Mundu zabalean | 2026ko Maiatzaren 07a
Datu zentroen artean bizi behar
M.O.
Ashburn Estatu Batuetako Virginia estatuan da, Interneteko trafiko handiena kudeatzen duten datu zentroen (Data centers) hiriburua bilakatua da. Eskualde horretako 46.000ko bat herritarrek azantza akustikoen eta kutsaduraren artean bizi behar dute.
Datu zentroak herritarren kalterako
Datu zentroa, data centers izenean ezagutua, azpiegitura bat da energia hornidurak, hozte sistemak, informatika zerbitzaileak eta programa sistemen kudeatzaileak biltzen dituena. Ordenagailu zerbitzari horiek, ChatGPT eta beste edozein adimen artifizial asmatzeko ezinbestekoak bihurtu dira, munduko Interneteko trafikoaren %70a Ashburn-etik (Virginia) abiatzen da.
Vantage data centers sozietate erraldoia Ashburn-en plantatu denean, 150 etxeren ondoan eraikia izan da. Errepide baten ertzean, zuhaixka apal batzuek gordea, hor bizi diren herritarrak haserretuak dira: “Azantza etengabe entzuten da, etxe barnean motor bat balitz bezala.Gure eguneroko bizitzan eragina du, oinez ibiltzea ala terrazan egoitea ez da gehiago posible. Ez ginuke munduko digitalaren onurako gure osasuna eta ongizaitea sakrifikatu behar. Zein puntutan adimen artifiziala geldiarazi edo kontrolatu behar dugu?”.
2023az geroztik hor bizi direnek azpiegitura horien erritmoan bizi behar dute. Apirilean 82 dezibel erregistratuak izan dira, Estatu Batuetako Ingurumena Babesteko Agentziak (EPA) 55 dezibeleko heina gomendatzen duelarik. Azpiegitura horiek loratzen ari diren bitartean, begi eta biriketako sumindurak, buruko minak, eztul krisiak, bestelako nahasmenduak… herritarren osasuna okerrera doala errana da.
“Promesa faltsuak”
Vantage data centers multinazionalak 1,125 miliar dolarreko finantzaketa du. Lekukoeri presentatua izan zitzaien proiektua baino sei aldiz handiagoa eraiki da, tokikoek engainatuak izan direla salatzen dute. Baketsua zen auzoan herritarrak mobilizatu dira, Vantage data centers-ek sortzen dituen kalteengatik kezkatuak dira. Jasanezina dela frogatzeko dokumentuak eta ikerketak biltzen ari dira. Hainbat etxetan aire-sentsoreak instalatuak izan dira, ondorioz partikula finak detektatuak dira. Urtarrileko elurtze batean, datu zentroen inguruetan ke beltza ateratzen filmatua izan da. Tokiko agintariak eta Vantage data centers talde estatubatuarra emisio horien toxikotasunari buruz isilik daude, erantzunik eman gabe.
Mobilizazioak segitzen du, Piedmont Environmental Council Gobernuz Kanpoko Erakundeak bultzaturik. Kutsadura horren salatzeko izenpetze kanpaina abiatua da.
“Energia ebasle”
Adituek egoera hurbiletik jarraitzen dute eta arranguratuak dira Virginiako datu zentroek Manassas National Battlefield Park parkea kaltetzen dutelako. Bestalde salatzen dute zentro horiek energia ebasleak direla, herritarren kalterako. Zioten: “Herritarrek kutsadura eta azantza jasan behar dituzten bitartean, munduko teknologia enpresa handienen azpiegitura energetikoa nahi ala ez finantzatzen dute”. Fakturak eskuetan, hainbat bizilagunek diote goi-tentsioko lineak berritzeko argindar prezioa anitzez emendatu zaiela.
Datu zentroak hornitzeko sare elektrikoak ez direnez nahikoak, diesel sorgailuak erabiliak dira, pana bat balitz aktibitatea berehala segitzeko gisan. Eskualde horretan 2021/2025 urte artean elektrizitate kontsumoa %166ez goratu da eta adimen artifizialaren garapenarekin bost urteko epean berriz bikoiztu daiteke. Ingurumen elkarteentzat datu zentroek hodiak hozteko anitz ur kontsumitzen dute, gardentasun eskasa ere aipatua da.
Agintari politikoen jarrera
Buddy Rizer Loudoun lurraldeko garapen ekonomikoko exekutiboak dio, herritarren kexuak entzuten dituela. Ber mementoan hautetsiek Data Center Alley-ren bertute ekonomikoak goraipatzen dituzte, enpresek lurraldeko zerga diru-sarreren %45a ordezkatzen dutela argumentatuz.
Holako egitura horien ondorioak agertzen ari dira, elektrika indar eskasagatik arazoak badira, Loudoun Konderriak erabaki du ez duela gehiago holako proiekturik onartuko. Agintari politiko batzuk akatsak eginak izan direla onartzen dute, bereziki etxeetatik hurbil eraikia izaitea. Zioten: “Gure asmoa ez zen inoiz handiena izaitea, baina ekonomia emendatzeko ahalik eta lan onena egitea, herritarren lasaitasunaren eta osasunaren kaltetan izan da”.











