Herriz Herri - Uztaritze (L) | 2026ko Urriaren 22a
Heriotze, Biltzar publiko, Bi kontzertu, Bixkotx saltze eta Musika ikastaldi
B. S.
Heriotze
Urriaren 13an azken egoitzara eramana izan da Solange Haristoy, Darlas sortua, 93 urtetan. Uztaritzen sortua, bere lan-bizia egin du saltegietan, lehenik hemen garai batean finkatua zen “Guyenne et Gascogne” saltegian, eta ondotik Baionan “Dames de France” izeneko saltegian kontularitzan lan eginez. Esposatua, bi haur ukan ditu, Sylvie alaba eta Philippe semea, Ordokia etxean biziz. Duela 12 urte alargundua zen, Paul senarra galdurik. Herrian eta parropian inplikatua zen eta ere urte askoz “Hospitalité Basco Béarnaise” erakundean, elbarrituak lagunduz Lurderat.
Semea apeztu zaio; honek dio ehorzketa-mezan mintzaldi bat zinez hunkigarria egin. Meza horretara jendalde gaitza bildu da, seme apeza inguratua zela diozesako 20 bat apezez. Doluminak doazkie hemendik ere doluan diren guziei.
Biltzar publiko
Joan den ortzegun arratsean Heraitzeko elbarrituen zentroan iragan da Ugecam erakundearekin eta Herriko Etxearekin biltzar publikoa, 80 entzulez goiti bildu dituena, gehienak heraiztarrak. Gaiak ziren Ugecam erakundearen proiektuen aurkezpena eta Heraitze plaza inguruaren berrantolaketa. Akitania mailan Ugecameko zuzendariak aurkeztu du eraiki behar liratekeen eraikuntzen itxura bat. Dioenez, beharrezko diren hiru eraikuntza horiek 13 milioi euro kostako dira, baina oraingoz diru horren hiruetarik bi falta ditu. Zer eginen duen horien erdiesteko ez da argi. Aitortu du mailegu bat eginez ondorio latzak izanen direla elbarrituen zentroaren funtzionamenduan. Ez dute asmatzen orain diren baino elbarritu gehiago errezibitzea. Aipatu du jauregia bera eta etxebizitzak egiteko lur-eremu batzuk saltzea. Etxegune berri batentzat bideak nondik eta nola moldatu ez da argi. Piero Rouget auzapezak, hitza hartuz, jakinarazi du jauregia bera eta plaza inguruko eraikuntza batzuk (hala nola oraingo eskola) babestuak direla eta ezin daitezkeela desegin. Ikusmena baldin badu ere Herriko Etxeak jauregian bereziki, ezin du oraino eros, izan dezakeen kapitalarengatik. Ugo Moulia eta Ximun Lastiri axuantek ere eman dute beren iritzia plazaren antolaketaz. Asko galdera izan da publikotik, ez denak egoerari egokiak. Ororen buru, oren bat eta erdi debatean ari izanik, ez da deus finkorik atera. Auzapezak aitortu du Heraitzeren geroa ez dela konponduko Ugecamekin elkarlanean baizik. Arriskua da oraino zenbait urte luze joanen direla. Geroak erranen.
Bi kontzertu
“Hegalak” elkarteak helburu bezala du hegalak ematea elbarrituen kirolari. Helburua diruztatzeko antolatzen du ortzirale honetan, 23an, kontzertu bat Jondoni Bixintxo elizan (19:30). Entzunen dira Josteta gizon-korua eta Julie Rouault andere gaztea, bide ederra daramana kantu sailean. Sartzea libre izanen da, bakoitzak bere eskaintza egin dezakeela.
Bigarren kontzertua heldu den igandean, 25ean, izanen da Arruntzako elizan (17:30). Entzunen dira lehenik “Baionako polifoniak” gizon-taldea eta ondotik Arraditz emazte-hirukotea. Sartzea libre izanen da hor ere, bakoitzak egin dezakeela bere eskaintza. Ongi etorri denei bi kontzertuetara.
Bixkotx saltze
Boubamed, etorkinez arduratzen den herriko elkarteak, antolatzen du heldu diren larunbat eta igande hauetan bixkotx-saltzea Uztaritzeko eta Larresoroko mezen ondotik, dirua baliatuko dela hemen diren etorkin batzuen laguntzeko. Elkarteak aitzinetik nahi ditu laguntzaileak eskertu.
Musika ikastaldi
Arruntzan finkatua den Musikas elkarteak antolatzen ditu ikastaldi batzuk. Larunbatean izanen da pandero-ikastaldia bi txandetan: hasiberrientzat (9:00) eta trebatuago direnentzat (10:00), nerabe eta helduei irekia. Astelehenean, 26an, ⅘ urteko haurrentzat musikari esnatzea izanen da (11:00-12:00). Asteazkenean egitarau bera izanen da haur ttikiagoentzat, gurasoek lagundurik (9:00-10:30). Argitasun gehiagorentzat elkartea deitu daiteke.





