Orotarik | 2026ko Uztailaren 30a
Kukumarro
Xarles Videgain
Patxarana
Azken urte hauetan gero eta hedatuagoa izan da “patxaran” deitzen dugun edariaren fama. Gehienetan Nafarroan egiten dela diote nahiz norberak etxean egin lezakeen.
Patxaran hitzak bigarren partean aran, arhan elementua badauka naski. Euskaraz hitz franko badira fruitu honen izendatzeko, aran, arhan, adan, okaran eta beste. Latinez “Cereola pruna” deitzen zen. Gazteleraz “cereola” hartua izan da egungo “ciruela” izenarekin. Aldiz “pruna” hartu dute frantses eta gaskoin mintzairek. Leku izenak ez dira guti euskaraz arbola iduriz aipatzen dutenak, hala nola Arhantsusi herria eta Arhansusiko lepoa Ahuzkitik hara. Modan jarri dira ere jende izenak hala nola Arantxa, Elorri bezala. Kasu arhana edo arana ez da harana. Izurako Haranbeltz oihanean ez da besteetan baino aran gehiago. Eta arhana ere beste zerbait izan daiteke, oihartzuna baita eta erranen da kantari baten bozak ez duela arhanik, oihartzunik ez duela.
Badago aranarekin egite duen arbola: elorribeltza, xerri-arana deitzen baita besteak beste. Hark ere fruitua badu baina ez da haatik arana bezain goxoa ez eta ere Agen ingurutik heldu den aran merlatua bezala ahoan urtzen. Zuhaixka basa honek dituen ezaugarrien arabera bere izenak biltzen ditu. Fruitu beltza du eta elorribeltz deitzen da, basa da eta basaran, sasiaran deitzen da, xixtak badauzka eta arantza edo elorri edo elorrantza deitzen da. Azkenean ez da hain ona eta xerri-arana deitzen da, xerriendako on delakoan.
Iparraldean elorribeltza da gehienik erabiltzen den hitza, eta Gipuzkoako eremu batean edo Nafarroako goi partean ere. Bizkaian elorribaltza ere han hemenka ezaguna da.
Oinarritzat “arantza” hartuz, Hegoaldean, arantzabeltz, arantzabaltz, okaranbaltz. Ohartu behar da Hegoaldean arantza dela bestalde guk elorri deitzen duguna, hots zizta hura bakarrik edota arbola osoa, hala nola elkarren kontra aipatzen diren elorrixuria edo elorribeltza. Beltz airea badu fruituak eta gazteleraz endrino, endrina deitzen da, latinezko atrinatik jiten da eta preseski atrinak latinez “beltzaran” erran nahi du. Horri esker, gazteleraz ciruela eta endrina bereizten dira.
Beltz eta ziztadun izateaz gain, basa da zuhaixka hori. Hortik heldu da basa agertzea zuhaixkaren izenean. Beti aranarekin, ez baitut sekula entzun basa-elorri bezalako hitzik, iduri bailuke elorria basa baizik ez dela izaiten ahal. Beraz basaahantze, adanbasati, paxaran, patxaranondo, basokaran, basaelorriondo ezagutzen ditugu. Basa dela markatzeko sasiokaran entzuten da Bizkaian. Haietarik patxaran hitza ezagunago da egungo egunean, patxaranarekin egiten den edariarengatik.
Edariaren egiteko paso, patxaranak baditu bere zaleak baina jateko ez baita ona, txarri-okarana eta xerri-ahana ere deitzen da. Aparte dira baxakan, basomakatz izenak: haiek beste zerbait adierazten digute, hots xertatzeko onak direla.
Kurios denak jakin beza beste izenik ere badagoela elorribeltza erran gabe hala nola, txinbilllosasi, okantximilloarbola, okantxista, maldaan, txirriokeran, estraka eta beste. Izen anitz baina eremu ttipikoak. Hitz nagusiak elorribeltza eta patxarana dira.






