Herriz Herri - Senpere (L) | 2026ko Maiatzaren 07a

“Geroa eraikiz” lemapean 43. Herri Urrats - Antzerkia - Ganibet egileen eguna - Herriko kontseilua - Maiatzaren 8ko zeremonia - Mus lehiaketa

Herri Urratseko protagonista
Herri%20Urratseko%20protagonista

“Geroa eraikiz” lemapean 43. Herri Urrats

Maiatzaren 10ean, milaka euskaltzalez beteko da beste behin ere Senpereko aintzira besta giroan Seaskari laguntza ekarri nahian. “Laku Bat Orroka” abestiaren bideoklipak, Eñaut Castagnet-ek zuzendurikoak, gonbidapena zabaltzen dauku. Hemen aurkitu dugu lakuetako uretatik jalgitzen igela erraldoi bat, aurtengo “maskota” segurenik. Betiko egitarau aberatsarekin dugu hitzordua, animazio nasaiki leku desberdinetan. Aurtengo diru sarrerak, Donapaleu herrian eraikia izanen den Seaskako bigarren lizeoari bideratuko zaizkio. Berezitasunetan ere, txartelaren balioak 0,05€-ko emendapen ttipia hartuko du.

Antzerkia Larrekon larunbatean

Jainkoaren sekretuetan gira “Les confidences de Dieu” antzerkiarekin, Herri Urrats bezperan aurkeztuko dena, maiatzaren 9an (21:00). Leher egina delakoaz, Jainkoak azken indarrak eszenatokian botatzen ditu gaurko munduari buruzko behako irringarri dramatikoa eginik. Erlijioa, amodioa, politika, boterea, Luzifer, dena aipagai etenik gabe. Irringarria, hunkigarria, garratza, Farid-ek ikuskizun berezia eta gaurkoa eskaintzen digu. Prezio osoa 20€, murriztua 15€, erreserba: https://www.billetreduc.com gunean.

Ganibet egileen eguna

Maiatzaren 14ko ostegunean (9:00-18:00), Senpere bilakatuko da sua, metala eta jestuaren antzokia, Arbaso elkartearen ekimenez. Tradizioa eta sorkuntza uztartuz, hamabost ganibet egile eta arotzek beren mundu zorrotza azalduko daukute, biziaraziz beren pasionea. Salbuespenez, Iruneko “Forjas Brun” aspaldiko arotzek, lehengo aroztegi edo oleten barna murgiltzera proposatuko daukute, garai bateko materialarekin.Hauen saihetsean, hogei artisau eta ekoizlek aberastuko dute eguna beren tokiko sorkuntza eta ekoizpenekin. Egunean zehar, erakustaldi, tailer eta harremanek nabarituko dute lanbide bizidun horien sentsua geroari beha. 11:00etan eskainia izanen den haurren tailerrak lagunduko ditu beren sortze jeinuaren azaltzera. “Sarrakari” danborradak alaituko du ekitaldia, hunen ondoan auto zaharren elkarretaratzea ikusgai izanen da. Ostatu eta janari lekuan bertan.

Herriko kontseilua

Azkeneko herri kontseiluan, finantzen inguruko bilkura eztabaidatsua izan da. Ikusiz finantzen egoera kezkagarria, zonbait erabaki latzen hartzera bortxatuak izan dira hautetsiak. Hala nola, senpertarren zergak %3z emendatuko dira, elizako lanak gibelatuak, herriko 110km-ko bideen konpontze lanekere ez dute lehentasunik ukanen. Aitzineko agintarien erabaki ez aski gogoetatuek sobera gastu sorturik, gaur egun maniobratzeko leku guti uzten dute. Elhorga bere aldetik saiatu da defenditzea bere jokamoldea. Elkarteei bideratu diru laguntzak guti gorabehera mantenituak dira. Bilkura bururatzean, bertze anitz herritan bezala, mozio baten izenpetzea proposatua izan zaie hautetsiei, hunek galdegiten duelarik aukera baxoko ahozko handia (grand oral) euskaraz pasatzeko, baita matematika azterketak.

Maiatzaren 8ko zeremonia

Ohiko ekitaldia abiatuko da Herriko Etxetik (10:15), meza (10:30), hilen oroitarrian iraganen da usaiako zeremonia (11:30) Emak Hor-eko musika baita eskoletako haurren parte hartzearekin. Ondotik tragotxoa eskainia da Herriko Etxean.

Mus lehiaketa

Ostiralean, maiatzaren 8an (14:00), Xabatene gelan, Gantxikiren saihetsean, mus lehiaketa interesgarria, Senpereko gazte komiteak antolatua. Izen ematea deituz: 06-35-25-73-57 edo bertan (13:00), 12€ pertsonaka parte hartzea. 300€ irabazleentzat eta 100€ finalistentzat.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3833. zbk

Gure Hitza | 2026/05/07

Euskarari bai, murrizketei ere bai…

Ainhoa Etxenike

Berria fite hedatu da: apirilaren 27an, Urruñako herriko kontseiluko lehen osoko bilkuran, 26.500 euroko diru murrizketa bozkatua izan da elkarteen diru laguntzetan. Besteak beste Seaska da kaltetuena izanen, Urruñak emanen dien laguntza 22.000 eurotik 2.500 eurora pasako baita, hau da %89 gutiago. Oro har, euskararen aldeko diruztatzean %71ko apaltzea izanen da. Seaska kaltetzeaz gain, AEK, Euskal Konfederazioa, Uda Leku eta Hazia elkartea bezalako egiturak ere kaltetuak izanen dira.

Erabaki zentzugabekoagoa gainera, bilkura hastapenean Azterketak Euskaraz-ek Herriko Etxeak euskarazko azterketen aldeko jarrera har dezan aurkeztu mozioa onartua izan baita. Xuri erran, beltz egin…

Berri kezkagarri hunen parean, Urruñako ikastolak agiri bat zabaldu du, bere desadostasuna jakinarazteko. Horretarako, Sebastien Etchebarne auzapez berriak bere taldearekin hauteskunde programan eta kanpainako agirietan...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016