Gogoa hazi | 2026ko Urriaren 22a

Etxea sutan

Johanes Bordazahar

Burkina Fason, Jende Zintzoen Aberrian, nonbait, herrixka urrundu batean kontatzen da alegia hau. Irudika ezazue zurezko etxola, lastoz estalia. Atetik ikusten da, sukaldean, adineko anderea mato luzea eskutan, suaren gainean daukan pertzaren barneko ahia nahasten ari. Etxolaren lastozko estalkian, ordea, bi sugandila*, aztaparka, ausikika, kalapita gorrian ari dira. Teilatuko zalapartak andereak ez ditu entzuten.

Aharrak iratzarrik, etxeko xakurra badoa bazterrez-bazter deika:

  • Jende onak zatozte, bi sugandila joka ari dira, lehenbailehen behar ditugu geldiarazi... Ez da nehor mugitzen.
  • Nihaur joanen nauk, sugandilen bereiztera!

Bien artean emanik, saiatzen da borrokalarien bereizten. Hainbat gaizto! Muturra odoletan, agudo lekutu da.

Baina xakurra xakur, zaindari leial. “Oilarra deituko diat. Kasta noblekoa duk.” Oilarra handi mandi, kukurusta gorri, ez da mugitzen. Frantziatik etorria. Bai eiki, errepublikarra! ‘Cocorico’ kantari bikaina. Aita bi aldiz munduko txapeldun izana.

  • Ez dira ene aferak!

Xakurra ez da etsitzen. Norbait deitzekotan hor du etorri berria zezen gaztea: ‘Caztasño’. Guadalquivir ganaderia kastakoa, baliente, noblea indartsua, bere estantzian jaun eta jabe: grande y libre.

  • Castaño, zatoz, sugandilak borroka gorrian ari dira, bereizi behar ditugu.
  • Me da un bledo! Que se arreglen solos!

“Nor deitu besterik? Hantxe, Bõanga, asto zaharra! Bakegile zuhurra”.

  • Bõanga! Haugi! Bi sugandila elgar larrutzen ari zaizkiguk. Gatazka behar diagu

geldiarazi.

  • Bakea eta bi sos! Beute! Bizkarra minbera diat!


Borroka gorrian, sugandilek lastozko hegaztegia zilatu eta, lasto zarpak ari dira suaren gainera erortzen. Kearekin andere xaharrak, itolarrian, ez dezake ezer ikus. Laster, etxola guzia sutan da.

Jendea, etorri da, bizkor, suaren itzaltzera. Astoa, makilukaldika, behartu dute putzura joan-jinak egitera, bizkarra upelez eta ontziz kargaturik. Debaldetan. Azkenean etxola erre da eta andere xaharra keak ito.


Afrikan, ohikoa den bezala, adin ederreko pertsona zendu delarik herri guziak parte hartzen du ehorzketetako bestan.


Horretarako oilarra labean errerik eta Castaño gaztea gerreñan, hein hoberenean zigorturik, biak jan dituzte. Astoa zokoratua, auhenka, bizkarretik minez. Xakurra joan zaio bisitaz.

  • Bõanga! Ikusi duk, zer agitu zaizuen oilarra, zezena eta hiri? Gure artean liskar bat sortzen deneko, behar dik berehala konpondu; bertzela, sua bezala zabaltzen duk eta ezbeharrak denak suntsitzen ditik.
  • Hi ere, Bõanga, lehenago mugitu bahintz sugandilentzat, ez hintzateke bizkarretik minez etzanik egotera kondenatua izanen.


*Margouillat: Agama-agama, jatorrizko mintzairan.



Email Facebook Twitter LinkedIn

3854. zbk

Gure Hitza | 2026/10/22

Kontutan har dezagun!

Menane Oxandabaratz

Ipar Amerikan Herria astekariak dituen harpidedunek uztail hastapenez geroztik ez dute gure astekaria errezibitzen. Hori dela eta Postarekin harremanetan sartu eta, jakiten da beste kontinentera igorri egunkariak ez direla kazeta igortze gisa sailkatuak. Orain merkataritza industria bezala kontsideratuak dira, erran nahi baitu igortze gastua 1,20 euro ingururen ordez 5 eurotan dela. Milesker Trump jaun presidentea!

Ipar amerikar agintariaren politika zein nolakoa den gehienak jakinean gira. Donald Trumpen politika, nazionalismo ekonomikoan oinarritua da, nazioarteko erakundeekin akordiorik bilatu gabe, “America First” (lehenik Amerika) leloa aldarrikatzen du.

Amerikar kontinenteko estatu batzuetan, eskuin erradikala, eskuin populista edota eskuin muturra hauteskundeetan gero eta gehiago garaile ateratzen dira. Zabaldua den mezua segurtasun ezaren inguruan, erakunde tradizionalen ukatzean edota ultra-liberalismoan oinarritua da. Europan ere alderdi...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016