Ba ote dakixu? | 2026ko Maiatzaren 07a
Aupa Txuri-Urdinak! (1/3)
Gilen Bacho
Orain dela hiru aste, Errealeko txuri-urdinek Errege kopa irabazi zuten Sevillako berotasunean (aro eta giro mailetan!), Atletico Madrilgo taldea garaituz (2-2 denbora arautuan, 4-3 tirakoetan). Donostiar taldeko bi gaztek zuten garaipena eman, Unai Marrero donostiarrak lehenik, atezainak, aurkarien lehen bi penaltiak geldituz, eta Pablo Marin jokalariak (duela 6 urte baloi biltzaile zena Anoetan!), azken penaltia ederki sartuz. Orduan, Mikel Oyarzabal kapitainak, Eibarreko haurrak, betiko txuri-urdinak, bere bigarren errege kopa altxatu zuen. Oyarzabalen lehena duela bost urte gertatu zen,txuri-urdinek irabazi baitzuten, baina pandemia zen, partida estadio huts batean jokatua izan zen eta garaipena, maluruski, ezin izan zen behar zen bezala ospatu. Aldi huntan, alderantziz, besta ikaragarria izan zen, Sevillatik Donostiara non hamar milaka jende bildu ziren, denak txuri-urdinez, udal etxearen aurrean, Alderdi Eder parkean, jokalariak eta kopa behar diren bezala ospatzeko. Garaipen ederra baina, erran bezala, ez lehen titulua, Errealak historia luze eta aberatsa baitu.
Lehen Errege kopa
Ofizialki, Real Sociedad de Futbol kluba, usu Reala edo Erreala deitua, 1909 urtean sortu zen baina, bost urte lehenago, 1904an sortu zen Donostiako zango baloiko lehen taldea, San Sebastian Recreation Club-ean (kirol orotako kluba zena). Talde horrek 1905eko Errege kopan parte hartu zuen eta 1906an, Ondarretako estadioan instalatu zen, Donostiako lehen futbol zelai bezala ezaguna dena. Baina, 1908ko hasieran, futbol taldeak San Sebastian Recreation Club-a utzi zuen klub berri baten sortzeko, San Sebastian Football Club (FC) deitua. San Sebastian FC-ak zituen zuri eta urdin koloreak hautatu (haatik atorra osoki zuria zen eta galtzamotza urdina). Baina klub berri horrek ez zezakeen 1909ko Errege kopan parte hartu, legalki urte bateko zahartasuna beharrezkoa baitzen. Orduan, San Sebastian FC-ko taldea Club Ciclista de San Sebastian klubean sartu zen eta izen horrekin 1909ko Errege kopa jokatu eta irabazi zuen, finalean Madrilgo Club Espanol taldea garaituz.
Real Sociedad de Futbol
Garaipen horrek futbol kluba independente baten sortzeko nahia indartu zuen eta, 1909ko irailaren 7an, Sociedad de Futbol de San Sebastian kluba sortu zen, Adolfo Saenz-Alonsoren agintepean. 1910eko otsailaren 11n, Alfonso XIII erregeak (Maria Cristina bere amak uda guziak Donostian pasatzen zituen) Real titulua eman zion klubari. Horregatik, klubak egun ezagutzen dugun izena hartu zuen, Real Sociedad de Futbol. Klubak bere lehen partida, Real Sociedad izenarekin, 1910eko martxoaren 26an jokatu zuen, London Nodmans taldearen kontra. 1913an, Reala berriz kopako finalera heldu zen baina galdu zuen Bartzelonaren kontra. Ber urtean, urriaren 5ean, zuen Realak bere Atotxako estadio historikoan jokatu (Egia kartierrean) Bilboko Atletic Club-aren kontra, zeinekin lehia bizia jada abiatua zen, Euskal Herriko futbolaren nagusia izateko.










