Azalekoa | 2026ko Urriaren 22a

Bularreko minbizia: goiz atzeman, hobeki artatu

Irati Esparza Guimon

Paziente bat tratamenduan. (Photo Studio Belam Matthieu Germain)
Paziente%20bat%20tratamenduan.%20(Photo%20Studio%20Belam%20Matthieu%20Germain)

Urri Arrosak bularreko minbizia argitan ezartzen duen honetan, Baionako Euskal Herriko Onkologia Zentroko (COPB) Caroline Genebes onkologo erradioterapeutak prebentzioaren garrantzia azpimarratu du Herriari eskainitako elkarrizketan. Ez da sintomen beha egon behar bularren osasunaz arduratzeko: goiz atzemateak artatzea errazten du, eta tratamendu batzuen ondorioak mugatzeko aukera ematen. Sentsibilizazio hilabetetik harago, urte osoan segitu beharreko zaintza da.

Ipar Euskal Herriko egoeraren argazki zehatza ematea, ordea, ez da erraza. COPBk ez du lurraldeko kasu berrien edo artatutako pertsonen kopuru bateratu berririk. Frantses Estatuan, 2023an 61.214 kasu berri zenbatetsi ziren emazteen artean. Zentroan, berriz, 420 pertsona artatu zituzten bularreko minbiziagatik 2025ean. Kopuru hori ez dagokio Ipar Euskal Herriari bakarrik: Landetako hegoaldeko eta Biarnoko pazienteak ere hartzen ditu zentroak.

Sintomarik gabe ere

Bularreko minbizia minik edo haztatzeko moduko koskorrik gabe gara daiteke. Mamografiak, hain zuzen, oraindik sumatzen ez den anomalia bat erakuts dezake. Antolatutako baheketa 50 eta 74 urte arteko emazteei zuzentzen zaie, sintomarik eta segimendu berezia eskatzen duen arriskurik ez dutenei. Bi urtez behin, hitzordua hartzeko gomita jasotzen dute. Azterketa osoki ordaindua da, gastuak aitzinatu beharrik gabe, eta normaltzat jotako mamografiak bigarren erradiologo batek berriz aztertzen ditu.

Adin tarte horretatik kanpo ere, segimenduak badu bere lekua. COPBk oroitarazten du 25 urtetik goiti urteko azterketa klinikoa gomendatua dela. Familia aurrekarien edo arrisku berezien kasuan, zaintza lehenago has daiteke, bakoitzaren egoerari egokitua. Edozein adinetan, bularrean edo besapean koskor bat, titiaren aldaketa, ezohiko jarioa edo azalaren itxura aldaketa agertuz gero, kontsultatu behar da, azken mamografia normala izanik ere. Seinale horiek ez dute baitezpada minbizia adierazten, baina profesional baten iritzia eskatzen dute.

Beldurra entzun, erruduntasuna baztertu

Emaitzaren beldurra, azterketak min egiteko kezka, denbora falta edo hitzordua lortzeko zailtasunak: baheketarako oztopoak anitz dira. Medikuaren ustez, bakoitzaren zailtasuna entzutea eta azterketa nola iragaten den azaltzea funtsezkoa da. Medikuarekin edo emaginarekin solastatzea lehen urratsa izan daiteke.

Prebentzioaz mintzatzean ere, mezua ñabartu nahi du COPBk: minbizia izateak ez du erran nahi gaizki bizi izan denik edo zerbait gaizki egin denik. Adina eta herentziazko faktoreak ezin dira aldatu. Alkohol gutiago edateak, tabakoa saihesteak eta erregularki mugitzeak arriskuaren parte bat apal dezakete, baina ez dute gaixotasunik ez izatea bermatzen, ezta baheketa ordezkatzen ere.

Tratamenduaz harago lagundu

COPBren lan nagusia diagnostikoaren ondoko erradioterapia eta pazienteen laguntza dira. Mamografiak erradiologoek egiten dituzte. Zentroak, bere aldetik, tratamendu teknikoekin batera, psikologoen, dietetikarien eta jarduera fisiko egokituko profesionalen laguntza eskaintzen du.

2025eko urte hondarraz geroztik, ezkerreko bularra irradiatzean arnasa harturik atxikitzeko teknika erabiltzen dute, bihotza hobeki babesteko. Aurrerapen teknikoak eta hurbileko laguntza uztartu nahi dituzte horrela.

Urri hondarrean, bularreko erradioterapia jasoko duten pazienteentzat kinesiterapeutek gidatutako tailerrak abiatzea aurreikusten du. Helburua errekuperazioa lagunduko duten keinuak irakastea da. Izan ere, gaixotasunaren artatzea ez da tratamendu saioetara mugatzen: gorputzean eta eguneroko bizian uzten dituen ondorioei ere erantzun behar zaie.

Email Facebook Twitter LinkedIn

Azalekoa | 2026/10/22

Hauteskunde orokorrak

M.V.

Azaroaren 29an eginen dira hauteskunde orokorrak, Espainian bezala Hego Euskal Herrian ere eta alderdiak ari dira beren hautagaiak ezagutarazten.

EH Bilduren hautagaiak - Kongresurako eta Senaturako EH Bilduren zerrendaburuak hauek izanen dira: Oskar Matute eta Idurre Bideguren Bizkaian; Mikel Otero eta Josu Estarrona Araban; Oihana Etxebarrieta eta Sonia Jacinto Gipuzkoan; eta Eneka Maiz eta Floren Aoiz Nafarroan.

EAJren hautagaiak - EAJren Euzkadi Buru Batzarrak berriz ondoko hauek hautatu ditu bere alderdia Kongresuan eta Senatuan ordezkatzeko: Maribel Vaquero eta Eneko Goia Gipuzkoan; Idoia Sagastizabal eta Igotz Lopez Bizkaian; Gorka Urtaran eta Ibone Santos Araban. Nafarroako zerrendaburua Javier Ollo Altsasuko auzapez ohia izanen da.


...

Irakurri segida


3854. zbk

Gure Hitza | 2026/10/22

Kontutan har dezagun!

Menane Oxandabaratz

Ipar Amerikan Herria astekariak dituen harpidedunek uztail hastapenez geroztik ez dute gure astekaria errezibitzen. Hori dela eta Postarekin harremanetan sartu eta, jakiten da beste kontinentera igorri egunkariak ez direla kazeta igortze gisa sailkatuak. Orain merkataritza industria bezala kontsideratuak dira, erran nahi baitu igortze gastua 1,20 euro ingururen ordez 5 eurotan dela. Milesker Trump jaun presidentea!

Ipar amerikar agintariaren politika zein nolakoa den gehienak jakinean gira. Donald Trumpen politika, nazionalismo ekonomikoan oinarritua da, nazioarteko erakundeekin akordiorik bilatu gabe, “America First” (lehenik Amerika) leloa aldarrikatzen du.

Amerikar kontinenteko estatu batzuetan, eskuin erradikala, eskuin populista edota eskuin muturra hauteskundeetan gero eta gehiago garaile ateratzen dira. Zabaldua den mezua segurtasun ezaren inguruan, erakunde tradizionalen ukatzean edota ultra-liberalismoan oinarritua da. Europan ere alderdi...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016