Herriz Herri - Senpere (L) | 2026ko Uztailaren 30a
Artzain txakur lehiaketa - Dantza ikusgarria - Euskadiko Orkestra - Eskola garraioak - Otsantzeko beila - Suhiltzaileen bala - Pilotari so
Artzain txakur lehiaketa
Urte guziz bezala, uda betean Zaldubi Ikastolak antolatzen du artzain xakur lehiaketa errugbi zelaian, abuztuaren 4an astearte arratsean (19:00). Urtez urte hunen arrakasta goiti doa, hemen aurkitzen baitira inguru huntako artzain xakur hoberenak beren jabeekin, publikoa loriatzen baita xakur eta hezitzaileen lana deskubritzearekin. Udatiarrez kanpo herritarrek ere parte hartzen dute ekitaldi eder huntan. Proposatua izanen zaigu jan eta edatekoa tokian bertan. Prezioa 8€ helduentzat, 4€ haurrendako (6-12 urte).
Dantza ikusgarria
Xakurren txapelketaren ondotik (21:00), Zirikolatz taldeak plazaratuko du euskal dantza emanaldia, pilota plazan. Gure herriak duen dantza talde ospetsuak merezi luke herritarren parte hartze handixagoa. Prezioa 8€ helduendako, 4€ haurrendako (6-12 urte). Bi ekitaldietara etorri nahi dutenendako, prezio berezia proposatua zaie: helduak 14€ (16€-ren ordez), haurrak 6€ (8€-ren ordez), 6 urtez petik urririk.
Euskadiko Orkestra
Aski aitzin abisatu nahi da, Musika Hamabostaldiaren kari, Euskadiko Orkestraren bisita dugula abuztuaren 7an (21:00), Larreko Kulturgunean. Musikazaleendako hitzordu paregabea, xehetasun gehiago heldu den astean emanen dugu. Aldiz erreserbak lehenbailehen egin behar litaizke: cultureetpatrimoinesenpere.fr antolatzailearen gunean, edo boutique.otpaysbasque.com/fr baita turismo bulegoan. Prezioa 25€ (osoa), 5€ (-18 urte).
Eskola garraioak
Txik-Txak eskola garraioko izen emateak edo berritzea 2026ko sartzerako, abuztuaren 2a baino lehen da epea. Informazio guziak eskura daitezke txiktxak.fr-eskola-garraioa webgunean, telefonoan 05-47 75-76-64 zenbakira edo Txik Txak agentzian.
Otsantzeko beila
Santa Madalena egunean juntatu dira Uztaritze, Zuraide eta Senperetik etorritako beilariak, urte oroz bezala, Otsantzeko kaperaren gerizan. Denbora bero zakarra izanik ere, Senperetik 30 kidek oinezko ibilaldian parte hartu dute, elizkizunaren ondotik, denak bildu dira baso baten inguruan. Betiko ekitaldi gozoa segurdanik.
Suhiltzaileen bala
Bigarren edizioa ezin hobeki iragan da, giro alai batean, dantza, musika eta kantak nabarituz. Bertzeak bertze, taloak eta garagarnoa ongi preziatuak izan dira, sukaldaritzan ari zirelarik garai bateko suhiltzaile zonbait. Jendalde ederra bildu da, alabainan ekitaldi hunen errepikatzea dudagabekoa izanen da.
Pilotari so
Balentria ederra sortu dute senpertar bi anaiek, Allande eta Amaiur Jaureguyk garaitu dituzte Amikuzeko Denis Aguerre eta Antton Amulet 30/20, Urruñako pilota plazan joan den larunbatean. Orain Frantziako esku-huskako lehen mailako final handian aurkituko dituzte beren bidean Unai Iribarren eta Iñaki Etchegoin, abuztuaren 9an, Uztaritzeko pilota plazan. Holako hitzordua ez huts egin, jarraitzaile guzien sostengua behar baitute.





