Herriz Herri - Baigorri (NB) | 2026ko Urriaren 22a

Heriotze, Mugaz gaindiko jardunaldia, Pilota, Kliska eta “Zaldi bat”

Eugiko egonaldia.
Eugiko%20egonaldia.

Heriotze

Augustin Bordako Janbattitt Espil pausatu da 91 urtetan. Asteazkenean ziren ehorzketak. Dolumin bizienak Marie Louise emazteari, Jean René, Christian, Roger semeei eta familia guziari.

Huguette Garces (Pereira Da Cunha sortua) Baigorriko erretreta-etxean zendu da 81 urtetan, joan den astean. Ehorzketako meza gure elizan iragan da eta Bigorre eskualdeko Pierrefitte herrian lurperatu dute. Doluminak familiari.

Mugaz gaindiko jardunaldia

Aro zirtzila izanik ere, mugaz gaindiko egunaldia ederki iragan da Eugin joan den ibiakoitzean, gure ibarreko jende andana baten parte-hartzearekin, Urepele, Aldude, Banka eta Baigorritik joanik, eta hauekin Esteribar, Erro eta Baztangoak. Joko, bazkari (Menditarrak taldeak alaiturik) eta musikaldi, denak giro biziki goxoan joan dira. Errepikatu beharko den besta-egun bat izan da.

Pilota

“Herriarena” eta “Maite Haran” trofeoak joan den aste hondarrean hasi dira Baigorriko trinketean.

Andereen palantxa lehiaketako emaitzak:

Haize Oçafrain-Housset 40 / Amestoy-Tehexa Oçafrain 26

Arrosagaray-Marisco 40 / Heguy-Naia Oçafrain 26

Esku-huska, gizonetan:

Etcheberria-Larre 40 / Mariluz-Etcheverry 30

Ziarrusta-Ugarte 40 / Teillery-Luro 22

Finalak igande goizean izanen dira (urriaren 25ean):

Palantxa: Oçafrain-Housset / Arrosagaray-Marisco (10:00)

Esku-huska: Etcheberria-Larre / Ziarrusta-Ugarte (11:00)

Ondotik bazkaria izanen da, 35 eurotan. Erreserbatzeko: 06 15 51 48 30.

Kliska

Argazki-festibala ibiakoitz eta igande hauetan (urriaren 24an eta 25ean) iraganen da Plaza Xokon. Argazkilari profesionalen eta margolari amaturren obrak erakutsiko dira. Izanen dira ere ibilaldiak, jokoak haur eta familientzat, tailer desberdinak, filmak, denak kitorik. Tailer eta ibilaldientzat hobe da izenak aitzinetik ematea CPIEri.

“Zaldi bat”

Urriaren 28an (asteazkenez), Maddi Ane Txoperena idazleak “Zaldi bat” liburua aurkeztuko du. Bere hirugarren eleberria da. Saran sortua, Lesakan bizi, Euskadi saria irabazi du obra horri esker. BOGA (Baigorri, Ortzaize, Garazi, Aldude) irakurle-taldeak du gomitatzen, Euskal Kultur Erakundearen laguntzarekin. Denak gomit gira, ez baldin badugu liburua leitua ere, irakurtzeko gogoa emanen baitigu Maddi Anek. Bixentan izanen da (19:00).

Email Facebook Twitter LinkedIn

3854. zbk

Gure Hitza | 2026/10/22

Kontutan har dezagun!

Menane Oxandabaratz

Ipar Amerikan Herria astekariak dituen harpidedunek uztail hastapenez geroztik ez dute gure astekaria errezibitzen. Hori dela eta Postarekin harremanetan sartu eta, jakiten da beste kontinentera igorri egunkariak ez direla kazeta igortze gisa sailkatuak. Orain merkataritza industria bezala kontsideratuak dira, erran nahi baitu igortze gastua 1,20 euro ingururen ordez 5 eurotan dela. Milesker Trump jaun presidentea!

Ipar amerikar agintariaren politika zein nolakoa den gehienak jakinean gira. Donald Trumpen politika, nazionalismo ekonomikoan oinarritua da, nazioarteko erakundeekin akordiorik bilatu gabe, “America First” (lehenik Amerika) leloa aldarrikatzen du.

Amerikar kontinenteko estatu batzuetan, eskuin erradikala, eskuin populista edota eskuin muturra hauteskundeetan gero eta gehiago garaile ateratzen dira. Zabaldua den mezua segurtasun ezaren inguruan, erakunde tradizionalen ukatzean edota ultra-liberalismoan oinarritua da. Europan ere alderdi...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016