Herriz Herri - Urruña (L) | 2026ko Maiatzaren 07a

Irati Alcantarilla Hendaian irabazle - Herriko euskalgintza haserre - Azokaroa - Euskaraz Bizi - Selarua atelierraren erakusketa - Kontzertua - Palestinaren aldeko eguna - Mus txapelketa

Irati Alcantarilla bertsolari urruñarra
Irati%20Alcantarilla%20bertsolari%20urrunarra

Irati Alcantarilla Hendaian irabazle

Irati Alcantarilla Urdanpilleta bertsolari urruñarra izan zen garaile Hendaiako Enbata gaztetxean apirilaren 27an jokatu zuten Hernandorena bertso sariketaren bigarren saioan. June Aiestaranekin batera, zuzenean sailkatu zen maiatzaren 9an Uztaritzeko Latsa gelan izanen den finalerako. Final horretarako hauek dira sailkatu diren bertsolariak: Nahia Etxeberri, Kattin Madariaga, Irati Alcantarilla, June Aiestaran, Izaro Bilbao eta Irantzu Idoate.

Herriko euskalgintza haserre

Sebastien Etxebarne auzapezaren esku den udal berriak apirilaren 27an urterako aitzinkontua aurkeztu zuen, eta herriko buxeta orekatu nahi duela aitzakia gisa harturik, sakrifizio eta austeritatea eskatu zituen. Kaltetuena euskalgintza izanen da. Seaskari %89ko murrizketa eginen dio, Euskal Haziak delakoari (ikastetxe katolikoen sare elebiduna) %76koa, Udaleku elkarteari %37koa, Errexil Bertso Sariaren antolakuntzari ez dio deusik emanen… eta abar. Beste alorretan ere murrizketak aipatu zituen: udal langileen sarietan adibidez. Gainera, bizitegi zerga %8an igoko dute, urruñar guzien kalterako. Aldi berean, kontseiluko hautetsiei saria emendatuko diete. Elkarteei eginiko ekarpenean 26.500 eurotan apalduko dute, eta anartean, hautetsien ordainsariak 50.000 eurotara emendatuko dute. Euskara, elkarteak eta urruñarrak galtzaile.

Azokaroa Urruñan

Aurten, Ziburuko Liburu Azoka ekainaren 6an, larunbatez, izanen da. Baina horretaz gain, apirilaren 30etik maiatzaren 28ra bestelako kultur ekitaldiak antolatuko dituzte Ziburun eta auzo-herrietan. Ekimen honen izena: Azokaroa. Urruñan, maiatzaren 16an, larunbatez, musika eta poesia uztartuko dituen ekitaldia eginen dute herriko pilota-plazan, eguerdian hasita. Jon Garmendiak, Elkar argitaletxearen bitartez, berriki plazaratu duen “Ulhaintsaren negarra” izeneko olerki liburua oinarri gisa harturik, olerki errezitaldi musikatua eskainiko du, Ortzi Oihartzabal musikariak lagundurik.

Euskaraz bizi Urruñan

Maiatzaren 7tik 17ra, Taupa mugimenduak Herriko Etxe zein eragileekin partaidetzan, 0-12 urte bitarteko haurren gurasoei,izan euskaldunak ala ez, zuzendu ekintza antolatzen da Ipar Euskal Herri osoan: Eusfera. Haurren ingurumena, unibertsoa, euskaldunagoa izatea nahi duten familientzako ekimen berria da. Horren karira, Urruñan euskara familian praktikatzeko egun osoko egitaraua antolatu dute Urruñako Ikastolak, Ziburuko liburu azokak eta Urruñako Herriko Etxeak. “Euskaraz bizi Urruñan” izena eman diote. Horra egitaraua: goizean mutxiko tailerra eskainiko du Dantzatuz elkarteak, eguerdian, Ziburuko azokaren inguruan antolatu Azokaroaren baitan, Jon Garmendia eta Ortzi Oihartzabalen “Ulhaintsaren negarra”liburuaren inguruko olerki errezitaldi ibiltaria eskainiko da eta arratsaldean, Jokorin elkarteak animatu mahai-joko tailerra, guraso eta haurrentzat.Euskaldunak ez diren gurasoek euskarazko hitzak ikasteko aukera ukanen dute, haurrak irakasle izanen direlarik.

Selarua atelierraren erakusketa

Maiatzaren 1etik 15era, Adixkideak elkarteak urtean barna, Selarua izenez antolatu atelierretan parte hartu dutenen margolanak, buztingintzako lanak, mosaikoak, argazkiak, loregintza lanak, marrazkiak… eta abar, erakusgai izanen dira Posta gelan (15:00-19:00), egun oroz.

Kontzertu handia elizan

Maiatzaren 22an, ostiralez, Balentin Larrea Iturbe musikagile eta piano-jolearen omenezko kontzertua izanen da Urruñako elizan (18:30). Haren sortzearen 150. urteurrenaren kari: Aitor Garitano tenorra, Ignazio Arakistain organo-jole etaJon Larrauri zuzendaritzapeko Eragiyok abesbatza.

Palestinaren aldeko eguna

Apirilaren 24an, ostiralez, Palestinaren aldeko eguna ospatu zuten herriko kiroldegian. 1,2 kilometroko ibilaldia egin zuten, eta behin kiroldegira sartuta, ipuin kontaketa izan zen. Horren ondotik, olibondo bat landatu zuten kanpoaldean, palestinarrekiko sostengua eta elkartasuna adieraziz, eta bukatzeko krakada izan zen.

Mus txapelketa Bixikenean

Maiatzaren 9an eta 16an, larunbatez (15:00), mus txapelketa jokatuko dute Bixikenean.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3833. zbk

Gure Hitza | 2026/05/07

Euskarari bai, murrizketei ere bai…

Ainhoa Etxenike

Berria fite hedatu da: apirilaren 27an, Urruñako herriko kontseiluko lehen osoko bilkuran, 26.500 euroko diru murrizketa bozkatua izan da elkarteen diru laguntzetan. Besteak beste Seaska da kaltetuena izanen, Urruñak emanen dien laguntza 22.000 eurotik 2.500 eurora pasako baita, hau da %89 gutiago. Oro har, euskararen aldeko diruztatzean %71ko apaltzea izanen da. Seaska kaltetzeaz gain, AEK, Euskal Konfederazioa, Uda Leku eta Hazia elkartea bezalako egiturak ere kaltetuak izanen dira.

Erabaki zentzugabekoagoa gainera, bilkura hastapenean Azterketak Euskaraz-ek Herriko Etxeak euskarazko azterketen aldeko jarrera har dezan aurkeztu mozioa onartua izan baita. Xuri erran, beltz egin…

Berri kezkagarri hunen parean, Urruñako ikastolak agiri bat zabaldu du, bere desadostasuna jakinarazteko. Horretarako, Sebastien Etchebarne auzapez berriak bere taldearekin hauteskunde programan eta kanpainako agirietan...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016