Herriz Herri - Uztaritze (L) | 2026ko Uztailaren 30a
Mintzaldi - Herriko bestak - Laborarien lehiaketa - Pilota besta kari - Pilota txapelketak
Mintzaldi
Joan den asteazken arratsaldean, Marie Christine Amestoy herritarrak mintzaldia egin du Lapurdi gelan aipatzeko Kapito Harri elkartearen mende iragana, mendemuga hori aurten ospatzen baitu elkarteak. Karia hortara “Kapito 100 urte” liburua plazaratua izan da, osoki bi hizkuntzetan moldatua. Salgai aurki ditake elkartearen egoitzan Kiroletan.
Herriko bestak
Hitz hau bururatzean aurtengo bestak bukatuak dira. Ortzeguneko Hitzopen Gaztetxearen ekintzaren berri ez da jakin. Ortziraleko jende helduen arratsaldekoak ez du goaitatzen zen arrakasta ukan, 30 bat parte hartzaile ziren. Aldiz gaualdiko lau kontzertu eta dantzaldiak Bilguneko oihal kapitela leporaino bete dute. Larunbateko zikiroak 300 bat afaltiar kasik bildu ditu Bilgunen, eta jakin denez, denek preziatu dute. Igande eguerdian Herriko Etxeak eskaini aperitifak ere bildu du jende kopuru ederra, mutxikoak dantzatu direla airoski. Ondotik bertso saioa, nahiz euriarengatik berandu hasi, arrakastatsua izan da, hiru protagonistak (Ibarzabal, Etxandi eta Iturriaga) lasai arizan baitira. Bazter orotan klimaren eta suteen egoera ikusiz, zuhurtziaz suzirien ikusgarria ezeztatua izan da. Besta komiteko kide batzu elkarrizketaturik, pozik gelditu dira lau egunen iraganaz. Goresmenak deneri.
Laborarien lehiaketa
Larunbateko laborarien azokak, aro onarekin ikusi du, partehartzaile eta ikusliar lerro ederra. Erakutsi kabalak ere usaian baino gehixago baziren. Behietan, Akitaniako gorrietan 35 bat buru ziren aratxe bakar batzuekin eta horiek lau behi hazlerenganik. Aurten esnetako behirik ez zen, aldiz lehen aldikoz hamabost bat buru baziren “Bazadaise” arrazakoak, bi hazlek ekarriak. Zaldietara jinez bi arraza ziren gehienik agerian: Comtois eta Breton eta oro har 50 buruz goiti hiru hazlerekin. Ardietan lau arraza: buru gorriak, buru beltzak, “Basco Bearnaise” eta Suffolk, 125 bat buru inguru. Azkenik lehen aldikoz ikusi dira Pirinioetako ahuntzak bi hazlerekin, 15 buru. Lehiaketa serioski iragan da eta sari asko banatuak izan dira. Goiz osoan proposatua zen gosariak (arroltze eta xingar) arrakasta handia ukan du. Aitortu behar da ona zela, eta prezio arrazoinezkoan. Lehiaketaren emaitza zehatzagoa heldu den astean.
Pilota besta kari
Besta kari zonbait partida baziren antolatuak. Ortziralean trinketean palan nesken lehen partidaren ondotik, burujabeen arteko partida ederra izan da behingoan trinketa ikusliarrez betea zela. Emaitza hau izan da: Luis Sanchez-Iker Espinal 40, Pierre Etcheverry-Peio Guichandut 26. Larunbat arratsaldean 3 partida jokatu dira Bilgunen: lehena joko garbin Kapitoko gaztetxoen artean emaitza: 40/36; bigarrena palazko partida Kapitoko 4 neskekin emaitza 30/18 eta hirugarrena esku-huska 4 uztariztar amatur helduekin, emaitza: Urruty Yanes 30, Esklamadon Haitze 26. Pena bat halere azken hiru partida horientzat hain ikusliar guti biltzea.
Pilota txapelketak
Aitzineko asteburuan Frantziako xapelgoaren kondu jokatu ziren joko garbin final-laurdenak eta emaitzak hauek dira: helduetan A mailan Kapito Harri 40-Hiriburu 17; B mailan Kapito Harri 40-Hardoitarrak 35; gazte mailan Kanbo 40-Kapito 30. Errebotean, asteazkenean helduetan final-laurden bat Bilgunen Kapito 2 Kapito 3ren kontra, emaitza 13 eta 3. Joan den igandean jokatu dira helduetan lehen mailakoen finalerdiak. Uztaritzen Baigorri nagusitu zaio errexki Luzeani 13/1. Donapaleun bigarren finalerdian Uztaritze zen Aviron Baionesaren kontra eta azken hunek erdietsi du garaipena 13/9. Finalean, agorrilaren 9an Bilgunen ez dugu beraz Kapitoren ordezkaririk ikusiko, Baigorri ariko da Baionaren kontra. Hola izaiten da batzutan kirolaren historia. Kapito Harrik atxikitzen du halere itxaropena joko garbirako.





