Gogoa hazi | 2026ko Uztailaren 30a
Cristel, Gaëlle, Gaxuxa, Fina, Jordi, Julie, Lauréna, Robert, Samuel eta besteak…
Johanes Bordazahar
Urepeleko mendien isilpean, hizkuntza baten ernamuina, jende zenbaiten baitan piztu zaiena, ari da ozitzen, uzta eder baten esperantzan. Bestalde, astero, izenburu honetan aipatutakobederatzi ikasleak, adin eta jatorri desberdinetakoak, elkartzen dira, helburu bakar batekin: euskara partekatuz menderatzea. Ez da lan errexa. Denbora gutirekin, neke, akidura eta mila zalantzekin borroka etengabea dute. Hala ere, hauen ausardiak adierazten du euskara ez dela iragana, baizik eta etorkizuna.
“Euskaldun berri” deitzen ditugunak, aspaldi-urruneko arbolaren adarren punta-puntako loreak dira. Euskara, Europako hizkuntzetan zaharrena, gizarte berri baten muina bihurtzen ari da. Herri-auzoetan, euskaldun zaharrak, amaren altzoan hain amultsuki ikasi mintzaira lurperatzen ari direlarik, utzikeriaz; hauek, harriz-harri, hik harri bat, nik beste bat, gu hiruek handiago bat, eraikin eder bat ari dute zutik ematen, pazientziaz, katedral bilakatuko dena. Betiko leloa: batzuk lurrean etzanak nahiago bizi, besteek zutik, hil ala bizi. Gazte hauek, lanetik lekura, familia eta etxeko lanen gainetik urre-preziozko denbora ematen diote euskarari. Robert eta Fina bezalakoek, berriz, urteetan lortu jakinduria baztertzen dute, mintzaira berri bati leku egiteko.
Goizeko klase, arratsaldeko tailer eta gaueko solasaldi, Urepeleko barnetegian egunak luzeak dira. Akatsen beldurra menderatu, nekeak gainditu eta ekinaren ekinez formulazioak lortu. Ahapaldi txikiena garaipen bilakatzen delarik. Hauen sakrifizioa ez da soilik ekonomikoa edo denborazkoa; emoziozkoa da. Nork bere identitatea zabaltzea da, beste kultura eta mundu bati ateak irekitzea. Iraupena eta gaurko gure bizimoldeak ukanen dituzte biharko erronkak. Nik ezagutzen ditudanak ez dira lehen zailtasunetan amore ematen dutenak, baizik eta aitzina egiten, elkarri eutsiz.
Urepelen edo AEK-ko klase-geletan ez dira soilik hizkuntza baten ikasten ari; herri baten eraikitzen ari dira; herriaren arimaz jabetzen. Adinak, jatorriak edo egoera sozioekonomikoak ez du garrantzirik; garrantzitsuena da borondatea eta engaiamendua. Geroa ez dator automatikoki; geroa eraikitzen denez, etorkizuna hauek dira. Honelako ikasleek, ikastaldietan eman ahaleginak, beste gizarte alorretan ere inbestitzen dituzte. “Euskaldun-berri” ikasle sinple-apalak egiazki dira gaurko heroiak, eta haien istorioak kontatzea ezinbestekoa da gizarte osoaren kontzientzia pizteko. Ateak ireki, zubiak eraiki, ordu da euskara jalgi dezaten klaseetatik karrikara.




