Herriz Herri - Hazparne (L) | 2026ko Maiatzaren 07a
Herriko kontseilua - Pesta eta ikusgarri - Bestalde maiatzaren 8an - Ondoko egunetan...
Herriko kontseilua
Apirilaren 28an iragan da kontseilu berriaren bigarren bilkura. Lehen parte batean batzorde desberdinetako ordezkariak izendatu dira: zuzenezko zergen herri batzordekoak, eskaintza publikoen batzordekoak, zerbitzu publikoko batzordekoak, eskola kontseilukoak, Elhuyar kolegioko administrazio kontseilukoak, EGTBkoak eta Hazparne/Azpeitia parekatze batzordekoak.
Gehienetan talde bakotxean gehiengoko lau ordezkari izanen dira eta oposizioko bat salbu Hazparne/Azpeitiakoan. Delibero guziak adostuak izan dira.
Finantzak:
- 2025 urteko buxet nagusiko kudeaketaren onartzea: hunek bi zati dauzka, funtzionamendua eta inbestimendua. Lehena baikorra izanez, hunen soberakinak bigarrenaren eskasa betetzen du.
Oposizioa abstenitu da.
- 2026 buxeta:
Tokiko zergentzat jazko heina atxiki da: eraikiarena: %26,05, eraiki gabea: %30,82, bigarren egoitza: %12,97. Denak alde.
Huna besteak beste aurreikusiak diren ekintzak: bide eta herriko eraikin konponketa, administrazio zerbitzuen material aldaketa, eskola publikoaren antolaketa, hiri erdiaren apailatzea, landaretza eta auto harat-hunatak hobetzea Broussain eta Navarre karriketan, Xapitalia kirol gunearen hobetzea: tenis eta futbol zelaiak, Argia karrika bizikletentzat apailatzea...
Oposizioak bi zuzenketa proposatu ditu: zelai sintetikoaren higadurari eta haurtzaindegian menturaz egin beharko diren obrei aurre egiteko dirua baztertzea. Eztabaida baten ondotik erran da ez zela horren egitearen beharrik eta zuzenketak ez dira onartuak izan.
Beraz buxeta gehiengoak bozkatu du eta lau abstentzio izan dira.
Haurtzaindegiaren diru laguntza gehiengoak onartu du, aldiz Sozial Zentroaren eta elkarteen diru laguntzak denek ontzat eman dituzte.
Herriko Sozial zentroaren laguntza arraberritu dute denek eta hunen lan baliosa azpimarratu da.
Zapetaldearen erosteko EPFL egiturak aitzinatu diruaren ordainketa segituko da.
Herriko langile iraunkor edo sasoilarien engaiatzeko baimena eman zaio auzapezari.
Mendeala gelaren argitze molde ekologikoa ikertu eta egitea onartu da.
Herriko iratze guneak ahal bezain untsa erabiltzeko ikerketa eginen da gazte bat enplegatuz hortako...
Hara bilkura hortan aipatu pundu nagusiak. Bukatzeko oposizioak mozio baten bozkatzea galdegin du: azterketak euskaraz pasatzearen galdea sustengatzeko. Hau aho batez bozkatu da.
Ondoko bilkura ekainaren 11n iraganen da.
Pesta eta ikusgarri
Urkoiko pestak ederki iragan dira usaian bezala joan den asteburuan. Maiatzaren 8an Paxkoeneko auzoaren aldia da: goizetik Ball-Trapa eta (19:00) sari emaitea, Mutturfinek saldu burgerrak jateko aukerarekin.
Larunbatean (17:00), haurren pilota partida eta ondotik helduena. Gero zikiroa Ur Begi eta Piquillos taldeek alaiturik.
Igandean mus zoingehiagoka Urkoiko patronagian jateko eta edateko moldearekin.
Bestalde maiatzaren 8an
Gimnastikan: Akitaniako kopa jokatuko da Mendeala gelan (20:00).
Behi lasterrak herriko zezen plazan (17:00).
Maiatzaren 9an: Elgarrekin koruaren kontzertua eliza nagusian (21:00).
Maiatzaren 10ean: Birla zoingehiagoka Eihartzeko parkean (14:00).
Ondoko egunetan…
Maiatzaren 13an (19:00), Soinubila musika eskolaren kontzertua izanen da kaperan. Sartzea dohainik, aitzinetik izena emanez.











