Gure Hitza | 2026ko Maiatzaren 07a

Euskarari bai, murrizketei ere bai…

Ainhoa Etxenike

Berria fite hedatu da: apirilaren 27an, Urruñako herriko kontseiluko lehen osoko bilkuran, 26.500 euroko diru murrizketa bozkatua izan da elkarteen diru laguntzetan. Besteak beste Seaska da kaltetuena izanen, Urruñak emanen dien laguntza 22.000 eurotik 2.500 eurora pasako baita, hau da %89 gutiago. Oro har, euskararen aldeko diruztatzean %71ko apaltzea izanen da. Seaska kaltetzeaz gain, AEK, Euskal Konfederazioa, Uda Leku eta Hazia elkartea bezalako egiturak ere kaltetuak izanen dira.

Erabaki zentzugabekoagoa gainera, bilkura hastapenean Azterketak Euskaraz-ek Herriko Etxeak euskarazko azterketen aldeko jarrera har dezan aurkeztu mozioa onartua izan baita. Xuri erran, beltz egin…

Berri kezkagarri hunen parean, Urruñako ikastolak agiri bat zabaldu du, bere desadostasuna jakinarazteko. Horretarako, Sebastien Etchebarne auzapez berriak bere taldearekin hauteskunde programan eta kanpainako agirietan agerturiko engaiamenduak berriz hartu ditu. Besteak beste, irakur daiteke: “Haurrak babestea Urruñaren etorkizunean inbertitzea da. Herrian eskolaturiko haur guzientzat tratu-berdintasuna bermatzeko gure borondatea berresten dugu, haien auzoa edo ibilbidea edozein dela ere”. “Azkenik, euskal hizkuntza eta kultura gure nortasunaren elementu bizidun gisa guztiz balioetsiko dira, gizarte-loturaren, transmisioaren eta harrotasun kolektiboaren eragile”.

Egoera hunen parean, Urruñako ikastolak “Ez ginuen pentsatzen gehiengo berriak hain fite (hilabete batez) haren burua sinesgarritasunik gabe utziko zuela eta hitz emandakoaren kontrakoa eginen zuela” zioen.

Kontraerran hunen haritik, Euskal Hedabideak elkarlanean, herriko bozen bigarren itzulian egin zuzenezko platoan, Aitziber Zapirain kazetariak Sebastien Etchebarne euskararen inguruan galdezkatua zuen, eta bere arrapostua “Urruñan euskara egiten da denetan, gure gorputzean, bihotzean, denetan. Urruña euskalduna da, segitzen dugu bistan dena, eskoletan eta Herriko Etxean ere”.

Diru murrizketa hori justifikatzeko, Herriko Etxearen egoera ekonomikoari lotua dela azaltzen da. Baina urruñarrentzat bizitegi zergaren %8ko emendatzea, elkarteei emandako diruaren 26.500 euroko murrizketa eta joan den aldiko herriko kontseiluan hautetsien ordainsariak urtean 50.000 euroz emendatuak izan direla oroitarazi du Urruñako ikastolak, hots elkarteei kenduko zaienaren bikoitza.

Hala ere, ikastolak zabaldu agiriari erantzun diote Urruñako auzapezak eta gehiengoko hautetsiek, punduz pundu ihardetsiz (www.urruna.eus webgunean irakurgai da).

Euskararen kontra joatea baino, euskararen alde eta sustatzaile gisa aurkeztea politago baita…

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3833. zbk

Gure Hitza | 2026/05/07

Euskarari bai, murrizketei ere bai…

Ainhoa Etxenike

Berria fite hedatu da: apirilaren 27an, Urruñako herriko kontseiluko lehen osoko bilkuran, 26.500 euroko diru murrizketa bozkatua izan da elkarteen diru laguntzetan. Besteak beste Seaska da kaltetuena izanen, Urruñak emanen dien laguntza 22.000 eurotik 2.500 eurora pasako baita, hau da %89 gutiago. Oro har, euskararen aldeko diruztatzean %71ko apaltzea izanen da. Seaska kaltetzeaz gain, AEK, Euskal Konfederazioa, Uda Leku eta Hazia elkartea bezalako egiturak ere kaltetuak izanen dira.

Erabaki zentzugabekoagoa gainera, bilkura hastapenean Azterketak Euskaraz-ek Herriko Etxeak euskarazko azterketen aldeko jarrera har dezan aurkeztu mozioa onartua izan baita. Xuri erran, beltz egin…

Berri kezkagarri hunen parean, Urruñako ikastolak agiri bat zabaldu du, bere desadostasuna jakinarazteko. Horretarako, Sebastien Etchebarne auzapez berriak bere taldearekin hauteskunde programan eta kanpainako agirietan...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016