Orotarik | 2026ko Urriaren 22a
Kukumarro
Xarles Videgain
Arotza 2
Bestorduz, arotzak munduan izan duen ospea, itzala aipatu nuen eta ofizio horrek han hemenka dituen izenen multzoa izanen da oraingo gure gaia. Arotzak, Iparraldean eta Nafarroako parte handi batean burdina sutegitik moldatzeko ideki ondoan, nahi duen moldean ezartzeko arras hoztera ez du uzten. Arte berezia badauka.
Haroztegi bezala, arotz hitza zaharra da, 1103an dokumentu batean atzematen da. Arotza Bizkaian eta Gipuzkoan gure zurgina edo maiasturua da. Ez Nafarroan, kantuak erakusten baitu zertan ari den Iturengo arotza: Erramun Joakin, / asarre omen zaude zeren dugun jakin / Santurik ez laiteke fiatu zurekin: / San Kristobal urtuta joaliak egin. Dudarik gabe metala du lantzen arotz honek. Arotz hitzaren erranahia dela eta, Boudak dio zerbait egiten ari dela arotza eta arotz ez ote den ‘ARI denaren’ izena pentsatzen du. Ez dakit egia den baina ondoko lerroetan latinezko FABER agertuko baita, hura ere ‘ari dena’, ‘egiten ari dena’ da.
Badira arotzaz trufatzen diren errateko manerak: Arotzaren etxean kapitxaleak zurez. Eta arotxa deitzen zen, ez arotza, etxez etxe ibilki zen langilea, bereziki besteen ziloak tapatzen eta nik uste ‘kauter’ deitzen dira Zuberoko maskaradetan; gehienetan gaskoiez mintzo ziren. Arotxa hitz horrek ez du konplimendu itxurarik.
Bestalde nonbait irakurri dut: Arozgoan ariz egiten da arotz. Baina nago ez ote den frantsesetik kopiatua.
Beste xehetasun ttipi bat: ‘arotz’ deitzen dira okilo motako xori batzuk. Ez Iparraldean haatik. Bitxi da ezen okiloak zura zilatzen baitu. Agian esplikatzen ahal da okilo hori zergatik arotz deitzen den; ezen preseski gazteleraz ‘carpintero’ deitzen baita, hots zurgin edo maiasturu. Bizkaian eta Gipuzkoan ‘errementari’ hitza zabaldua da eta arotza bezala jende izena da ere. Ageri da latinetik heldu dela, ‘ferramenta’ eta ‘ferramentum’ hitzetatik, hots ‘ferrum’ hitzetik eta dudarik gabe ‘burdin’ adierazten du. 18. mendean agertzen da ‘errementari’ hitza. Erran dezagun burdina lantzeko lekua ‘ola’ edo ‘olha’ deitzen dela. Ez dut zilatu zergatik egungo egunean ez den ‘olagizon’ hitza erraten. Aldiz, gipuzkeraz bereziki, gaztelerazko ‘herrero’hitza hartua izan da euskaraz eta arotza ‘errero’ deitzen da.
Mintzatzeko manera bat da hartaz trufatzeko arotzaz bezala. Errementariaren etxean zotza burduntzi, burduntzi baita gerrena, ontsalaz zotzez edo zurez egina ez dena.
Euskaraz beraz bi hitz nagusi badira ofizio bakar baten inguruan: ‘arotz’ eta ‘errementari’. Baina kasua ez da arraroa, latinetik jin auzoko mintzairetan gauza bera gertatu dela erakutsi baitu Jean-Philippe Dalbéra adituak.
Latinez bazen beraz ala zura ala burdina lantzen zuen ofizioa. Preseski latinez bazen Faber Ferrarius ofizioa eta horrek burdina fabrikatzen edo lantzen zuen. Bi hitzetan beraz: Faber eta Ferrarius. Baina faber hitza soil soilik erabiltzen ahal zen noski eta harek bazuen erran nahi zabalagoa: ‘egitea’, ‘fabrikatzea’, ‘moldatzea’ erran nahi zuen, ekai gogorrak lantzen zituena faber zen, lantzen zuen ekai hura metala, harria ala egurra izan zedin. Diferentziaren egiteko beste izen bat ondotik heldu zen, hala nola Faber Tignarius zehazki zurginaren deitzeko, eta Faber Aerarius brontzea urtzen zuenaren deitzeko zen.
Beti ere, emeki emeki faber ferrarius hitz-segida bitan puskatua izan da eta bi izenak, bakoitza bere alde, zabaldu ziren Europan latinetik heldu diren mintzairetan eta parte batez ere euskaraz, errementari dela lekuko.
Alde batetik, faber hitzak fabrika eman du eta forge, fragua, arotzaren lan lekua deitzeko. Hortik jende izenak, Lefebre, Lefebvre, Faivre, Lefèvre, Fabre, Faur, Haure. Ikus Faure karrika Baionan, gaskoizko hitza, han altzairuzko baioneta famatuak egiten zituzten. Ezagunak ere Hargue, Hargous, Lahargue Lahargou, Lahorgue, Laforgue, Haurie, Lahaurie, arozgoari lotuak. Gaskoiez ere trufatzen da ‘haure’ haietaz: Arotz, arotz, arotz ttipia, burdina baduelarik ikatzik ez, ikatza baduelarik burdinik ez, arotz gaizoa zer infernua! Faber eta sortarazi dituen hitzak utz ditzagun. Bigarrenekorik Ferrarius hitzak ere bere bidea eman du eta beste multzo bat sortu da, hala nola, herrero gazteleraz, ferrari italieraz, ferrier, herradou, okzitanieraz eta errementaria euskaraz.
Izan da beste oinarri bat, markskalk hitza: mark zaldia da, eta skalk, baileta, mutila. Baina euskaraz marexal hitza ez da erabiltzen arotzaren deitzeko, kabalak zaintzen dituena da iparraldeko marexala.
Luzaz baina lasterka horra beraz arotz hitzaren istorioa. Hurbilagotik so egin behar liteke zer gertatu den euskaraz; zergatik ote arotz hitz bera bi eremutan bi zentzu diferentetan hedatu da euskararen eremu ttipian?
Azken hitza arotzak izan dezakeen urguiluaz eta harrotasunaz. Larraineko Pierre Iriart deitu lagunak hauxe kontatu zuen herriko errientari Cerquanden denboran. Arotz batek bere borta-buruan ezarri zituen ondoko hitzak: ’Heben da ferrazaleen nausia’ (ferrazale dio, eta ez arotz). Jesu Kristo hantik igan zen eta bera zela arotzik hoberena erran zuen. Zamari baten aztaparrak aizkora ukaldiz moztu zituen, estokan tinkatu, ferratu eta berriz aztapar bakoitza bere lekuan lotarazi. Bistan da, arotzak gauza bera egin nahi izan zuen. Moztu aztaparrak ezin zituen berriz lotu eta Jesu Kristok lotu zituen haren ordez, erranez: ‘Bestaldean ez ezar halako hitzik zure borta-buruan’.





