Euskal diaspora | 2026ko Uztailaren 30a
Milioi bat euro Euskal Etxeendako, 2026ko Munduko Pilota Txapelketa eta San Ignazio Diasporan
Joseba Etxarri
DIRULAGUNTZAK. Eusko Jaurlaritzak argitara eman berri ditu munduko Euskal Etxeen laguntzeko 2026ko dirulaguntzak. Orotara 1.030.000 euro banatuko ditu dirulaguntza galdegiten duten Euskal Etxeen eta Euskal Etxe federazioen artean. Helburua, heien programa, jarduera eta aktibitateen lagungarri izatea eta, hein tipiagoan, egoitza, eraikin eta higiezinen sostenguan laguntzea. Beti ere programa eta aktibitate ez-komertzialak behar dute izan, kultur arlokoak eta irabazteko xederik gabeko elkarteeri dagozkienak. Galdegiteko epea agorrilaren 16ra artekoa da eta munduan ofizialki erregistraturik diren abantzu 200 Euskal Etxek dute galdegiteko eskubidea.
MUNDUKO PILOTA. 2026ko Munduko Pilota Txapelketa ofiziala Argentinan eta Uruguain jokatuko da urriaren 15etik 24ra, izan ere Argentinako Buenos Aires hirian eta Uruguaiko Colonia del Sacramenton, Euskal Selekzioa partaide. Euskadiko Selekzioarekin batera, Argentina, Bolivia, Brasil, Txile, Costa Rica, Kuba, Ameriketako Estatu Batuak, Frantzia, Espainia, Mexiko, Peru, Portugal, Uruguai eta Venezuelako selekzioek jokatuko dute. Txapelketa hunekin, Río de la Platara itzuliko da munduko pilotaren erdigunea, oroitzekoa baita Nazioarteko Euskal Pilota Federazioa (FIPV) Argentinan sortu zela 1929an. Uruguaiko kantxan xistera jokatuko da, Coloniako San Carlos frontoian, 1910ean eraiki kantxa historiko zaharberrituan.
SAN IGNAZIO. Heldu den asteburuan eta ondoko astean ospatuko dira munduko hainbat Euskal Etxe eta komunitatetan San Ignazio besta eta jaiak. Gogoratu saindu euskalduna zaindari ofiziala dela Gipuzkoan (bertako Loiolan sortua baitzen) eta Bizkaian (hor, zaindari, bertako Balendin Berriotxoa sainduarekin batera). Diasporako San Ignazio bestak (San Inazio, Iñaki Deuna eta izen gehiagorekin deituak) tradizio handikoak dira, konparazio Argentinako Arrecifes eta Necochean, baina beste hainbat lekutan ere. Argentinan bertan, hala nola Viedman, Villa Marian, San Nicolasen, Buenos Airesen, Rosarion, Azulen... Estatu Batuetan, famatuak dira Boiseko San Inazio jaiak, baina ospatzen da baita ere (uztailaren 31ren inguruan) Txileko Santiago eta Viña del Mar-Valparaison, Espainiako Madrilen, Sydney Australian, Caracasen, Mexikon... bertako Euskal Etxe eta elkarteen eskutik.





