Herriz Herri - Urruña (L) | 2026ko Uztailaren 30a
Mutxikoak - Kontzertu - Abesbatza - Udako kontzertuak - Argazki erakusketa - Bixintxo bestak - Urruñan Bizi aldizkaria - Ibardingo bidea hetsiko dute - Pilota
Mutxikoak plazan
Uztailetik urrira, biak barne, hilero, hirugarren igandean, hau da, uztailaren 19an, agorrilaren 16an, irailaren 20an eta urriaren 18an, mutxikoak izanen dira herriko plazan (11:45), Patxi eta Konpainia taldearekin.
Kontzertu klasikoa elizan
Agorrilaren 9an, igandez (18:00), Dorian Gheorgihilas flauta-jole moldaviarrak eta Hans André Stamm organo-jole alemaniarrak, elkarrekin, kontzertua emanen dute Jondoni Bixintxo elizan, Mozart, Tchaikovski, Katchaturian, Stamm eta Zamfir musikari ospetsuen doinuak eskainiz. Horren ondotik, Balkanetako musika tradizionala joko dute. Antolatzailea: Euskal Herriko Organoak Kantuz delakoa.
Boga Boga abesbatza
Agorrilaren 14an, ostiralez, eta 15ean, larunbatez, arratsez, Boga Boga abesbatzak kontzertu bana emanen du Jondoni Bixintxo elizan.
Udako kontzertuak plazan
Agorrilaren 7an, ostiralez, Boujalal ekialdeko musika; agorrilaren 11n, asteartez, Watson eta Uhaitz, euskal kantuak; agorrilaren 18an, asteartez, Des Grands Enfants talde frantsesa;agorrilaren 21ean, ostiralez, Xano Haltzuet pop kantari eta musikari urruñarra; agorrilaren 25ean, asteartez, Popo and the Papas – Quatuor folk taldea eta agorrilaren 28an, BIX euskal rock taldea. Denak 19:30etatik goiti eta urririk.
Inpakt argazki erakusketaren 3. edizioa
Aurten Inpakt argazki erakusketaren hirugarren edizioa dugu ikusgai herrian, karriketan eta Posta gelan. Bi gai jorratzen dira: ingurugiroaren egoera Axelle de Russéren argazkien bidez, eta gizakia ingurugiroan Wiliam Daniels-en argazkien bitartez. Ikusgarria, zinez.
Bixintxo bestak jadanik prest
Bixintxo bestak, aurten, irailaren 4tik 9ra izanen dira, eta jadanik besta komiteak aditzera eman duenez, prest dituzte. Egitaraua egina dute eta kronika honetan irailaren lehen alean osorik emanen dugu. Beti bezala, pilota partida ederrak ukanen ditugu eta kontzertu eder anitz. Irailaren 5ean, larunbatarekin, Matraka eta Neomak taldeen kontzertuak izanen dira; irailaren 6an, igandearekin, Bost Axola taldearena; irailaren 7an, astelehenarekin, Xistor eta Frigo taldeena eta irailaren 9an, asteazkenarekin, Errotakan, Joselu Anaiak eta Edantzat aldeena.
Bixintxo bestetako herri afaria
Aurten herriko bestak irailaren 4an hasiko dira eta 9an bukatuko. Irailaren 4an, ortziralearekin, Bidekoa taldeak animatu herri afaria izanen da (21:00). Erreserba egiteko Bixikenean, agorrilaren 24, 25 eta 26an (19:00-20:30).
Urruñan Bizi aldizkaria
Berriki plazaratu dute Urruñan Bizi herri aldizkariaren 78. zenbakia, aurtengo udari dagokiona. Besteak beste, honako gaiak agertzen dira: Urruñarrak Pilota elkartearen ehungarren urteurrena, gure bizi-ingurunea, asteroko merkatua, Urruña eta Sulzbach am Main herrien arteko birazkatzea eta udako kultur jarduerak.
Ibardingo bidea hetsiko dute
Azaro osoan, astelehen goizetik ostiral arratsera, Ibardingo errepidea hetsia izanen da, sendotze lanak egin ahal izateko. Bentetara joateko bidea zabalik izanen da asteburuetan. Aldi berean, bentek beren aparkalekuak eta sartzeko bideak berrantolatuko dituztela jakin dugu. Horretaz gain, Herburuko aduana zaharraren ondoan, Ibardingo bidean, eta istripuak saihestu nahian, pasabide kanadarrak ezarriko dituzte, betizuak Oletako bidera atera ez daitezen.
Pilota partidak asteazkenero
Agorrilaren 26 arte, asteazkenero pilota partidak izanen dira herriko pilota-plazan (19:30). Urririk. Antolatzailea: Urruñarrak Pilota.





