Herriz Herri - Baigorri (NB) | 2026ko Uztailaren 30a
Baigorriko bestak - Haizeak Batuz Baigorrin
Baigorriko bestak
Gure herriko bestak aste hondar huntan hasten dira eta hauen egitaraua liburuxka baten bidez errezebitua dukegu etxean, bainan huna, usaia onen ez galtzeko, programaren aitzin jasta bat, bertsutan:
Ortziralean hasiko dira
Trinketeko ostatutik,
Partidak eta zintzur bustitze,
Molde neurtuan haatik.
Gero afaria zerbitzatuko,
Jan beharko dugu xutik,
Tira ahala dantzan ariko gira
Musika zoroengatik.
Ibiakoitzean, Islan segida
Hartuko du merkatuak,
Askari, jauzi, piztuko gaitu
Bazkari hain alaituak,
Gero petankan ta izerditan
Jokolari erotuak,
Elkarteekin aperitifak,
Lerroz lerro kontzertuak.
Igandez ere egun haundia
Ospatuko dugu plazan,
Goiz eguerditan ta arratsaldez
Baigorrin Arrola dantzan,
Bazkaria da Bixentainean
Euskal presoen oroitzan,
Gauaz “Gaitistan”, “Rita Mutxiko”,
Suziriak, “Kalabazan”.
Astelehen goizez, eliz' ondoan
Jarraitzen plaza kurrida,
Beti bezala jokatzen baita
Esku-huskako partida,
Bazkaria aitzin aperitifa
Komiteak eskainirik da,
Palantxa eta “Atzarbale”-kin
Gaualdiaren segida.
Asteartean, Zaharrer Segik du
Egiten animatzea,
Goizean plazan, jokatuko da
Luze partida luzea,
Giroa plazan den ostatuan,
Bixentainean bertzea,
Besten garai hau izan dadila
Denen alegeratzea.
Haizeak Batuz Baigorrin
Haizeak Batuz proiektuaren karietara eta gure herriko bestetan, Baionako kontserbatorioko eta Baigorri, Iruña, Uharte, Marcillako gaita eskoletako erakasle eta ikasleak hirugarren aldikoz bilduko dira elgarrekin jotzeko Baigorriko karrikan.
Bada jadanik urte andana gaiteroek elgarren arteko lana daramatela soinu tresnaren eta hunen praktika Euskal Herri osora hedatzeko.
Gaitaren maisu handia zen Javier Lacuntzaren heriotzearen ondotik, Baigorri eta Iruñako gaiteroak “Et-Incarnatus” orkestrako soinulariekin elkartu dira musika herrikoiaren garatzeko xedearen inguruan, herriko bestetan erabiltzen dena, karrikan, naturan edo antzokietan.
Iruñako San Ferminetan eta Baionako bestetan egin bezala, gaiteroak Baigorriko bestetan bilduko dira agorrilaren 2 eta 4an.
Haizeak Batuz-en bigarren ekitaldia Iruñako Gayarre antzokian iraganen da soinu tresnaren beste alde bat erakutsiz, alabainan gaita eta orkestra filarmonikoaren kontzertua antolatuko da urte hondarrean, Javier Lacuntzaren omenez.
Proiektuaren hirugarren fasea Gipuzkoako Urkizu oihanean izanen da eta Et Incarnatus orkestrak musika herrikoiaren alderdi guziak erakutsiko ditu, kantari eta soinulari ezagun andana batek inguraturik. Euroeskualdeak, Departamenduak, Iruña eta Baigorriko herriek laguntzen dute Haizeak Batuz eginkizuna.





