Herriz Herri - Biarritz (L) | 2026ko Uztailaren 30a
Festilasai
Uztailaren 31 eta agorrilaren 1ean iraganen da aurtengo edizioa Irati auzoan. Egitarau aberatsa proposatua izanen da, besteak beste kontzertu eta skate txapelketarekin.
Festilasai izenak berak laburbiltzen du hitzorduaren filosofia: “festibal” eta “lasai” hitzen uztarketatik sortua, Miarritzeko ekitaldiak giro herrikoia, sorkuntza eta hurbiltasuna uztartu nahi ditu.
Euskal Herriko produktuak eta tokiko eragileak lehen lerroan ezarriz, jaialdiak tokiko kulturaren garapena sustatu nahi du. Euskararen presentziari ere garrantzi berezia ematen dio, komunikazio guztia bi hizkuntzatan eskainiz eta hizkuntza paisaia herrikoia indartuz.
Antolatzaileen xedeetako bat Miarritzeko bizi kulturala aberastea da, bereziki azken urteotan garapen handia ezagutu duen Moura auzoan. Festilasai auzo horren animazioan eragile aktibo bilakatu da, musika, skatea eta arte urbanoa elkartuz.
Egitarauak Euskal Herriko, Frantziako eta nazioarteko artistak bilduko ditu, publiko zabal eta anitz bati begira: bertako herritarrak, udako bisitariak, aurrekontu desberdineko ikusleak eta musika, kirol zein kultur gustu askotarikoak dituzten lagunak.
2009az geroztik elkarte gisa egituratua, Festilasai ehunka boluntarioren eta inguruko elkarte sarearen engaiamenduari esker garatu da. Urtez urte, hitzorduak izaera parte-hartzailea eta giro lasaia atxiki ditu, Miarritzeko udako eskaintza kulturalaren osagarri berezi bilakatuz.





