bi sail horietan direla pilotari kopuru handienak eta xapelgoetan ongi ateratu direnak iragan urtean. Aurtengo ospakizunetan asko partida ikusi behar ginuke herrian uda osoan, xapelgoetan, ekainean besta kari, uztailaren 14an eta pilotaren aste handian agorrilean. Mendemugaren ospakizun bereziak izanen dira irailaren 12ko asteburuan. Jakinen da hortaz gehiago ondoko asteetan. Zuzendaritza ere berritu da, ondotik Mirentxu Dabbadie, Christophe Belascain eta Peio Pelletrat sartu direla. Biltzarra bururatzeko iragan urteko txapeldunak ohoratuak izan dira lehendakariaren eskutik. Goresmenak deneri. Elkarteak eskaini krakada batekin bukatu da gaualdia.

Pilota

Nola ez segi oraino pilotarekin? Erreboteko partidak hasi dira Kapito Harrirentzat pasatu asteburuan eta emaitzak hauek dira: gazte mailakoak nagusitu zaizkio Kanbori 10/9. Helduetan 2. mailakoak nagusitu zaizkio Azkaineri 13/2; 3. mailakoek aldiz galdu dute Senpereren kontra 6/13. Segidako partidak ondoko astean.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3833. zbk

Gure Hitza | 2026/05/07

Euskarari bai, murrizketei ere bai…

Ainhoa Etxenike

Berria fite hedatu da: apirilaren 27an, Urruñako herriko kontseiluko lehen osoko bilkuran, 26.500 euroko diru murrizketa bozkatua izan da elkarteen diru laguntzetan. Besteak beste Seaska da kaltetuena izanen, Urruñak emanen dien laguntza 22.000 eurotik 2.500 eurora pasako baita, hau da %89 gutiago. Oro har, euskararen aldeko diruztatzean %71ko apaltzea izanen da. Seaska kaltetzeaz gain, AEK, Euskal Konfederazioa, Uda Leku eta Hazia elkartea bezalako egiturak ere kaltetuak izanen dira.

Erabaki zentzugabekoagoa gainera, bilkura hastapenean Azterketak Euskaraz-ek Herriko Etxeak euskarazko azterketen aldeko jarrera har dezan aurkeztu mozioa onartua izan baita. Xuri erran, beltz egin…

Berri kezkagarri hunen parean, Urruñako ikastolak agiri bat zabaldu du, bere desadostasuna jakinarazteko. Horretarako, Sebastien Etchebarne auzapez berriak bere taldearekin hauteskunde programan eta kanpainako agirietan...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016