Mundu zabalean | 2026ko Urriaren 22a

Troubles again? Nahasmenduak berriz?

A. B.

West Belfast eta Shankill auzoen artean dagoen pareta. (A. B.)
West%20Belfast%20eta%20Shankill%20auzoen%20artean%20dagoen%20pareta.%20(A.%20B.)

Laranja koloreko estola sorbalda gainean, batzuk bola kapelua buru gainean desfilatzeko prest daude. Dumcree, Portadown-Port an Dunain herriko auzo katolikoa zeharkatu nahi dute Laranjaren ordena protestantearen 30 bat kidek. Aitzinean giza harresia. 2.000 errepublikazalek ez dute onartzen probokaziotzat hartzen dutena. Irailak 27.

Unionisten desfileak

Azken 28 urte hauetan bake akordioen izpiritua zaintzeko asmoz martxak murriztu ziren hauen bururatzeko arauak gogortu ondoren. Baina aurten, Ipar Irlandako Desfileen batzordeak irailaren 27an protestanteek egin nahi zuten kalez kalekoa onartu zuen. Baldintza batekin: 30 lagunek baizik ez dezakete parte har, banderarik eta musikarik gabe. Erabakiaren aurkako auziaren karietara, Ipar Irlandako Goi auzitegiak martxa debekatu zuen. Baina Dei auzitegiak prozedura akats batengatik jujamendua hautsi zuen eta protestanteei manifestatzeko baimena eman zien. Onartezina auzo errepublikanoko biztanleei, desfilea bertatik iragan behar zenez. Garvaghy karrika blokeatu zuten. Tentsio handiko uneak izan ziren aspaldiko partez. Horren ondorioz, lau asteko intentsitate handiko tirabirak, kalean, auzitegietan eta Ipar Irlandako gobernukideen artean. 1998ko Ostiral Sainduko hitzarmena izenpetu zenetik krisi larriena.

Uztailaren 12an hasten ohi dira Laranja-zaleen desfileak zeintzuen bitartez 1690eko uztailaren 12an justuki, Irlandarren kontrako Orangeko Gillenek irabazi guduka ospatzen duten. Loialistentzako garaipen eguna. Errepublikanoentzako hauen zapalkuntzaren egun iluna.

Krisi politikoa

Bazterrak erabat nahasi ditu aferak. 1998ko hitzarmen politiko hauskorra ahuldu du. Sinn Féinn, Irlandako birbatzearen aldeko eta ezkertiarra den alderdiko Michelle O'Neill, Ipar Irlandako lehen ministroa, kontra manifestariekin egon zen Laranja-zaleen ibilaldia trabatzeko. Noski DUP, Alderdi Unionista Demokratikoko arduradunek gogor salatu zuten posizionamendu hori, desfilatzeko eskubideen zapuztea leporatu ziotelarik. Zuzenbide estatua zalantzan ematen zuela deitoratu zuen Gavin Robinson DUPeko buruzagiak. Gogoratu behar da Akordioen arabera Sinn Féin eta DUP alderdi nagusiek poderea partekatzen dutela. 2024tik Michelle O'Neill gobernu burua da, lehen aldikoz Sinn Féinn lehen indar politikoa izanik. Presidente ordea aldiz, Emma Little-Pengelly, DUPekoa.

Londresen gauzak arras serioski hartu dira. Andy Burnham lehen ministro britainiar laboristak kasik 30 urteotan emaniko aurrera pausoen garrantzia azpimarratu du eta ezin dela gibelera jo. Chris Bryant, Ipar Irlandako gaietarako ministroa Belfastera igorri du bi komunitateen arteko bitartekaritza eramateko. Mementoko alferrik. Laranja-zaleek ez dute amore ematen, martxa defendatzeko gero eta mehatxagarriagoak diren elgarretaratzeak biderkatuz, parean gero eta jende gehiago biltzen delarik, urriaren 14an bezela, 15.000 lagunekin.

Prozesio baten ibilbideak krisi politiko bat ekarri du. Urriaren 12an, Stormonteko legebiltzarrean, O'Neillen aurkako zentsura mozioa eztabaidatu zen. Unionistentzat Ipar Irlandako ministroarekiko konfiantza apurtuta dago. Horren birsortzeko denbora eta eginkariak beharko direla adierazi zuten. Debatea gogor izan zen. Azkenean mozioa ez da pasatu. Horrela izan ez balitz blokeo instituzionala erabatekoa zatekeen. Horren ondorioz, Londreseko Ipar Irlandako kudeaketa zuzena iragarria zen, iraganean gertatu bezala. Stormonteko legebiltzarrean, hipotesi hau gutik arriskatu nahi izan zuen.

Gatazka baten erro sakonak

Martxak, desfileak, prozesioak, unionistek zein errepublikanoek egin ohi zituzten Troubles edo nahasmendu deitu denboretan. Iraganeko jarduerak zirela zirudien baina... Orduko zauri larriek diraute: 3.000 hildako baino gehiago, 50.000 zauritu. Preseski Belfast-Béal Feirsteko hegoaldean dagoen Port an Dunaingo herriko erkide katoliko minoritarioak eraso larriak jasan zituen garai hartan. Katolikoen 21 erailketa sektario barne, 1972tik 1999 arte herri hartan! Horregatik oldartzen dira bertako biztanleak. Indarrean zegoen apartheiderako itzulera onartezina zaio komunitate errepublikanoari, nagusiki, katolikoa denari.

Nahiz auzo katoliko eta protestanteen artean kontrolgunerik gehiago ez dagoen, denboran eraikitako 50 bat horma gauez hesten dira oraindik ere. Muralek bi aldeen arteko amildegia azalarazten dute. Auzo errepublikanoetan, Palestina, Euskal Herria, Hego Afrika eta nazionalisten aldekoak. Auzo unionistetan, Israël, lehengo munduko gerla eta loialisten aldekoak. Auzo bakoitzean, biktimen oroitarriak, plakak, pintaketak. Bandera irlandarrak ala britainiarrak. Auzo protestanteetan, oinbideen bazterrak urdin xuri eta gorriz tindatuak.

Eta hain segur kezkagarriagoa, eskolak nagusiki protestanteak ala katolikoak direla. Eskola mistoak %10ak baizik ez dira. Etorkizun konpartitu baten eraikitzeko ez da bide egokiena. Ezen batzurentzat Ipar Irlanda dena besterentzat Irlandaren iparra den. Ez baita gauza bera.

Email Facebook Twitter LinkedIn

3854. zbk

Gure Hitza | 2026/10/22

Kontutan har dezagun!

Menane Oxandabaratz

Ipar Amerikan Herria astekariak dituen harpidedunek uztail hastapenez geroztik ez dute gure astekaria errezibitzen. Hori dela eta Postarekin harremanetan sartu eta, jakiten da beste kontinentera igorri egunkariak ez direla kazeta igortze gisa sailkatuak. Orain merkataritza industria bezala kontsideratuak dira, erran nahi baitu igortze gastua 1,20 euro ingururen ordez 5 eurotan dela. Milesker Trump jaun presidentea!

Ipar amerikar agintariaren politika zein nolakoa den gehienak jakinean gira. Donald Trumpen politika, nazionalismo ekonomikoan oinarritua da, nazioarteko erakundeekin akordiorik bilatu gabe, “America First” (lehenik Amerika) leloa aldarrikatzen du.

Amerikar kontinenteko estatu batzuetan, eskuin erradikala, eskuin populista edota eskuin muturra hauteskundeetan gero eta gehiago garaile ateratzen dira. Zabaldua den mezua segurtasun ezaren inguruan, erakunde tradizionalen ukatzean edota ultra-liberalismoan oinarritua da. Europan ere alderdi...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016