Gure Hitza | 2026ko Urriaren 22a
Kontutan har dezagun!
Menane Oxandabaratz
Ipar Amerikan Herria astekariak dituen harpidedunek uztail hastapenez geroztik ez dute gure astekaria errezibitzen. Hori dela eta Postarekin harremanetan sartu eta, jakiten da beste kontinentera igorri egunkariak ez direla kazeta igortze gisa sailkatuak. Orain merkataritza industria bezala kontsideratuak dira, erran nahi baitu igortze gastua 1,20 euro ingururen ordez 5 eurotan dela. Milesker Trump jaun presidentea!
Ipar amerikar agintariaren politika zein nolakoa den gehienak jakinean gira. Donald Trumpen politika, nazionalismo ekonomikoan oinarritua da, nazioarteko erakundeekin akordiorik bilatu gabe, “America First” (lehenik Amerika) leloa aldarrikatzen du.
Amerikar kontinenteko estatu batzuetan, eskuin erradikala, eskuin populista edota eskuin muturra hauteskundeetan gero eta gehiago garaile ateratzen dira. Zabaldua den mezua segurtasun ezaren inguruan, erakunde tradizionalen ukatzean edota ultra-liberalismoan oinarritua da. Europan ere alderdi politiko batzuk propaganda hori zabaltzen dute, estatu batzuetan eskuin muturra boterean da, Europar Batasunean indarrean da.
Populazio parte batentzat eskuin muturra ez da hain beldurgarria, ez da gehiago deabruzkoa, normalizazio estrategian sartua da. Eskuin muturrak hiztegia nahitara leundu du, aitzinekoek zituzten adierazpen bazter-harrotzaileak alde batera utzi dira, demokraziaren kodeak erabiltzen dituzte “onargarri” agertzeko gisan. Alderdi eskuindar erradikalak ekarri gaiak, immigrazioa, segurtasun eza… eta identitate nazionala, beste alderdi politiko eskuindarrek ere mezu hori berenganatzen dute.
Eskuin muturra ez da marjinal gisa kontsideratua, baizik eta gobernu alderdi potentzial gisa. Krisi ekonomikoa dela eta, herritarren beharrak bazter utziak direla sentimenduari aurre egiteko, populazioaren zati gero eta handiago batek ez du eskuin muturra “arrisku” gisa ikusten, baizik eta alternatiba gisa alderdi tradizionalen ondoan.
Beharre historialariek eta eskubideen elkarteek azpimarratzen dute eskuin muturraren oinarrizko proiektu politikoa, nazionalismo esklusiboan eta xenofobian finkatua dela. Agintaritzan alderdi eskuin erradikala boterean delarik dira gerlak gertatzen. Gure hurbileko historia ez da ahantzi behar, herrialdeek jasan dituzten gerlak eta gaurko egunean munduan diren gatazkak gogoan ukan behar dira.
Herriak maila apalean pairatzen duenak frogatzen du, eskuin muturraren politikak ez duela deus onik. Kontutan har dezagun!




