Herriz Herri - Urruña (L) | 2026ko Urriaren 22a
Gau Beltzaren egitaraua, Adixkideak elkartearen programazioa, Janari-hondakinen bilketa, Joko-bilketa, Asteroko merkatua, Ibilaldia mugan barna eta Dongaitz trinketak 110 urte
Gau Beltzaren egitaraua
Aurten, laugarren aldiz, Berttolik, Airoskik, Haziak eta Bixintxoko besta komiteak, Herriko Etxearen laguntzaz, Gau Beltzaren laugarren edizioa antolatu dute urriaren 31rako, larunbatez. Gau Beltza Euskal Herriko usaia zaharra da, uzta bildu ondoko garaiarekin eta neguaren etorrerarekin lotua; hildakoen oroimena eta bizien eta hildakoen arteko lotura ditu ardatz. Urruñan, Gau Beltzaren ospakizunak ohitura horiek biziaraztea du helburu, euskararen eta euskal kulturaren transmisioa sustatuz, belaunaldi guztiak elkartzen dituen hitzordu herrikoi baten bidez.
Plazako liburu-dendan, Gau Beltzari buruzko ipuin-kontaketak izanen dira Zernahi elkartearekin (15:00). Era guztietako tailerrak eta jokoak izanen dira René Soubelet plazan (16:00). Daniela Albizu plazan, Jose, Sebas eta Kiki Bordaren dantzaldi parte-hartzailea izanen da (18:30). Su-meta izanen da R. Soubelet plazan: Ttukutun txalaparta, Tximi-txama haur-abesbatza eta mutxikoak (20:00). D. Albizu plazan, Burrunkaren “Lurraren Zainak” ikusgarria izanen da (21:00). Oharra: arratsalde osoan zehar, plazan berean ostatu ttiki bat egonen da jan-edatekoak saltzen.
Adixkideak elkartearen programazioa
Adixkideak elkarteak 2026-2027 denboraldirako jarduera eta ikastaro programa zabala eskaintzen du. Denboraldia 2026ko irailaren 14tik 2027ko ekainaren 26ra luzatuko da.
Ekitaldi eta ikastaro nagusiak:
Musika eta kultura: Musika-tresnen irakaskuntza, ikasleen emanaldiak eta antzerkia.
Dantzak: Euskal dantzak (mutxikoak barne) eta koreografia modernoak.
Arte martzialak eta kirola. Karatea, Tai Chi, gimnastika eta erlaxazio-jarduerak.
Sasoiko bestak. Urte amaieran (ekainean) ikasle eta irakasleen ikuskizunekin osatutako elkartearen festa handia ospatuko da.
Baldintzak eta prezioak (2026-2027): ikastaroetan parte hartu ahal izateko, nahitaezkoa da elkarteko kide egitea eta urteko txartela ordaintzea: helduendako 27 euro eta haurrendako 10 euro.
Janari-hondakinen bilketa
Urriaren 5etik aitzina, Urruña, Ziburu, Hendaia eta Donibane Lohizuneko biztanle gehien dituzten etxebizitza kolektiboetako herritarrei (hiri barnean izan ezik) elikagai-hondakinen bilketa egitea proposatuko zaie. Eginbehar hori betetzeko, Euskal Elkargoak jadaneko plantan ezarri ditu bizileku mota ezberdinetara egokitutako hainbat edukiontzi.
Hemendik aitzina, bereizitako bilketa eginen da, batez ere, bizileku kolektibo trinkoko guneetan, eta janari-hondakinak etxetik hurbil dauden edukiontzietan uzteko parada izanen dugu. Ondotik, hondakin horiek bildu eta konpost bilakatuko dira Xiberoan, Sarrikotapeko zentro berezi batean. Familia bakoitzak zego bat galdetu ahal izanen du, urririk, bere janari-hondakinak bereizteko. Zegoak tarteka hustu beharko dira, horretarako bizitokien inguruetan ezarriak izanen diren edukiontzi marroietan.
Joko-bilketa
Urte bukaerako Eguberriko besten karietara Urruñako herriak joko-bilketa antolatu du. Ekintza hau 2026ko urriaren 12tik, astelehenarekin, azaroaren 13ra, ostiralarekin, iraganen da. Eman nahi dituzun jokoak ondoko lekuetan utz ditzakezu: herriko eskola guztietan, haurtzaindegietan eta Herriko Etxeko harreran.
Adin guztiendako egokiak diren jokoak eman daitezke, garbiak, osorik eta egoera onean baldin badira: mahai-jokoak, ernatze-jokoak, eraikitzeko jokoak, panpinak eta iruditxoak, auto ttikiak, haur-liburuak, pelutxeak… Abenduaren 19an, larunbatez, Eguberriko Merkatuaren kari, Jostailu Azokan, banatuko dira bertara hurbilduko diren haurren artean.
Asteroko merkatua
Asteazkenero, urri osoan eta azaroaren 4a arte, bertako ekoizle eta saltzaileak bilduko dira, Presaburun, Osasuna farmaziaren aparkalekuan, eskualdeko ekoizpenak eskaintzeko (8:00-13:00).
Ibilaldia mugan barna
Urriaren 27an, asteartez, ibilaldi gidatua izanen da Urruñak Berarekin duen mugari jarraituz, eta mugarriak bisitatuz. Parada ederra izanen da Urruñako historia eta nortasuna hurbiletik ezagutzeko. Abiatzea: Ibardingo lepoan. Informazioa: Turismo Bulegoan.
Dongaitz trinketak 110 urte
Urriaren 17an, larunbatez, Dongaitz trinketak 110. urteurrena ospatu zuen, mus-lehiaketa, bazkaria eta eskuzko pilota-partida ederra antolatuz. Eguna bukatzeko, Arratsa Kantuz izan zen, Kuxkuxtu txarangarekin eta Errotakan taldearekin ongi girotuta.





