Ba ote dakixu? | 2026ko Uztailaren 30a
Irungo bataila (2/3)
Gilen Bacho
Irun defendatzeko, errepublikanoek, Garmendia nafar (Tafalla) komandantearen manupean, guti gorabehera 2000 gizon bazituzten. Armadako soldadu leialak bai eta ere asturiar meatzari batailoietako gizonak, euskal gudariak (partikulazki EAJ alderdi eta euskal gobernuaren soldaduak), anarkista eta komunista zenbait. Kuraia handia bazuten baina gaizki armatuak ziren, kasik artilleriarik gabe eta aire-indarrik gabe.
Defentsa heroikoa
Alderantziz, nazionalistek, Beorlegi nafar (Lizarra) koronelaren manupean, ber soldadu kopurua bazuten baina, alemaniar eta italiar erregimen faxisten laguntzari esker, zinez hobeki armatuak ziren, artilleria azkarrarekin (155 mm artilleria, alemaniar tanke arinak) eta egiazko aire-indarrarekin (alemaniar Junkers Ju 52 bonba-hegazkinekin). Gainera, nazionalistek itsas-indarrak ere bazituzten. Txingudiko badiatik, agorrilaren 11tik goiti, Almirante Cervera gurutze-ontziak eta Velasco destruktoreak (destroyer) Irun eta indar errepublikanoak egunero bonbardatu zituzten. Gainera, tropa nazionalistak hobeki entrenatuak ziren. Soldadu profesionalak baziren, gerla aitzin militar formakuntza segitu zutenak (gudari errepublikanoek ez bezala), partikulazki espainiar legioko 700 soldadu, bai eta ere miliziano karlistak, ongi entrenatuak zirenak. Indar desberdintasun hori alde zuela, Beorlegi nazionalisten komandanteak erasoa piztu zuen Irungo hiriaren kontra agorrilaren 9an. Baina, indar errepublikanoek, partikulazki Errandonea komunistaren milizia popularrek eta Gomez eta Ortegaren karabineroek, hirian estrategikoki ongi kokatuak zirenak, azkarki iharduki zuten eta lehen eraso horri buru egitea kausitu zuten.
Irun inguratua
Tropa nazionalistak ez ziren berehala sartu hiri barnera, baina Irun aste zenbaitez setiatu eta bonbardatu zuten. Irun berriz oldarrean hartu aitzin, inguruan ziren toki estrategikoen kontrola hartu zuten, haien artean Tolosa hiria eta Pikoketa kaskoa (Oiartzunen). Agorrilaren 26an, Beorlegiren gizonak San Martzial gotorlekura heldu ziren. Biharamunean, 27an, Irun oldarrean atakatu zuten. Gudari errepublikanoek berriz azkarki iharduki zuten eta, lehen denbora batean, nazionalistak gibelarazi zituzten. Errepublikanoen defentsa heroikoa izan zen baina gero eta zailagoa zitzaien etsaiari buru egitea, arma eta hornitze eskasagatik, Frantziako muga hetsia izan baitzen agorrilaren 8an eta euskal gobernuak ez baitzuen aski urre erreserbarik armak erosteko. Egun zenbaitez, asturiar meatzarien batailoietako eta milizia anarkistetako gizonek San Martzial gotorlekua heroikoki defendatu zuten, indar nazionalisten erasoei bai eta artilleria eta hegazkinen bonbardaketei buru eginez. Indar errepublikanoek haien munizio guziak erabili zituztelarik (ez baitziren berriz hornituak izan), dinamitak bota zituzten nazionalistei buruz eta ere harri lodiak. Gudari errepublikanoek azken mementoa arte molde guziez eraman zuten borroka, baina azkenean, irailaren 2an, nazionalistek San Martzial gotorlekuaren kontrola hartu zuten, toki estrategikoa zena Irungo hiriaren kontrola hartzeko. Irun erdialdean kokatutako gudari errepublikanoak alde guzietatik inguratuak izan ziren, leku guzietatik atakatuak, itsas, aire eta lurretik. Esperantzarik gabe ere, etsaiari buru egingo zuten bukaera arte.




