Orotarik | 2026ko Maiatzaren 07a

Kukumarro

Xarles Videgain

Marranta

Egun batez urtzintz egitea eta doministiku erraitea aipatu balin banuen, uste dut marranta ere aipatu behar dudala. Marranta ez da gozoa, sudurretik isurtzen baita mukia eta harekin batean jasan behar baita frankotan eztula, boz erlastua eta noiztenka sukarra. Benjamin Franklin famatuak erakutsi zuen marranta ez dela biltzen bakarrik hozten delarik eta udan biltzen den marranta ez da gozoena.

Iparraldean mafrundi eta marranta dira gehienik agertzen zaizkigun hitzak. Bainan Gipuzkoan eta Bizkaian beste bi hitz nagusi dira: kostipau eta katarro.

Kasu beraz konstipatua balin bazara bestaldean eta kasu joaten bazara Bizkaiko farmaziabatera, zoinahi erremedio ez zazula har. Iparraldean konstipatzea hitza erabiltzen da eta latinez “constipare” izenak zuen erranahia beiratu du, hots, tinki atxikitzea, metatzea. Hegoaldean zentzua lerratu da eta kostipau gure marranta da. Beraz ez zarela libratzen farmazian errazu eta zure sudurrean muku mikorik ez duzula.

Kostipau erraiteaz gain, Gipuzkoan eta Nafarroan katarroa aipatzen da: Amaika agura beste mundura daroaz katarro zarrak, hots, jende zahar franko beste mundura eramaten du katarro tzarrak.

Gazteleraz ere catarro ezaguna da eta frantses zaharrean ere catharre hitza bazen. Grekotik heldu da hitza eta “behera isurtzea” adierazten du. Hori bera egiten du alabainan marrantak. Gehiago dena, leku batzuetan euskaraz “burutik berakoa” deitzen da. Frantsesez rhume hitzak ere “ur isurtzea” adierazten du baina hitza ez da euskararen munduan sartu. Katarroen artean hiru mota ikusten zuten medikuek eta bereziki koriza, sudurretik jiten delarik mukua. Koriza hitza noiztenka entzuten dugu.

Iparraldean katarro hitzarekin egiten duena gatharra edo gatarra izan daiteke baina ez naiz segur. Hori zen abereetan, idietan bereziki, gertatzen zen usteldura sorbalda azpian. Beraz ez da arras diagnostiko bera.

Amezketa aldean “trankazo” eta “trangazo” entzuten dugu bainan nago ez ote den gripa baten izena. Beste nonbait “zamar”, “samar”, “zanbra” deitzen da. Preseski han sama da bularren eta lepoaren arteko partea; agian samako, zintzurreko mina da, angina mota? Kostoma ere diote euskaldun zonbaitek, eta eztia hartu behar omen da kostomaren joanarazteko.

Itzul gaitezen Iparraldeko “mafrundi” hitza aipatzera: “mafrundi gaitza bildu dut, mafrundi naiz”. Okzitaniako Tolosan marfundi zioten eta biarnesez marfandi. Ororen buru latinezko fundere hitza da “urtzea, ur bilakatzea” adierazten baita, eta lehenik kabaletan eta zaldietan gertatzen zen marranta zen; eta gero emeki emeki jendearena ere horrela izendatua izan da. Malbaren erroek, hostoek eta liliek mafrundiaren kontra tisana bat hauta egiten dutela zioten.

Mafrundiaz gain marranta da Iparraldeko hitza: “marranta bildu dut” edo “marranta naiz” erraiten da. Ez da aise erraiten: “mafrundia badut”, ez eta “marranta badut”. Iragaiten ari delarik, marranta mardotzen edo zohitzen dela aipatzen zuten zaharrek.

Marranta denak boza aldatua du frankotan eta Iparraldean boza erlastua dela diogu gehienik. Gizon bat mintzo da boz eihar-marrantarekin, eztulak kitzikaturik artetarik. Zuberoan marrhallo, marhallo. Zuberoko marrhallo eta marranta ez dira urrun. Gehiago dena, Hegoaldean, Nafarroan, marranta diote erlastua adierazteko eta dudarik gabe marranta hau (erlastua izatea) gure marrantaren efektua da. Gipuzkoan eta Bizkaian aldiz sama estutzea edo eztarri itxi diote. Beraz hitzen erranahia lerratu da, marrantak ekartzen baitu boz erlastua.

Eritasunaz kanpo Jean Etxeparek dio bere autoa gero eta marrantago doala, hots panan izateko puntuan dela motorrak egiten duen azantzaren arabera. Irudi pollita ere dio ondoko erranaldiak: Konzientzia da behin ere lokartzen ez den zerbitzari bat, marrantatzen edo erlasten ez den predikari bat.

Ez dezaket Zuberoako beste izen bat bazterrean utz. Marranta izan gabe, badaude jendeak boza oso apal eta ilun, lurrazpitik edo harpetik atera balitz bezalakoa dutenak. Kasu honetan boza lüto dela erraiten da. Ez luro ez lüo: lütho. Zintzurra karrakaturik ere boz lütho hori ez da galtzen eta norbaiten ezaugarritzat hartzen dugu.

Horra gure osagarri andeatzen ahal duen marrantaz erraiteko nituenak.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

Orotarik | 2026/05/07

Haziak mintzo

San Frantses kolegioko 3.eko ikasle elebidünak

Haziak%20mintzo

Bidaia Viennerat

10 bat urte San Frantses kolegioak nafartar ikasleak errezebitzen dutüela, 6.enetik 3.erat, DELF-a igaiten düe, eta gurekin kurtsoak egiten dütüe.

Aurten, 8 ziren 3.ean eta jin dira gurekin Viennerat. Horietan 5 elebidün dadira: Mikel, Isabel, Naroa, Irati eta Saioa. Guretzat, aberastarzün bat da, algarrekin mintzatzen gira, hitz berriak ikasten…

Gure bidajea kondatü deizüe.

Lehen egunean: Oradour-sur-Glane hiria ikusi dugu, alemaniarrek suntsitu gunea, hilerria eta herri berria.

Mikel:“Gizonak, emakumeak eta haurrak hor hil dira. Tristura, pena asko eta beldur pixka bat pasa genuen”.

Bigarren egunean: Futuroscopera joan ginen, egun guzia pasa genuen han, oso ongi.

Saioa: “Atrakzione asko egin genuen [...]. Gaueko espektakulua ikusi genuen, argia, ura... oso polita izan zen.”

3. egunean: Marais Poitevin.

Naroa: “Barku batzuetan igo ginen eta...

Irakurri segida

Orotarik | 2026/05/07

Itsas bazterretik

Piarres Larzabal kolegioa

Itsas%20bazterretik

“Les Compagnons”-en aurkezpena kolegioan

Martxoaren 5ean, ostegunez, Angeluko “Compagnons” ikastegiak proposatzen dituen formakuntzen aurkezpena antolatu da gure kolegioan, Cédric orientazio arduradunari esker.

Kolegioko IDZ-n bildu ziren 4. eta 3.eko ikasle nahianteak.

Arretaz segitu dute Louis Vilar frantses eta historiako irakasleak zabaldu dituen informazioak, baita ere Hodei Aramendi Tellecheak, PLK-ko ikasle ohiak adierazi duen bere lekukotasuna, egiten ari den Frantziako itzuliari buruz.

Euskaraz eman den hitzaldi hau bereziki baliagarria eta preziatua izan da.

Parte hartzaile guziak eskertzen ditugu.

Milesker Hodei, Louis eta Cédric!

“Compagnons” webgunea:

Irakurri segida

3833. zbk

Gure Hitza | 2026/05/07

Euskarari bai, murrizketei ere bai…

Ainhoa Etxenike

Berria fite hedatu da: apirilaren 27an, Urruñako herriko kontseiluko lehen osoko bilkuran, 26.500 euroko diru murrizketa bozkatua izan da elkarteen diru laguntzetan. Besteak beste Seaska da kaltetuena izanen, Urruñak emanen dien laguntza 22.000 eurotik 2.500 eurora pasako baita, hau da %89 gutiago. Oro har, euskararen aldeko diruztatzean %71ko apaltzea izanen da. Seaska kaltetzeaz gain, AEK, Euskal Konfederazioa, Uda Leku eta Hazia elkartea bezalako egiturak ere kaltetuak izanen dira.

Erabaki zentzugabekoagoa gainera, bilkura hastapenean Azterketak Euskaraz-ek Herriko Etxeak euskarazko azterketen aldeko jarrera har dezan aurkeztu mozioa onartua izan baita. Xuri erran, beltz egin…

Berri kezkagarri hunen parean, Urruñako ikastolak agiri bat zabaldu du, bere desadostasuna jakinarazteko. Horretarako, Sebastien Etchebarne auzapez berriak bere taldearekin hauteskunde programan eta kanpainako agirietan...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016