Han eta Hemen | 2026ko Urriaren 22a

EHLGren atxikimendu kanpaina berria abian da: “Ama ura zaindu”

Irati Esparza Guimon

Urriaren 7an egin da prentsaurrekoa kanpaina berria aurkezteko. (Laborantxa Ganbara)
Urriaren%207an%20egin%20da%20prentsaurrekoa%20kanpaina%20berria%20aurkezteko.%20(Laborantxa%20Ganbara)

Euskal Herriko Laborantza Ganbarak (EHLG) urriaren 12an abiatu du diru biltze kanpaina, azaroaren 22a arte. “Ama ura zaindu” lelopean, uraren zaintza eta laborantzaren egokitzapena ezarriko ditu gogoetaren erdigunean. Gai bera landuko du azaroaren 6tik 8ra antolatuko duen Lurrama saloinean.

2026ko udako bero handiek, idorteek eta ur eskasiak etxaldeak gogorki hunki dituzte, artalde eta tropak ur eta bazka eskasian utziz. Egoera horren aitzinean, ekoizteko moldeak berriz pentsatu behar direla azpimarratzen du EHLGk. Elkartearen ustez, laborantza herrikoiak bidea eskaintzen du elikagaiak ekoizten segitzeko, baliabide naturalak zainduz.

Lurra babestu, ura atxikitzeko

Uraren eta lurzoruaren arteko lotura da lan horren oinarrietarik bat. Lur bizi eta egituratu batek euri-ura atxikitzeko eta iragazteko gaitasun handiagoa du. Horregatik, EHLGk laborariak laguntzen ditu landare-estalkiak eta alorren errotazioak plantan ematen, lurra biluzik ez uzteko, higadura mugatzeko eta emankortasuna zaintzeko. Ur eskasiari egokituak diren espezie eta barietateak hautatzea ere sustatzen du, hala nola ekilorea edo sorgoa.

Laguntza horrek bertze hainbat arlo hartzen ditu: hesi eta arbolak landatzea, biodibertsitatea indartzeko; euri-urak berreskuratzeko sistemak ezartzea; eta dirulaguntza publikoak eskuratzeko urrats administratiboak egitea. Berriki, fruitugintzan eta baratzezaintzan bi teknikari lanpostu sortu ditu, tokiko elikadura beharrei erantzuten dieten ekoizpenak laguntzeko.

Elkarteak erronka kolektiboa ikusten du horretan: ur kontsumoa murriztea, elikagaien ekoizpen iraunkorra segurtatuz. Iparraldeko elikadura segurtasunaren arabera ureztatu beharreko alorrak lehenestea proposatzen du.

Laborarien lekukotasunak eta sostengu deialdia

Sei asteko kanpainan, Sabina Hourcadek egin lau bideo labur zabalduko dira EHLGren sare sozialetan. Hazle, baratzezain eta zereal ekoizleen bidez, ura xuhurki erabiltzeko eta lurzorua babesteko eguneroko praktikak ezagutaraziko dituzte.

Kanpainak elkartearen jarduerak iraunarazteko baliabide ekonomikoak bildu nahi ditu. Gaur egun, 800 emaile baino gehiagok, partikularrek eta enpresek, sostengatzen dute EHLG. Oinarri hori sendotu eta laguntzaile berriak bilatzen ditu. Laguntza banku biramenduz egin daiteke ehlgbai.org webgunetik, baita eusko biramenduz edo txekez ere. Emaileek emaitza agiria eskuratzen ahal dute, baita Izar Lorea aldizkariaren urteko bost zenbakiak etxean errezibitu ere.

Email Facebook Twitter LinkedIn

Han eta Hemen | 2026/10/22

Haserre sozialak milaka herritar bildu ditu Baionan

Irati Esparza Guimon

Milaka herritar bildu dira Baionan urriaren 17an, bizitzaren garestitzea salatzeko eta justizia soziala eskatzeko. Prefeturak biharamunean plazaratu bilanaren arabera, 3.500 lagunek parte hartu dute mobilizazioan. Jaka Horiak, lizeotarrak, sindikalistak eta adin guzietako herritarrak elkartu dira. Egunak protesta zabala utzi du, baina baita A63 autobidearen blokeoa, suprefetura aitzineko istiluak eta bederatzi atxiloketa ere.

Sare sozialetan hedatu deialdiak erregaien prezioaren emendatzea zuen abiapuntu. Alta, kexuak laster gainditu du gai hori: erosahalmena, hezkuntzako baliabide eskasa eta ikasleen egoera ere aldarrikapenen erdigunean ezarri dira. Azken asteetako lizeotarren mobilizazioen ildotik, borroka desberdinak egun berean elkartzeko xedea zuen hitzorduak. CGT eta Confédération Paysanne sindikatuek ere bat egin zuten Frantzia mailako deialdiarekin.

Baionan, tren geltokian, Herriko Etxean eta Suprefeturan iragarri elkarretaratzeak manifestazio bakarrean batu...

Irakurri segida


3854. zbk

Gure Hitza | 2026/10/22

Kontutan har dezagun!

Menane Oxandabaratz

Ipar Amerikan Herria astekariak dituen harpidedunek uztail hastapenez geroztik ez dute gure astekaria errezibitzen. Hori dela eta Postarekin harremanetan sartu eta, jakiten da beste kontinentera igorri egunkariak ez direla kazeta igortze gisa sailkatuak. Orain merkataritza industria bezala kontsideratuak dira, erran nahi baitu igortze gastua 1,20 euro ingururen ordez 5 eurotan dela. Milesker Trump jaun presidentea!

Ipar amerikar agintariaren politika zein nolakoa den gehienak jakinean gira. Donald Trumpen politika, nazionalismo ekonomikoan oinarritua da, nazioarteko erakundeekin akordiorik bilatu gabe, “America First” (lehenik Amerika) leloa aldarrikatzen du.

Amerikar kontinenteko estatu batzuetan, eskuin erradikala, eskuin populista edota eskuin muturra hauteskundeetan gero eta gehiago garaile ateratzen dira. Zabaldua den mezua segurtasun ezaren inguruan, erakunde tradizionalen ukatzean edota ultra-liberalismoan oinarritua da. Europan ere alderdi...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016